Sindikatu batzuek Nafarroako Parlamentuaren aurrera eraman dute behin-behinekotasuna txikitzeko dekretuaren aurkako protesta, baina haien eskaerak ez du fruiturik eman. Nafarroako Parlamentuaren gehiengoak ontzat hartu du dekretua, eta, hortaz, indarrean jarraituko du.
Dekretutik eztabaidarik handiena piztu duen gaia eszedentziena da; haren ondorioz, gutxienez bi urte igaro beharko dira langileak postua eskuratzen duenetik baimena hartu ahal izan arte. Halaber, dekretuak tramite administratiboak arinduko ditu langileen hautaketa sisteman, eta erraztasunak emango ditu osasun arloan bete gabe dauden lanpostuak betetzeko.
PSNk, EH Bilduk eta Geroa Baik bozkatu dute dekretuaren alde, eta aurka, berriz, UPNk, PPk, eta Voxek; Zurekin Nafarroa abstenitu egin da, gobernuko kide izan arren uste duelako arauak ez duela nahiko babesik lortu sindikatuen artean.
Amparo Lopez Funtzio Publikoko kontseilariak argudiatu du dekretua beharrezkoa dela Nafarroako administrazioaren behin-behinekotasun tasa Europako Batasunak eskatutako %8ko mailara iristeko. Gobernua beste bide batzuetatik ahalegindu dela azaldu du, eta %43ik %16ra apaldu dela, baina ezin izan du helburua heldu, «egoera administratibo batzuek ez dutelako uzten».
Egoera administratibo horien artean dago, Ainhoa Unzu PSNko diputatuaren hitzetan, langile publiko «gehiegik» eszedentzia eskatzen dutela behin postua lortuta; «2023ko maiatzean halako bost dira orain».
«Eskubideen murrizketa»
Nafarroako Gobernuak LABekin hitzartu zituen dekretuaren nondik norakoak —hura da ordezkari gehien duen sindikatua—, baina beste sindikatu guztiak aurka azaldu dira —Afapna, CCOO, ELA eta UGT—, eta haiek elkartu dira parlamentuaren aurrean. Haien iritziz, «dekretuak balio izan du behin-behinekotasunarekin zerikusirik ez duten gaiak aldatzeko, eta administrazioko langileen eskubideak murrizten ditu».
Sindikatu horiek izenean, UGTko Juan Luis de Pedrok adibide batekin azaldu du zergatik dauden eszedentzia kontuetan bi urteko epea sortzearen aurka: 30 urtez administrazioan aritu den langile batek ezingo du eszedentziarik hartu postu hobeago bat eskuratu ondoren. «Orain ezingo du, soilik gora egin duelako, ez delako kontuan hartzen administrazioan aritu den epea: azken lanpostuan betetakoa besterik ez». Haren esanetan, behin-behinekotasuna txikitzeko modua hutsik dauden postu guztiak betetzeko lan eskaintza publiko bat egitea da; «oso sinplea da».
1.125Zenbat postu eskainiko dituen administrazioan. Nafarroako Gobernuak administrazio publikoan 1.125 postu eskaintzeko oposizioa onartu du. Izena emateko epea maiatzaren 23tik ekainaren 11ra artekoa izango da. Lanpostu gehien-gehienak oinarrizko administrazioan eskainiko ditu (1.116), eta administratzaileentzat izango dira haietako 585. Gainontzeko bederatzi postuak Osasunbidekoak dira. Azterketak azaroan egitekoak dira.