Europako Batzordeak eman dizkion defizitaren bi hamarretako bat —%6,3tik %6,5era—autonomia erkidegoen esku uztea erabaki du Espainiako Gobernuak, gaur Antonio Beteta Administrazio Publikoetako Estatu idazkariak iragarri zuenez. Horrenbestez, erkidegoek %1,3ko defizita izango dute aurten, aurretik Madrilek Bruselari bidalitako planean azaltzen zen %1,2koaren gainetik. Hori, baina, defizit orokorra izango da, hamazazpien artean gehienez aurten egin ahal izango duten zuloa (13.000 milioi euro inguru). Defizit hori zehazki nola banatuko den gaur jakinaraziko die Cristobal Montoro Ogasun eta Administrazio Publikoetako gobernuak, Zerga eta Finantza Politikako Kontseiluan.
Gatazka handia espero da gaurko bileran. Madrilek banaketa asimetrikoa egiten badu —eta hala egingo duela iragarri du—, iaz defizita gehien jaitsi zutenetako batzuk protesta biziak egingo dituzte. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ere defizit muga berdina eskatu dute erkidego guztientzat. Defizitaren hamarren bakoitzak beste 16 milioi gastatzeko aukera ematen dio Nafarroako Gobernuari, eta 65 milioi ingurukoa Eusko Jaurlaritzari.
Asimetria eskatzen dutenak ere —Katalunia, Andaluzia eta Valentzia, handien artean— izan ditzakete haserre egoteko arrazoiak, baldin eta Espainiak ez badie %1,3ko muga orokorretik nabarmen gorago desbideratzen uzten. Beste eztabaidagai bat izango dute mahai gainean, dagoeneko ika-mika handiak eragin dituena: administrazio publikoaren erreforma, bikoiztasunak eragozteko.
Iaz %1,5eko defizit muga izan zuten erkidegoek, eta nahiko larri gainditu zuten azterketa EAEk eta Nafarroak. Aurten, hasiera batean %0,7ko defizitaren muga ezarri zien Madrilek, baina geroago %1,2ra igo zuen, ikusita EBk %4,3tik %6,3ra igo ziola bere muga orokorra. Azkenean, bere BPGaren %6,5ko desbideraketa izateko baimena emango dio EBk Espainiari. Erabaki ofiziala uztailean iritsiko da.