Espainiak 100.000 euro bermatuko ditu bankuetan

Europako Batasunak 50.000 euroan finkatu du gutxienez segurtatu beharreko aurrezkia, eta Frantziak 70.000 euroan mantendu du

Miren Garate.
2008ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Banku edo aurrezki kutxa batek porrot egiten badu, bezeroek erakunde horretan duten dirutik gutxienez 50.000 euro beti berreskuratuko dituzte. Europako Batasuneko Ekonomia ministroek gordailuen bermea igotzea adostu zuten atzo --lehen 20.000 euroan zegoen gutxieneko muga--. Hainbat herrialdek, ordea, hortik gora ere segurtatuko dute. Espainiak, esaterako, 100.000 euro arte, eta Frantziak, 70.000 euro arte.

Herritarrak lasaitzea da helburua, finantza erakunderen batek porrot eginez gero, bere diruarekin zer gertatuko den beldur baita jendea. «Berme honekin herritarrak ikusiko dute beren aurrezkiak salbu daudela», esan du Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak.

Gordailuen bermea handitzeaz gain, beste neurri bat ere onartu du Espainiako Gobernuak. 30.000 milioi euroko funtsa sortu du finantza erakundeei aktiboak erosteko, eta kopurua 50.000 milioi euro arte ere handitu ahal izango da. Era horretan, enpresei eta herritarrei mailegu gehiago ematea nahi du.

AEBek ez bezala, aktibo osasuntsuak soilik erosiko ditu Espainiak. «Helburua ez da finantza erakundeen fidagarritasun arazoak konpontzea, enpresek eta herritarrek dituzten finantzaketa arazoak konpontzea baizik; beraz, kalitate handieneko aktiboak bakarrik erosiko ditugu», azaldu du Zapaterok.Haren esanetan, gaur egungo arazo nagusia likidezia falta da, eta neurriak prebentzio gisa balioko du.

Funtsa finantza sistema bere onera etorri artean soilik egongo da indarrean. Espainiako presidenteak adierazi duenez, ez du defizit publikoa areagotuko, altxor publikoa egingo baita haren kargu. «Mailegu hau emateko gai gara, azken urteotan zorra arrazoizko neurrietan mantendu dugulako», gaineratu du.

Frantziak, orain arte bezala, bankuan dirua duenari 70.000 euro segurtatzen segituko du. Beste herrialde batzuek baino kopuru txikiagoa izan arren, herritarren diru guztia erabat bermatuta dagoela esan du François Fillon Frantziako lehen ministroak. «Bankuen porrot guztiak ekidingo ditugu, eta hori gordailuak bermatzea baino aukera hobea da», adierazi du. Haren hitzetan, banku batek zailtasunak dituenean Estatuak hartuko du haren kontrola, zuzendariak ordezkatuko ditu, eta egoera hobetu ostean berriro salduko du.

NDF, haserre

Irlanda izan zen, aurreko astean, gordailuen bermea handitu zuen Europako Batasuneko aurreneko herrialdea. Bi urtean hango gordailu guzti-guztiak bermatzea erabaki zuen. Gainerako herrialdeek ez zuten begi onez ikusi erabakia, jendeak aurrezkiak hara eramango zituen beldur zirelako. Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak, esaterako, gogor gaitzetsi zuen Irlandaren jokabidea larunbatean. Igandean, ordea, beraiek gauza bera egin zuten, eta atzetik beste hainbat herrialdek: Greziak, Portugalek, Suediak....

Hain zuzen, Nazioarteko Diru Funtsari (NDF) ez zaio gustatu herrialde bakoitzak bere kabuz jokatu izana. Gordailuen bermea handitzea baino gehiago egiteko eskatu die. «Ezinbestekoa da Europako herrialde guztien arteko koordinazioa hobetzea», esan du Jaime Caruana NDFeko finantza gaietako buruak.

Haren arabera, egoera «berezia» da eta neurriek ere sendoagoak izan behar dute. «Oinarri sendoak» dituzten erakundeetan diru publikoa sartzea etagobernuek bideragarriak ez diren bankuak desegitea proposatu du.Era berean, estatuek «kutsatutako tituluak» erostearen aldekoa da Caruana.



«Porrot guztiakekidingo ditugu eta hori gordailuak bermatzea baino aukera hobea da»

François fillon
Frantziako lehen ministroa




Gordailuen bermea

FUNTZIONAMENDUA

Zer da? Banku batek hondoa jotzen badu, edo ordainketak eteten baditu, haren bezeroei dirua itzultzeko sortu zen gordailuak bermatzeko funtsa. Hiru motatakoak daude: bankuentzakoa, aurrezki kutxentzakoa eta kreditu kooperatibentzakoa.

Zenbateraino bermatzen du? Europako Batasunak gutxieneko kopuru bat du finkatuta: atzora arte 20.000 euro finantza erakunde eta bezeroko; atzotik, 50.000 euro. Herrialde bakoitza, ordea, libre da kopuru hori baino gehiago segurtatzeko.Hain zuzen, herrialde gehienek gehiagobermatzen dute, batzuek diru guztia ere bai.

Zer gertatzen da gainerakoarekin? Auzibidea hasi beharko du erakundeko bezeroak dirua berreskuratzeko.

Zer ez du bermatzen? Inbertsioen balio galera. Burtsak behera egin duelako edo antzeko arrazoiren batengatik bezeroak dirua galduz gero, gordailuen bermerako funtsak ez du erantzukizunik hartzen.

Nondik ateratzen da dirua? Finantza erakundeek urtean behin funts horretara dirua bideratzeko betebeharra dute.

Zenbat diru ematen dute? Bankuek, bezeroen gordailuen %0,06,eta aurrezki kutxek, %0,04. Espainian, gaur egun, 7.000 milioi euro daude funtsean.

Zenbat denbora pasatzen da dirua berreskuratu arte? Erakundeak ondoa jotzen duenetik, hiru hilabete.

Zer ondorio ditu bermea igotzeak? Diru gehiago segurtatzen denez, finantza erakundeak gehiago ordaindu behar du, eta, ondorioz, baita haren bezeroak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.