Espainiako lan erreforma

Espainiako enpresariak haserre, lan erreforma eteteko ituna dela eta

CEOEk bertan behera utzi du Espainiako Gobernuarekin zuen harremana. Sindikatuek ontzat jo dute atzo arratsaldean sinatutako akordioa, eta 2011ko lan erreforma «oso-osorik» ezeztatzeko eskatu dute.

Antonio Garamendi Espainiako Enpresarien Espainiako Enpresaburuen Elkarteen Konfederazioko presidentea. ALBERTO MORANTE, EFE
Ainhoa Larretxea Agirre.
2020ko maiatzaren 21a
16:44
Entzun

EH Bilduk, Unidas Podemosek eta PSOEk atzo arratsaldean sinatu zuten 2011ko lan erreforma bertan behera uzteko hitzarmena. Handik ordu gutxira, PSOEk zehaztu zuen ez dutela oso-osorik indargabetuko PPren lan erreforma, atzoko akordioan sinatu zuten moduan, baizik eta hiru puntu soilik. Itunak zeresan handia eman du Espainian, eta dagoeneko CEOEk eten egin du Espainiako Gobernuarekin zuen harremana. 

Enpresarien ustez, lan erreforma atzera botatzea «arduragabekeria larria» da, eta «ondorio negatibo kalkulaezinak izango ditu bai Espainiako ekonomian, bai enpresen konfiantza nazionalean eta nazioartekoan». El País eta Eldiario.es kazetek eman dute argitara patronalak bertan behera utzi duela Espainiako Gobernuarekiko harremana. Antonio Garamendi CEOEko presidentea gaur ez da bilduko Jose Luis Escriva Gizarte Segurantzako eta Migrazioko ministroarekin. Gutxieneko errenta bermatuari buruzko bilera zuten. 

Enpresaburuek komunikatu gogor bat atera dute gaur goizean, atzo sinatutako akordioaren kontra. Espainiako ekonomia garaia zailenean dagoen honetan konstituzioak gizarte eragileei eta estatuko erakundeei ematen dien eginkizuna «mespretxatu» izana aurpegiratu diote gobernuari. Gainera, salatu dute EH Bildurekin egindako akordioan entzungor egin dietela Europako Batzordearen gomedioei. Enpresaburuek nabarmendu dute Lan Ministerioarekin eta sindikatuekin negoziatzen ari direla malgutasun neurriak hartzea COVID-19ak gehien zigortu dituen sektoreetako lan esparruan: «Guztiz inkoherentea da atzerapausoa emango duen eta eta lan merkatuan zurruntasuna areagotuko duen akordio bat sinatzea». 

Sindikatuentzat, berri «ona»

Unidas Podemosen, PSOEren eta EH Bilduren hitzarmena berri ona dela adierazi dute sindikatuek, baina eskatu dute «oso-osorik» indargabetzeko, atzo EH Bilduk aurreratu zuen bezala. LAB sindikatuak langile klasearen garaipentzat hartu du PSOEk, Unidas Podemosek eta EH Bilduk hasieran adosturikoa. Sindikatuak nabarmendu du lan egingo duela lan erreforma osorik ezeztatu arte: «Badakigu patronalak, botere ekonomikoek eta eskuineko alderdiek presioa egingo dutela akordioa bete ez dadin, atzo PSOErekin egin zuten bezala». Gainera, LABek eskatu du ezen, 2011ko PPren erreforma ez ezik, bertan behera uzteko 2010ean PSOEk egin zuena ere. 

ELA sindikatuko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzak onartu du pauso handia litzatekeela lan erreforma «guztiz» indargabetzea. Lakuntzak deitoratu egin du PSOEk azken orduan atzera egin izana, eta nabarmendu du lan erreforma guztiz ezeztatuta aukera gehiago leudekeela krisian lanposturik ez galtzeko. Unidas Podemosen, EH Bilduren eta PSOEren hitzarmena «sorpresaz» hartu duela nabarmendu du Lakuntzak, Herri Irratian egindako elkarrizketan. Hala ere, Lakuntzak nabarmendu du Rodriguez Zapaterok 2010ean egindakoa ere indargabeu beharra dagoela. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.