Estatuari ematen dioten baino gutxiago jasotzen dute EAEk eta Nafarroak

Nafarroak defizita du Ekonomia Ministerioak egindako sei balantza fiskalen arabera, eta seitik lautan EAEk

Iker Aranburu.
2008ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herriko bi erkidego autonomoek defizit fiskala dute Espainiarekin. Hau da, erkidegook kupoaren eta ekarpenaren bidez Estatuari pagatzen diotenaren eta hark hemen egiten dituen gastuen arteko aldea negatiboa da euskal administrazioentzat.

Espainiako Ekonomia Ministerioak atzo aurkeztu zituen 2005. urteari dagozkion balantza fiskalak. Gogo txarrez egindako keinua izan da, Kataluniako Generalitatearen aspaldiko eskaerari gehiago ezetz esaterik ez zuelako.

Baina Generalitatearen argudioak urardotu nahian, Ministerioak bat aurkeztu beharrean sei balantza fiskal kaleratu ditu. Horietako lau gastu-onura irizpideak kontuan hartuta egin ditu, eta beste bi diru fluxuarena aintzat hartuta. Azken irizpide hori hobesten dute Katalunian defizit fiskala aztertu duten adituek.

Irizpide aldaketa horren arabera aldatzen dira Hego Euskal Herriko emaitzak. Esaterako, diru fluxuak kontuan hartuta, EAEk bere barne produktu gordinaren %1,03 eta %1,35 arteko defizita du, eta Nafarroak %2,74 eta %3,18 artekoa. Azken lurralde horrek defizita du gastu-onura irizpideen araberako beste lau balantzeetan ere -%1,15 eta %2,37 artekoa-. Haatik, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak bitan defizita dute -%0,59 eta %0,70-, baina superabita beste bietan -%0,20 eta %0,31-. Edonola ere, Carlos Ocaña Espainiako Ogasuneko Estatu idazkariak ziurtatu du sistema fiskal desberdina dela-eta EAEko eta Nafarroako datuak ezin direla gainontzekoekin alderatu.

Katalanen eskaera

Azterketaren emaitzak esanguratsuagoak dira Herrialde Katalanei dagokienez. Izan ere, seiek ala seiek erakutsi dute Kataluniak, Balear uharteek eta Valentziak erruz finantzatzen dituztela gainontzeko erkidegoak. Hori dela eta, ez da harritzekoa Bartzelonako, Valentziako eta Palmako gobernuek eskatu izana balantza fiskalak aintzat hartzea erkidegoen finantzaketa sistema berria negoziatzean. «Kataluniako Gobernuak, presidentea buru duela, esan nahi du gaurko eredua ez dela bidezkoa eta motz geratzen zaiola Kataluniari», adierazi du Josep Huguet Generalitateko Berrikuntza kontseilariak. «Fronte» hitza arbuiatu arren, Huguet sozialistak dei egin die defizita duten erkidegoei «irizpide komunak» defendatzeko.

Balearretako eta Valentziako gobernuek ez diote deiari zuzenean erantzun, baina biek ala biek eskatu dute beraien erkidegoei gutxiago kalte egingo dien eredu berria. Ekonomiako Ministerioen datuen arabera, Balearrek %14ko defizit fiskala dute diru fluxuen irizpidearen arabera, eta %6,4 ingurukoa Valentziak. Kataluniak %6,38 eta %8,7 arteko defizita du Ekonomia Ministerioaren arabera, baina %9,8koa joan den astean aditu katalanek zabaldutako ikerketaren arabera.

Doi-doi kontrakoa eskatu dute superabit fiskala duten erkidegoak: balantzak kontuan ez hartzeko eta sistema berriak gauzak dauden moduan uztea. Ohikoa den moduan, Extremadurako presidente Guillermo Fernandez Vara izan da talde horren bozeramaile sutsuena. Zilegitasuna kendu die balantzei, haren iritziz «Konstituzioan agertzen ez den Espainia islatzen dutelako».



Balantza fiskalak

BI IRIZPIDE

Gastu-onura. Irizpide horren arabera, Estatuak egindako gastu bat ez da zenbatzen egin den lurraldean soilik, gastu horrek teorian onurak dakartzan beste lurralde guztietan ere zenbatu behar da. Esaterako, Espainiako armadak Melillako legionarioak pagatzeko egindako gastua hiri horretan ez ezik, beste erkidegoetan ere zenbatzen da, armada guztientzat onura delakoan. Irizpide horrekin Madrilek du defizit handiena, han bizi diren ehunka mila funtzionarioen gastua beste erkidegoetan ere egin izan balitz bezala zenbatzen delako. Irizpide horrek gutxitu egiten du Hego Euskal Herriaren defizit fiskala Espainiarekiko.

Diru fluxua. Gastu publikoa egin den lekuan baizik ez da zenbatzen. Hau da, Estatuak Nekazaritza Ministerioko egoitza nagusiko funtzionarioei pagatzeko egindako gastua Madrilen soilik zenbatzen da, han egiten dutelako lan han bizi direlako -eta gastatzen dutelako- funtzionarioetako gehienak. Irizpide horrek handitu egiten du EAEren eta Nafarroaren defizita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.