Estatuak auzitan jarri du foru ogasunek amnistiari uko egin diezaioketela

PPren esku egon arren, Arabako Aldundiak ere ez du begi onez ikusten neurria, «zergadun onen» kalterako delako

Iker Aranburu.
2012ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Madrilek zerga iruzurgileei ezarri nahi dien amnistiak gurean oso ibilbide eskasa izango zuela zirudienean, gauzak nahastera etorri da Espainiako Gobernua. Miguel Ferre Espainiako Ogasun idazkariak auzitan jarri du foru ogasunek halako neurri bat ezartzeko eskumena ote duten.

Espainiako 2012rako aurrekontuen aurkezpenean, Ferrek ziurtatu du ez dagoela «hain garbi» foru ogasunek halako neurri bati iskin egin diezaioketenik. Ferrek nabarmendu duenez, aldundiek eta Nafarroako Gobernuak ez dute «independentzia fiskalik», eta «estatuaren antzeko zerga egiturari eustera behartuta daude». Azken hitza arbitratze erakundeek izango dutela adieazi du Ferrek.

Eskumenari buruz zalantza izan duen bakarra Nafarroako Gobernua izan da. Diputazioek, berriz, adierazi dute haiei dagokiela halako erabaki bat hartzea, eta, horren ildotik, hirurek ziurtatu dute amnistia fiskalik ez dutela emango beren lurraldeetan. Azkena Arabako Aldundia izan da, atzo. Espainiako alderdikideek esaten dutenaren aurka, Javier de Andres ahaldun nagusiak ziurtatu du iruzurgileak barkatzea «zergadun onen kalterako» izango litzatekeela. Hori bai, dei egin die 2007 baino lehenago dirua paradisu fiskaletan ezkutatu zutenei sosak Arabara ekartzera, jadanik deliturik ez dagoelako. Berez, De Andresek ez zuen amnistia fiskala ezartzeko aukerarik, Arabako Biltzar Nagusietan gehiengoa dutelako jendaurrean amnistia fiskala baztertu duten alderdiek —EAJ, Bildu eta PSE-EE—.

Eusko Jaurlaritza ere mintzatu da iruzurra barkatzearen aurka, Idoia Mendiaren hitzetan, «mezu arriskutsua» ematen baitu. Amnistia fiskalik ez dagoela esan arren, «zerga erregularizazioa» aztertzeko eskatu du Antonio Danborenea PPko legebiltzarkideak. Gainera, deitoratu egin du Jose Luis Bilbaok arrazoi etikoak ematea neurria baztertzeko: «Moraltasun fiskalaz hitz egitera ezin zaigu etorri EAJko inor edo Bilbao jauna».

Sozietate zergaz, Gipuzkoan

Zerga kontuetan irekita dagoen beste frontea sozietate zergaren erreforma da. Gipuzkoako Batzar Nagusietan gaia eztabaidatzeko batzorde txostengilean mintzatu ziren atzo sindikatuak. LABek eta ELAk bat egin dute kenkari fiskal «gehienak» ezabatzeko aldundiak aurkeztu duen asmoarekin,baina, hark ez bezala, tasa nominala igotzea ere proposatu dute. ELAk, gainera, ziurtatu du zergei buruzko arauak batzar nagusietatik atera eta Eusko Legebiltzarraren esku geratu beharko liratekeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.