Estutzearen defentsa

Bere agintaldiaren lehen seihilekoan defizitaren txikitzeari lehentasuna emateak funtzionatu duela dio Hollandek

Iker Aranburu.
2012ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Inkesta kaskarren aurrean, sei hilabeteko agintaldian hartutako erabakien defentsa irmoa egin du François Hollande Frantziako Errepublikako presidenteak. Lehentasun premiazkoena «kontu publikoak ahal bezain laster zuzentzea» izan dela onartu du Hollandek, eta arlo horretan emaitza batzuk lortzen ari direla gaineratu du: Frantziak bere historiako interes tasa txikienetakoak pagatzen ari da bere burua finantzatzeko, merkatuak konfiantza ematen dioten seinale. Edo beste era batera esanda, bere hegoaldeko auzoen itomenari ihes egitea lortu du, kutxa publikoetan zulo handiak izan arren. Defizita 50.000 milioi eurogutxitzeko konpromisoa egingarria iruditu zaio presidenteari, «Gutxiago gastatuta, gauzak hobeto egiteko gai izan behar dugu».

Sei hilean behin egin beharreko balantzeen artean lehena egin zuen atzo Hollandek, bi ordu eta erdiz, Eliseon. Une txarrean, gainera: V. Errepublikako presidenteen artean Hollande da sei hileko epean balorazio okerrena duena. Bere gobernu barruko desadostasunei eta hankasartzeei esker, baina baita krisiak ez diolako atsedenik eman ere. Une bakoitzeko popularitateari baino, bost urte barru aurkeztu ahal izango duen bilanari garrantzi handiagoa eman dio Hollandek: «Inporta duen bakarra ez da oraingo iritzia, bost urte barru Frantziak izango duen egoera baizik. Eta gainbehera ez da Frantziaren patua». Hazkunde sendoaren itzuleraren eta langabeziaren txikitzearen arabera epaitua izateko eskatu du, baina onartu du urtebete beharko dela horretarako.

Nicolas Sarkozyk agindutako BEZaren igoera bertan behera utzi arren, Hollandek defendatu egin du 2014an zerga hori igotzea, enpresei zergak 20.000 milioi eurojaitsi ahal izateko. «Ez da enpresei egindako oparia», ziurtatu du, industria esportatzaileen lehiakortasuna handituta, Frantzia hazteko neurri bat baizik. «Lehiarkotasun hitzaren atzetik enplegua baizik ez dago».

Dekretu bidez onar zitekeen guztia onartu duela esan du, hala nola Smic gutxieneko soldata igotzea, erretiroa 60 urterekin hartzeko aukera zabaltzea, edo bere soldata edo enpresa publikoetako buruena mugatzea. Orain, berriz, erreforma sakonagoen garaia da. Horien artean dago lan merkatuaren erreforma, enpresei malgutasun handiagoa emateko eta langileei segurtasunhandiagoa. Hollandek gogorarazi diepatronalari eta sindikatuei urtea amaitu aurretik erreforma paktatzeko, bestela berak egingo duelako.

Ministro ekologisten pozerako, Hollandek bere egin du fracking-a debekatzeko politika, eta agindu du teknika berriagoak eta garbiagoak asmatu ezean ez duela bere agintaldian baimenduko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.