AEBek %10eko gutxieneko muga zerga bat ezarri nahi diete herrialde batzuei, lan behartuen aitzakiarekin

Hirurogei bat herrialderi ezarri nahi diete muga zerga, lan behartuekin ekoitzitako ondasunen inportazioengatik. Europako Batasuna, Txina, India, Japonia, Taiwan eta Erresuma Batua daude jomugen artean.

Edukiontziak Berlingo garraio terminal batean. FILIP SINGER / EFE
Edukiontziak Berlingo garraio terminal batean. FILIP SINGER / EFE
Irune Lasa.
2026ko ekainaren 3a
12:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donald Trumpi bere jostailu gogokoenetakoa kendu zion AEBetako Auzitegi Gorenak joan den otsailean: larrialdi nazionalaren aitzakian ezker-eskuin muga zergak ezartzeko ahalmena. Orduko hartan, AEBetako presidenteak jada iragarri zuen muga zergak eta haien mehatxuak ez zirela amaitu, nahiz eta, bere atsekaberako, beste prozedura luzeago —eta legezkoago— batzuk erabili behar izan.

Berriz muga zergekin armatzeko asmo horrekin lotuta ulertu behar da gaur AEBetako Merkataritza Ordezkaritzaren bulegoak proposatutako tasa, nonbait lan behartuen bidez egindako ondasunen inportazioak eragotzi nahi dituena, «langile estatubatuarrak jokaleku desorekatuan lehiatzera» behartzen dituelako.

Ikerketa baten ondotik dator proposamena, eta horrek legezkotasun handiagoa emango lioke muga zergen proposamenari, 1974ko Merkataritza Legearen 301. atala erabiltzeko aukerarekin.

Ulertu behar da, Auzitegi Gorenaren epaiaren ostean, Trumpek %10eko muga zerga orokorrak ezarri zizkiela beste herrialde guztiei: tasa txikiagoa, beraz, kasu askotan legez kanpokotzat jotako elkarrekiko muga zergetakoa baino. Baina %10eko muga zerga orokor horiek behin-behinekoak dira, eta haien indarraldia hemendik aste gutxira iraungiko da, uztail amaieran. Hortaz, berriak behar ditu Trumpek.

Bi zerrenda

Guztira hirurogei bat herrialderen inportazioei eragingo lieke lan behartuen inportazioen inguruko neurriak. Batzuei %10eko tasa ezarriko zaie, inportazio mota horiei «debekuak ezarri dizkietelako edo neurriak iragarri dituztelako». Kanada, Mexiko, Japonia, Europako Batasuna, Taiwan eta Erresuma Batua leudeke horien artean.

Tasa %12,5 litzateke, berriz, lan behartuz ekoitzitako ondasunen inportazioak eragozteko neurririk hartu ez edo eraginkortasunez ezarri ez dituzten herrialdeentzat». Besteak beste, Txina dago zerrenda horretan, India, Japonia, Hego Korea, Brasil eta Suitzarekin batera.

AEBetako merkataritza idazkaritzaren arabera, «hirurogei herrialde horietatik bakar batek ere ez ditu modu eraginkorrean ezartzen lan behartuaren inportazioetarako debekuak». Jamieson Greer idazkariaren ustez, «horrek bidezkoak ez diren jokaleku batean globalki lehiatzera behartzen ditu langile estatubatuarrak. Eta jada ez dugu desberdintasun hori irentsiko». 

Muga zerga berria oraindik ez da indarrean jarriko, aurretik uztail hasieran entzunaldi publikoak egin behar baitira, 301. atalaren barruan. Ez dago argi, era berean, muga zerga horiei gehitu egingo zaizkien prozedura horrekin egiten ari diren beste ikerketetatik erator daitezkeen tasa berriak.

Turnberryko Akordioa

Argitu beharko litzateke hori; besteak beste, jakiteko AEBek beteko luketen Europako Batasunarekin iritsitako Turnberryko Akordioa —europarrentzat gehieneko %15eko muga zerga orokorrak aurreikusten dituena, eta batere muga zergarik ez AEBentzat—. Akordio horrek, hain zuzen, aurrerapauso bat eman du aste honetan Europan, Parlamentuko Batzordeak bozketarako onartu baitu akordioari babes neurri batzuk gehitzen zizkion bertsioa.

Ekainaren 16an bozkatuko da akordio hori, Trumpek EBri akordioa berresteko ezarritako uztailaren 4ko epemuga bete aurretik.

zer dira lan behartuen inportazioak?

AEBetako 2005. urteko lege batean, herrialde jakin batzuetako 34 produktu jotzen dira lan behartu bidez ekoitzitakotzat. Haien artean daude jantzietarako kotoia, eguzki paneletarako erabiltzen diren mineral kritiko batzuk, arrain olioetarako eta arrain irinetarako arrantza, eta palma oliorako palma fruitua. 
AEBetako Merkataritza Bulegoak, zehazki, hiru salgai aitatu ditu gaur: Myamartik inportatutako arroza, Malawiko tabakoa eta Txinako Xinjiangko kotoia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA