«Beharrezkoa denerako, prest gaude». Espainiak erreskatea gaur bertan eskatuko balu, Europako Batasuna «prestatuta» legokeela jakinarazi du Olli Rehnek, Europako Batzordeko presidenteorde eta Finantza eta Diru Gaietarako komisarioak. Horrek ez du esan nahi Mariano Raxoik eskaera hori gaur egingo duela, baina Olli Rehnek berak Madrilen onartutakoaren arabera, Europaren aurreikuspenetan dago erreskatea. Saihetsezina da. Olli Rehn Madrilen izan zen atzo, eta Mariano Raxoirekin, Luis de Guindos Ekonomia ministroarekin eta Espainiako Bankuko ordezkariekin batzartu zen. Bileraren ostean, prentsaurrekoa eman zuten Olli Rehnek eta Luis de Guindosek.
Oliver Wyman aholkularitza etxeak bankuei egindako azterketa izan zuten hizpide. Azterketak 2014ra bitarteko bi hipotesi ekonomiko hartzen zituen aintzat, eta bankuen kontabilitatean izango lukeen eragina neurtzen zuen: hipotesi ezkorrenaren arabera, 59.000 milioi eurokoa litzateke behar hori, baina abian diren bateratzeen eraginaren ondorioz, guztira 53.475 milioi euro beharko lituzkete. Hala ere, Espainiako Gobernuak espero du ekaineko finantza erreskatetik gehienez 40.000 milioi euro behar izatea.
Olli Rehnen ustez, Espainiak finantza sektorean «aurrerapauso onak» eman ditu, eta «bide onean» doa. Orain, kapital beharra duten bankuek moldaketa plana aurkeztu beharko dute, eta, dena ondo bidean, EBren dirua azarotik aurrera iritsiko da. Komisarioak gaineratu duenez, «albiste ona» da gehienez 40.000 milioi euro behar izatea bankuek. Aurreko asteetan hainbat komunikabide espainiarrek zabaldu zuten PPren gobernuaren asmoa zela finantza erreskatetik soberan geratuko litzatekeen dirua (kasu honetan 60.000 milioi euro gehienez) zor publikoa erosteko baliatzea eta erreskatearen aukera saihestea. Iragan astean, PPren gobernuak baztertu egin zuen asmo hori zuela. Horri buruz galdetu zaion arren, Olli Rehnek saihestu egin du auzia.
Berriki Alemaniako, Finlandiako eta Herbehereetako gobernuek agiri bateratu batean ziurtatu dute Espainia izan behar duela arazotan diren bankuen bermatzailea eta estatuak erantzun behar duela bankuen «iraganeko aktiboengatik». Rehnek aitortu du ohikoa bihurtzen ari dela estatukide batzuek «beren kabuz adierazpenak egitea», baina«konpromisoak betetzeko» daudelaohartarazi du. Eta ekainean hitzartu zen bankuak zuzenean birkapitalizatuko zirela.
Defizit muga, betetzekoa
Espainiako Gobernuak aurten defizita BPGaren %6,3 izango den aurreikuspena du. Gobernuaren azken aurreikuspenek erakusten dute zailtasun handiak izango dituela, baina, Rehnen ustez, «betetzeko modukoa» da. «Helburua anbizio handikoa da, baina errealista. Bete daiteke, eta ziur nago gobernu espainiarra gai izango dela betetzeko».
Alabaina, hankaz gora jar daiteke helburu hori, baldin eta Eurostat estatistika erakundeak egiturazko defizitaren barruan sartzen baditu bankuen laguntzak. Kasu horretan, Novacaixagalicia Banco, Catalunya Banc-ek eta Unnim taldeak jasotako diruagatik iazko defizita %8,9tik %9,4ra igo daiteke. Aurten, Bankiak eta Banco de Valenciak jasotako diruaren ondorioz, berriz, defizita %7,4ra hel daiteke. Rehnen ustez, laguntza horiek ez lirateke egiturazko defizit gisa kontabilizatu behar, baina Europako agintarien artean «barne eztabaida dago».
Espainiak azkenik erreskatea eskatuko balu, «jakinekoak diren» baldintzak ezarrizko litzaizkioke. Horietako bat, pentsioen erreforma litzateke. Olli Rehnen ustez, «erretiro adina batez besteko zahartze adinaren neurrira igo behar da», eta finantza publikoak orekatu ahal izateko «ezinbestekoa» da pentsio sistemaren bideragarritasuna bermatzea.
Moody's, botila erdi hutsik
Oliver Wymanen azterketaren ondotik, Moody's rating agentziak beste behin botila erdi hutsik ikusi du. Haren ustez, baldin eta azterketa dela-eta merkatuak «eszeptiko» agertzen badira, bankuen gaineko konfiantza berreskuratzeko esfortzua «ahuldu daiteke». Hala, eszeptizismo horri bere ekarpena egin dio Moody'sek, eta bankuek egiazki 70.000 milioi eta 105.000 milioi euro beharko lituzketela esan du.
Alabaina, merkatuek atzo botila erdi beteta ikusi zuten. Madrilgo Ibex-35 %0,98 igo zen, eta Eurostoxx-50, %1,82. Espainiaren arrisku saria 448 puntutan zegoen.
Espainiak erreskatea behar duenerako, Europa «prest» dago
Olli Rehnek «albiste ontzat» jo du bankuek gehienez 40.000 milioi euro behar izatea, eta defizit muga betetzeko eskatu dio RaxoiriErretiratzeko adina batez besteko zahartze adinaren neurri berean igotzeko eskatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu