Esportazioak %2,4 jaitsi dira urtearen lehen erdian Hego Euskal Herrian

Bilboko portuan ekoizten diren energia produktuen beherakada eta Landabengo Volkswagenen produkzioaren jaitsiera nabaritu dira.

Gas likidotua garraiatzen duen ontzi bat, Bilboko portuan. LUIS TEJIDO / EFE
Gas likidotua garraiatzen duen ontzi bat, Bilboko portuan. LUIS TEJIDO / EFE
jokin sagarzazu
2025eko abuztuaren 18a
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hego Euskal Herriko esportazioak %2,39 jaitsi dira urteko lehen seihilekoan, iaztik datorren beheranzko joerari eutsiz. Inportazioak ere apaldu dira, %3,5. Dena den, atzerrian saldutakoaren eta erositakoaren aldea positiboa da, 4.040 milioi eurokoa.

Ezin da esan, halere, sektore guztietan joera orokortua denik esportazioen jaitsiera. Arrazoi nagusiak energia gaiekin dauka lotura. Halako produktuen kanpo salmenten balioa %40 gutxitu da aurten. 2023an eta iaz bezala, aurtengo lehen erdian ere  apaldu egin da Bizkaiko portuan tratatutako petrolio eta gas produktuen esportazioen balioa, neurri batean lehengai horien prezioek ere behera egin dutelako —%25,4 jaitsi da produktu energetikoen inportazioen balioa—.

Hego Euskal Herriko kanpo merkataritzaren oinarri den beste sektorea autogintza da. Oro har, %6,8 handitu dira esportazioak, baina emaitzak oso ezberdinak izan dira lurralde batetik bestera. Gasteizko Mercedes Benzen, %39,2 handitu da salmenta horien balioa; Landabengo Volkswagenen, aldiz, %19,9 txikitu.

Beste ibilgailu batzuen esportazioek —batik bat trenak— nabarmen egin dute gora, %135, bereziki Beasaingo (Gipuzkoa) CAFen kontratuengatik.

Horiek horrela, lurraldekako emaitzetan islatu dira gorabehera horiek: Bizkaiko esportazioen balioa %4,8 jaitsi da, eta Nafarroakoena %7,2 —elikagai salmenten igoera oso apala izan da (%2,9)—. Kontrara, Araban %8,1 handitu da esportazioen balioa, eta Gipuzkoan %4,2.

Europako Batasuneko herrialdeak dira orain ere Hego Euskal Herriko enpresen merkatu nagusiak. Alemania dago lehen postuan (%15,59ko kuotarekin), baina gero eta gertuago du Frantzia (15,54). Pixka bat urrutiago daude Erresuma Batua (%6,13) eta AEBak (%5,49).

AEBetan, iazkoaren oso antzekoa da kuota, apur bat behera egin duen arren, bi hamarren. Ekainera artekoak dira Eustatek eta Nastatek emandako datuak, eta, beraz, oraindik goizegi da Donald Trumpek apirilean indarrean sartu eta abuztuan berretsi zituen muga zerga berrien eragina neurtzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.