Sarbideko tarifa da Espainiako Gobernuak argindarraren fakturan ezartzen duen zatia. Atal horren barruan sartzen dira sistema elektrikoaren kostu arautuak: energia berriztagarriei emandako sariak, garraioa, banaketa... Horiek guztiak argindar fakturaren erdia baino zertxobait gutxiago dira. Gainerako erdia zergei eta energiaren prezioari dagokie. Energiaren prezioa handizkako merkatuetako erreferentzien eta enkanteen bidez (CESUR) zehazten da. Asteartean egingo da hurrengo enkantea.
Uztailaren 1ean ezarritako prezioei eustea proposatu dio CNEri Espainiako Gobernuak. Orduan garestitu egin nahi zituen, baina bere hartan uztea proposatu zuen, PPrekin sistema elektrikoaren kostu guztiak berraztertzea hitzartu ostean. Energiari buruzko estatu akordioa lortzea da bi aldeen helburua. Azterketa egin arte prezioak bere hartan uztea erabaki zuten, baina Miguel Sebastian Industria ministroak ez zuen baztertu etorkizunean tarifa arautuaren prezioak igotzea.
Uztailean eta urrian prezioak izozteak tarifa defizita handitzea eragingo du. Urte askoan argindarragatik ordaindutakoa ez da nahikoa izan argindarra ekoizteko gastuak ordaintzeko. Urtez urte zorra pilatuz joan da, eta argindar ekoizleek beren gain hartu dute zuloa. Zorra 2013rako kitatzeko konpromisoa hartu zuen Espainiako Gobernuak. Pixkana-pixkana zulo hori ordaintzen hasi da, fakturen bidez, baina zuloak handitzen jarraitzen du. Aurten 3.000 milioi euro gehiago izango dira.
Zorra, merkatuetan salgai
Zorrari irtenbidea emateko asmoz, Espainiako Gobernuak zorraren 14.600 milioi euro bonu bihurtuko ditu, merkatuetan saltzeko. Horretarako, funts bat sortu du (FADE) eta sei inbertsio banku kontratatu ditu: BBVA, BNP Paribas, Calyon, Deutsche Bank, Goldman eta Santander. Estatuak bermatuko du zorra. Eta zor hori erosten dutenei interesak ordaindu beharko zaizkie, jakina.
FADEk 25.000 milioi euroko muga izango du: 2009 arte sortutako 14.600 milioi euroko zorra eta 2013 arte sortzea espero diren 9.500 milioi euroak. 2013tik aurrera argindar fakturen bidez ordaindu beharko dira argindarraren ekoizpenaren kostu guztiak.
Balio Merkatuaren Espainiako Batzordeak (CNMV) herenegun jaso zuen operazioari buruzko informazioa, eta aste batzuk barru onartzea espero dute. Espainiako Gobernua atzo bertan hasi zen analistei eta inbertsoreei operazioaren ezaugarriak azaltzen.
Tarifa defizita
Enpresa. Kobratzeko zorra (milioi eurotan).Endesa 7.702,17
Iberdrola. 4.367,21
Gas Natural-Fenosa. 1.621,90
Hidrocantabrico. 742,83
Elcogas. 126,57
Eon España. 63,76