Angela Merkelek berriro nein esan du. Merkatuak Espainia benetako erreskate batera bultzatzen ari direla, Alemaniako gobernuburuak ezezkoa eman dio bazkideek egiten dizkioten bi eskari nagusiei: eurobonuei eta bankuetako gordailu bateratuari. Krisiarentzat «mirarizko irtenbiderik» ez dagoela esan du Merkelek, eta Alemaniak ez duela nahiko «indarrik» EB osoaren arazoak bere gain hartzeko.
Errepikapenaren errepikapenaz, ohiko egin diren lerroburuekin esnatu zen atzo Espainiako Gobernua: arrisku saria euroaren garaiko mailarik gorenera iritsi zen, 550 puntura. Oraingoan, gainera, %7ko interesa ukitu zuen Espainiaren hamar urteko bonuak; muga arriskutsua da hori; «denbora luzean jasanezina», Luis de Guindos Espainiako Ekonomia ministroak aitortu duenez. Greziak eta Portugalek %8,5ekin eskatu zuten erreskatea, eta %8,1ekin Irlandak. Eguna 543 puntuko arrisku sariarekin bukatu zuen: %6,916ko interesean.
Igoera horretan zerikusia izan zuen bezperan Moody's rating agentziak hartutako erabakia. Hiru maila jaitsi zuen Espainiaren kalifikazioa, eta Baa3 mailan utzi zuen; ia-ia zabor bonuaren parean, alegia. Halako maila kaskarreko zorrik ezin dute izan hainbat inbertsiogilek —pentsio funtsek, esaterako—, eta Espainiaren zorra gainetik kentzeko joera bizkortu zuten. Horregatik garestitu zen Espainiaren arrisku saria, eta horregatik pagatu beharko du gehiago bere zorraren truke datorren astean finantza merkatuetara itzultzen denean.
Merkatuen kezken artean Espainia baino maila bat beherago badago ere, Italia ere igartzen ari da presioa. Asteazkenean bezalaxe, askoz interes handiagoak eskaini behar izan zituen atzoko enkantean: hiru urteko zorra %3,9tik %5,3ra igo da, eta zazpi eta zortzi urteko bonuen truke %6,1etik gora pagatu beharko du. Zama handia da hori inoizko zorrik handiena pilatu duen estatu batentzat (1,948 bilioi euro). Bankuak hondoratzen dituen etxebizitza burbuila puzturik ez izatea alde, eta hazkunde anemikoa, berriz, kontra.
Merkel: kritika Espainiari
Merkatuak inork lasaitzekotan, Alemaniak lasaituko ditu, haren esku baitago euroak beharrezkotzat jotzen diren erreformak indarrean jartzea. Baina Berlingo gobernua bere erritmoan doa, hein batean pentsatzen duelako merkatuek periferiako herrialdeei ematen dieten zigorra merezitakoa dela. Atzo, Bundestagen, Merkelek garbi esan zuen oraingo krisia Espainiak oparotasun garaian izandako politika ekonomiko «arduragabearen» ondorio dela.
Espainiaren eta Italiaren estutasunak —eta Greziak euroan jarraitzeari buruzko zalantzek— eurogune osoko ekonomiari kalte egiten diotenez, hilaren 28ko eta 29ko goi bileran neurri erabakigarriak hartzea premiazkoa dela esan zuen asteazkenean Jose Manuel Durao Barrosok, Europako Batzordeko presidenteak. Alemaniari buruz ari zen, eta berehala jaso du Merkelen erantzuna:«Alemania indartsua da. Alemania da Europaren ekonomiaren motorra eta egonkortasunaren aingura. Alemania botere hori jartzen ari da herritarren ongizatearen mesedetan, Alemanian ez ezik, baita Europaren batasunaren eta munduko ekonomiaren mesedetan. Baina badakigu Alemaniaren indarra ez dela amaiezina». Beste hitz batzuetan esanda, Alemaniari ezin zaiola gainontzeko estatu kideen zorra edo gordailuak bermatzeko, zama handiegia delako eta haren egonkortasun preziatua kolokan jarriko lukeelako.
Horren ordez, luzera begirako bideari eusten dio Merkelek. Banku sistemen batasuna eskatzen diotenen aurrean «batasun fiskala» bultzatzen ari da Alemania, hau da, urratsez urrats euroaren eremuko kideek beren aurrekontu eta zerga politikak bateratzea, euroa denbora luzerako proiektua dela ziurtatzeko. Neurri horien beharra ukatu gabe, horiek indarrean jarri arte Espainiak, Italiak edo euroak berak iraungo ote duten kolokan dago, ordea.
Halaber, Alemaniak baztertu egiten du bi erreskate funtsei—EFSF eta ESM— ahalmena ematea bankuak zuzenean finantzatzeko, estatuen bitartekaritzarik gabe. Eskaera horrekin bat egin du azken egunotan Frantziak.
Krisia eurogunean. EBren erantzuna
Espainia inoiz baino estuago egonda ere, Merkelek ezetz esan die bazkideen eskaerei
Kantzilerrak ohartarazi du Alemaniak ez duela nahiko indarrik EB osoaren arazoak bere gain hartzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu