Defizit publikoa %8,5etik %5,3ra murriztea beste lehentasunik ez duten aurrekontuak aurkeztu ditu Espainiako Gobernuak. Helburu horren ondorioz, gizarte gastua, inbertsioak eta transferentziak txikitu ditu Madrilek. Aditu guztiek diotenaren aurka, Cristobal Montoro Ogasun ministroak ziurtatu du aurrekontuek ez diotela kalterik egingo ekonomiari. Estatuaren inbertsioak %40 handituko dira Nafarroan, baina %17 handituko dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Aurrekontuen tramitazioa atzo hasi zen Espainiako Diputatuen Kongresuan. PPk, gehiengo osoa duenez, ez du inoren babesik behar kontuak onartzeko. CiUren aldeko botoa eskuratzen saiatuko zela esan arren, aukera hori zaildu dute kontuek. Izan ere, Kataluniako Generalitateari agindutako 219 milioi euroak ez dira azaltzen aurrekontuetan, eta Katalu- nia da inbertsioen murrizketa handiena jasoko duena. Euskal alderdien artean, UPNko diputatu bakarrarena eskuratzeko moduan dago PP, eta EAJk «erabat urruti» ikusten du aukera hori. «Aurrekontu zekenak dira», esan du Josu Erkoreka diputatu jeltzaleak, hazkunde ekonomikoa trabatzen dutelako. Amaiur eta Geroa Bai aurka daude.
Hona hemen aurrekontuen ataletako batzuk:
1. Inbertsioak
Erkidegoetan egiten dituen inbertsioak %25 gutxituko dira; guraizeak gehien jasango dituztenen artean Nafarroa dago, %40ko murrizketarekin. Euskal Autonomia Erkidegoan, ordea, iaz baino %17,35 diru gehiago inbertituko du estatuak, AHTa dela eta. Hori bai, batean zein bestean inbertsioa BPGan duten zatitik beherakoa izango da: %0,6 doa Nafarroara, eta %4,1, berriz, EAEra.
2. Kupoa
Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak 546 milioi euroko kupoa ordainduko diote Espainiari, eta beste 43 milioi beste konpentsazio batzuen truke. Diru horren zati bat, ordea, itzuli egingo da: 137,6 milioi tabako zergatik eta hamar milioi ertzainen aldez aurreko erretiroengatik. 2007az geroztik, ika-mikan daude estatua eta Eusko Jaurlaritza. Carlos Agirre Ekonomia sailburuaren arabera, eestatuak 83 milioi euro zor dizkie. Nafarroak, berriz, 631 milioi emango dizkio estatuari.
3. Gastu soziala, behera
Iaz baino 7.900 milioi gutxiago gastatuko ditu Espainiak gizarte laguntzetan (pentsioak, langabezia saria...). Guztira, 175.382 milioi izango dira, aurrekontuen %56. Iaz, %58 izan zen.
4. Interesen zama
Diru sailik handiena (115.825 milioi) pentsioena da. Haren atzetik, zor publikoaren interesak pagatzeko erabiliko du Espainiak diru gehien (29.246 milioi). Handituko den sail bakarrenetarikoa da (%30). Urtearen amaieran 600.000 langabe gehiago izango direla uste duen arren, Espainiako Gobernuak %5,5 gutxitu du langabezia saria pagatzeko jarritako dirua (28.805 millioi), lan erreformak enpresen esku utzi duelako erregulazio espedienteen gastu bat eta langabe askok saria jasotzeko epea amaitu dutelako.
5. Erregea ala I+G
Sail gehienek murrizketak izan arren, banaketa oso desberdina da. «Inoizko aurrekontu murriztaileenak» gutxien pairatuko dituztenen artean Errege etxea dago, %2ko txikitzearekin. Latzagoa da jaitsiera mendekotasunean (-%5,7), Emakumearen Institutuan (-%9,3), ikasleentzako beketan (-%11), genero indarkerian (-%21), enplegu politika aktiboetan (-%23), langileen trebakuntzan edo I+Gn (-%34), zerbitzu sozialetan (-%43)...
6. Raxoiren soldata
PSOEk 2010ean goi kargudunen soldatetan egindako %15eko murrizketa bere egin du PPk. Horrenbestez, aurten ere 78.000 euro irabaziko ditu Mariano Raxoik, eta hortik behera haren ministroek. 130.000 euroko soldata dute Auzitegi Goreneko eta Konstituzionaleko presidenteek, 113.000 eurokoa fiskal nagusiak eta Kontseilu Ekonomiko eta Sozialeko buruak (85.000).
Estatuak inbertsioa handituko du EAEn, eta txikitu Nafarroan
Espainiak %4,3 jaitsiko du gastu soziala eta %34 ikerketarena, baina %2 baizik ez Errege etxearena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu