Espainiak 280.000 milioi eskatu behar dituela ukatu dute Zapaterok eta NDFk

Greziako krisia hedatzeko arriskuak burtsak erorarazi ditu, eta iazko apirileko mailara apaldu du euroa

Iker Aranburu.
2010eko maiatzaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Nazioarteko merkatuak lasaitzeko estrategiak huts egiten ari dira. NDF Nazioarteko Diru Funtsak eta Europako Batasunak Greziari zorra pagatzen laguntzeak ez ditu, oraingoz, espektatibak bete, eta herrialde hark eragin dezakeen domino efektuaren beldurra hedatzen ari dira inbertsiogileak. Azken biktima Espainia da; zurrumurru baten arabera, 280.000 milioi euro eskatuko baitizkie nazioarteko erakundeei. Informazio hori «neurrigabeko astakeria» dela esan du Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuak, eta NDFk ere ukatu egin du.

«Ezin dut sinistu. Ezin dut sinistu», ziurtatu zuen Rodriguez Zapaterok, Bruselan zegoela. Zurrumurrua «sekulako erokeria» dela uste du Zapaterok, eta salatu egin du halako espekulazioek oso ondorio «larriak» dituztela, burtsa erorarazten dutelako eta Espainiaren zor publikoaren interes tasa igotzen dutelako.

Zapaterok ukatu egin du Espainiak nazioarteko laguntza behar izango duela bere zorrari aurre egiteko, eta gogorarazi du Europako Batasunaren batez besteko zorraren hogei puntu azpitik dagoela. Espainiako finantza sektorearen egoerari buruzko «funtsik gabeko iritziak» ere baztertu ditu. Espainiako kontu publikoen egoera txarrari buruzko hainbat artikulu kaleratu zituzten atzo ospe handiko egunkariek, eta gogorarazi zuten %11,2ko defizit publikoarekin bukatu zuela iaz.

Euroguneari buruzko mesfidantza bizkor hedatu zen atzo. Euroaren truke tasa ofiziala1,3089 dolarrean finkatu zuen Europako Banku Zentralak, mailarik txikiena iazko apirilaz geroztik. Europa osoko burtsak jaitsi ziren, baina askoz gehiago Atenaskoa (-%6,7) eta Madrilgoa(-%5,4).

Greba eguna gaur Grezian

Greziari buruzko zalantzak ere ez dira uxatu. Wolfgang Schaueble Alemaniako Finantza ministroa eta Josef Ackermann Deutsche Bankeko burua batera azaldu ziren atzo prentsaurrekora, eta esan zuten Alemaniako banku pribatuek aurrerantzean ere dirua utziko dietela Greziako Estatuari eta hango bankuei. Baina horrek ekar zezakeen lasaitasuna uxatu zuen Schauebleren gobernukide batek, Rainer Bruederle Ekonomia ministroak. Haren ustez, Greziak jasoko dituen 110.000 milioi euro horiek ez dira nahikoa izango hurrengo hiru urteotako diru beharrak asebetetzeko.

Grezian bertan, laguntza hori emateko NDFk eta Europako Batasunak inposatutako neurri zorrotzek hirugarren greba eguna eragingo dute gaur. Neurriek «gizartearen tolerantziaren muga gainditu dute, eta inork ez daki zer gertatuko den aurrerantzean», ohartarazi du Spiros Papaspiros Adedy funtzionarioen sindikatuko buruak.

Langile publikoek atzo hasi zuten greba. Jarraipen zabala izan zuen, hezkuntzan batez ere, eta aire garraioari ere eragin zion. Atenasko erdialdean milaka erretiratu, funtzionario eta irakasle elkartu ziren, Gobernuari atzera egiteko eskatzeko.

Europan kalifikazio agentzia propioa sortzea aztertuko du Bruselak

Greziaren zorraren krisiak berriro agerian utzi du kalifikazio agentzia nagusiek duten eragina, herrialde baten zorraren rating-a jaisteak pagatu beharreko interesak automatikoki igotzen dituelako. Sektorea hiru agentzia nagusitan bilduta edukitzeak eta hirurak -Standard & Poor's, Moody's eta Fitch- AEBetakoak izateak susmo handiak sortzen ditu Europan. Hori dela eta, Europan bertan kalifikazio agentzia bat sortzeko ideia bota zuen atzo Michel Barnier Europako Batzordeko barne merkatuko komisarioak. Barnierrek ez zuen azaldu publiko edo pribatua izango ote den eta zein alde izango lukeen estatubatuarrekiko. Komisarioa hiru agentzietako ordezkariekin mintzatu zen joan den astean, eta «arduraz jokatzeko» eskatu zien.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.