Espainiako Gobernuak ez du argitu zer egin nahi duen 2021ean langile publikoen soldatarekin. Izozteko aukera aztertzen ari dela zabaldu du El País egunkariak, gobernuko goi kargudun baten adierazpenetan oinarrituta. Erabakia aurki hartu beharko du Madrilgo gobernuak, datorren urterako aurrekontu proiektua irailean aurkeztu nahi duelako.
Soldatak izozteko aukera egon badagoela aitortu du gaur goizean Nadia Calviño Ekonomia ministroak, eta gogorarazi du aurten ziur aski ez dela izango inflaziorik. Uztailera arte, urte arteko inflazio negatiboa zegoen Espainian (-%0,5) eta Hego Euskal Herrian (-%0,7), eta ez da espero asko handitzea datozen hilabeteetan.
Calviñok goretsi egin du langile publikoen «eginahal garrantzitsua», baina gogorarazi du azken urteetan «erosahalmena berreskuratu dutela» haiek eta pentsiodunek, haien sariak inflazioaren gainetik igo direlako. Aurten, esaterako, %2 hazi dira langile publikoen soldatak, eta %0,9, berriz, pentsioak.
Calviño gai ekonomikoetarako lehendakariordea da, hirugarrena Espainiako Gobernuaren barne banaketan. Lehen lehendakariordea, berriz, Carmen Calvo da, PSOEkoa hura ere, eta hark ukatu egin du funtzionarioen soldatak izoztea erabakita dagoela. «Ez, ez dago mahai gainean», esan du.
ELA eta CCOO, aurka; UGT, ulerkor
Baieztapenik ez dagoen arren, sindikatuak hasi dira soldatak izozteko aukerari buruz beren iritzia plazaratzen. Aurka azaldu da Hegoaldeko sindikatu nagusia, ELA. «Langile publikoek izugarrizko ahalegina eginagatik» Espainiako Gobernuak austeritateari eusten diola eta sektore publikoa «eraisten» ari dela salatu du. Bere datuen arabera, 2010etik hona erosteko ahalmenaren %13 galdu dute soldata publikoek.
«Gobernuak filtratutako berri bat da, giroa berotzeko», uste du CCOOk. Aurka azaldu da, uste baitu langile publikoek «sekulako ahalegina» egin dutela zerbitzu publikoei eusteko, «eta ez dute gobernuaren mespretxua merezi». Aurreko urte batzuetan galdutako erosteko ahalmena berreskuratu behar dutela esan du CCOOk, eta negoziazioak hasteko eskatu dio Espainiako Gobernuari.
Ulerkorrago azaldu da UGTko Carlos Alvarez. «Herrialdearen egoera ikusita, onar genezake 2021ean igoerarik ez izatea, baldin eta bermatzen bada erosteko ahalmenari eutsiko zaiola, KPIari lotutako klausula batekin».
Hego Euskal Herriko erakundeek beren langileen soldatak erabakitzeko autonomia baduten arren, azkenaldian asko mugatu diete ahal hori Madrildik, lege organikoen bitartez.