Etxebizitza merkatua gora doa etenik gabe. 2025eko lehen seihilekoan, guztira 15.437 hipoteka sinatu dira Hego Euskal Herrian, iaz epe berean baino 3.006 gehiago; hau da, %24,2 gehiago, INE Espainiako estatistika erakundeak jakinarazi duenez. Gorakadarik handiena Bizkaian izan da, %37,3koa. Araban, %26,7koa; Gipuzkoan, %21ekoa; eta Nafarroan, %3,6koa.
Etxebizitza bat erosteko hipoteken batez besteko zenbatekoak ere gora egin du: 125.769 euro. Dena den, lurraldeen artean alde nabarmenak daude: Bizkaian batez beste 181.561 eurokoa da maileguaren zenbatekoa (%45,6 igo da iaztik); Gipuzkoan, 111.134 eurokoa (+%34,5); Nafarroan, 70.763 eurokoa (+%26); eta Araban, 49.843 eurokoa (+%33).
Burbuilaren arrastoan
Hipoteken beharra agerikoa da. Erosleen %91k bankuen finantzaketa behar izan du etxebizitza eskuratzeko. Hala ere, horrek ez ditu atzera bultzatzen, kontrakoa baizik. Urteko lehen sei hilabeteetan 16.959 etxebizitza salerosi dira Hegoaldean, iaz baino %18 gehiago. Ez da halako kopururik izan 2007ko burbuilaren gailurraren ondoren.
Oraingoan, baina, bigarren eskuko etxebizitzak berriak baino gehiago dira. 2007an, salerositakoen %47 berriak ziren; aurten, lehen seihilekoan, %21,8 baino ez dira izan lehen eskukoak, eta gainerakoak, %78,2, bigarren eskukoak. Babes ofizialeko etxebizitzen presentzia ere txikiagoa da gaur egun: urtarriletik ekainera 1.694 saldu dira, guztizkoaren %10 eskas. Duela hogei urte, berriz, kopuru hori %15era iristen zen.
Finantza erakundeek ere berretsi dute etxebizitza merkatuaren goraldia. Kutxabankek iazko lehen seihilekoan baino %42 diru gehiago mailegatu du aurten hipoteken bidez, eta Laboral Kutxak, %49 gehiago.
Etxebizitzen prezioak ere gora egiten ari dira. INEk irailean emango ditu lehen seihilekoaren datu zehatzak, baina, urteko lehen hiruhilekoan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako prezioak 2007ko mailatik %2 beherago besterik ez zeuden; Nafarroan, berriz, %15 merkeago daude oraindik. Hala ere, desberdintasun handiak daude hiri eta auzoen artean: batzuetan jada gainditu dira orduko markak, eta beste batzuetan urrun daude oraindik. Halaber, soldatak gaur egun handiagoak dira, eta, beraz, garai hartan etxebizitzak are garestiagoak ziren proportzionalki.
Interes tasak alde
Hipoteken gorakada azken hilabeteetan nabarmena izatearen arrazoi nagusietako bat Europako Banku Zentralaren mailegu tasen jaitsiera izan da. Orain, ikusteko dago zer gertatuko den uda pasatutakoan, EBZk uztailean eten egin baitu tasen murrizketa, zazpi hilabetez jarraian txikitu eta gero. %2,5ean daude interes tasa ofizialak.
Horrek eragin nabarmena izan du hipoteketan. Tasa finkoetan —hiru hipotekatik bi Hego Euskal Herrian—, bankuek eskaintza lehiakorrak egin dituzte bezeroak erakartzeko. Dena den, tasa aldakorra dutenek merkeago dute oraindik ere. Euriborra da horietako gehienen adierazle nagusia. Behera egin du azken urtean, eta maiatzetik egonkor eutsi dio: abuztuan koska txiki bat egin du gora, eta %2,114 inguruan kokatu da, baina iazko abuztuan baino 1,052 puntu txikiagoa da. Horrek esan nahi du abuztuan hipoteka berritu behar dutenek, jaitsiera txiki bat izango dutela.