Espainiako Gobernuak atzera egin du, eta autonomoen kuotak apenas igoko dituen 2026an

Gutxien irabazten duten autonomoei ez dizkiete igoko kuotak, eta gainontzekoei, hilean 2,5 eta 14,75 euro artean. Aldaketa joan den asteko proposamenak eragindako iskanbilaren ondorio dela aitortu du Madrilek.

Saltzaile bat, azoka batean. AITOR KARASATORRE / FOKU
Saltzaile bat, azoka batean. AITOR KARASATORRE / FOKU
Paulo Ostolaza.
2025eko urriaren 20a
15:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Autonomoei kotizazio kuotak igotzeko lehen proposamena alde batera utzita, igoera «zuhurrak» proposatu ditu gaur Espainiako Gobernuak. Ondorioz, datorren urtean gaur egun duten kuota bera ordainduko dute diru gutxien irabazten duten Hego Euskal Herriko autonomoek —1.166,7 euroraino irabazten dutenek—, eta gainontzekoek 2,5 eta 14,75 euro arteko igoerak izango dituzte, fakturatzen dutenaren arabera.

Joan den asteko proposamenaren bidez, 11 eta 207 euro arteko igoerak ezarri nahi zituen Madrilek. Lehen proposamen hori arbuiatu egin zuten autonomoen elkarteek, eta Borja Suarez Gizarte Segurantza eta Pentsioen Estatu idazkariak aitortu du kritika horien ondorio dela gobernuaren atzerapausoa: «Hobetu egin dugu proposamena. Hark eragindako erreakzioen ondorioa da, bai». Ezkerretik zein eskuinetik jaso zituen kritikak Madrilen asmoak.

Aurreko planteamenduak, gainera, 2031. urtera arteko igoerak ezartzen zituen, eta berriak, aldiz, datorren urteko kuotak soilik zehazten ditu. 

Interes politikoen ondorio

Gaurko agerraldian, Suarezek azaldu du joan den asteko proposamenaren helburu nagusia zela 2032. urterako autonomoen benetako irabaziak eta kotizazioak bateratzea. Galdetu diote ea proposamen berriarekin nola beteko duen helburu hori, baina ez du xehetasunik eman. «Orain eman dezakegun pauso zuhurrena da», adierazi du.

Proposamen berriak ere piztu ditu kritikak. UPTA autonomoen elkarteak esan du autonomoen pentsioak hobetzeko aukera bat galdu dela, eta CCOO eta UGT sindikatuek, berriz, ontzat jo dute gutxien irabatzen dutenen kuotak izoztu izana, baina ez gehien irabazten dutenei ezarritako igoerak apaldu izana. Proposamen berria «interes politikoen ondorio» dela iritzi diote sindikatuek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.