Hiru hilabetean hizketan jardun ondoren, Espainiako Estatuko patronalak eta sindikatuek gaur arratsaldean hautsi egin dute negoziazio kolektiboaren erreforma prozesua, CCOO eta UGT sindikatuen iturriek jakinarazi dutenez.
Joan Rosell CEOE patronaleko buruak sindikatuei esan die "ausartagoak" izan beharko dutela aurrerantzean, enpresariek nahi dituzten aldaketak onartzeko. Haren arabera, patronalak eskaintza ugari egin die baina ikusi da "ezinezkoa" zela negoziatzen jarraitzea. CCOO eta UGT arratsean dira hitz egitekoak.
Negoziatu eta moldatu nahi zituzten alorren artean ultraaktibitatea zegoen. Gaur egun, lan itun baten iraupena amaitzen denean, indarrean jarraitzen du beste batekin ordezkatu arte. Alegia, itunean zeuden edukien araberako baldintzekin jarraitzen dute langileek. Espainiako patronalaren asmoa ultraaktibitatea amaitzea da, eta berritu gabeko itunen iraunaldiari mugak jartzeko prest zeuden UGT eta CCOO.
Nahiz eta akordiorik ez izan, erreforma aurki onartuko lukeela adierazi izan du Espainiako Lan ministro Valeriano Gomezek. Gobernuak bihar zortzi Ministroen Kontseiluaren bilera izango du, eta baliteke han onartzea.
Erreformak kezka piztu du Euskal Herriko gehiengo sindikalean. Hain zuzen ere, negoziazio esparruetan aldaketak gertatuko diren beldur dira sindikatuak. Esaterako, herrialde mailako sektore itunak desagertzeko edo Espainia mailako akordioen menpe geratzeko arriskua dagoela ohartarazi dute.