Etxebizitza

Etxeen salmenta %10 hazi da urteko lehen lau hilabeteetan

Merkatua krisi aurreko mailatik oso urrun dago oraindik: 2007an ia %40 gehiago saldu ziren.

Etxebizitza salgai Iruñeko alde zaharrean. IñGO URIZ / FOKU
Iker Aranburu.
2018ko ekainaren 12a
13:52
Entzun

Urtarrilaren 1etik apirilaren 30era 8.497 etxebizitza salerosi dira Hego Euskal Herrian, INE Espainiako estatistika erakundeak emandako datuen arabera. Iazko tarte horretan baino 784 gehiago dira (+%10,1).

Hazkunde ekonomikoaren eskutik, merkatua bizkortzen ari da. 2016tik 2017ra %5,1 hazi baitziren salmentak.

Edonola ere, etxebizitzen salmenta ez da duela krisia lehertu arte izan zuen kopurura hurbildu. 2008ko lehen lau hilabeteetan aurtengoan baino 1.093 gehiago saldu ziren (+%11,4) eta 5.436 gehiago 2007an (+%39,1).

Azken urtean lurralde guztietan igo da etxebizitzen salmenta, baina Araban besteetan baino gehiago (+%23). Nafarroan %9,5 handitu dira salerosketak, Bizkaian %9,1 eta Gipuzkoan, berriz, %7,8.

Etxe berrien salmenta gehiago hazi da (+%12,4) bigarren eskukoena baino (+%9,6). Edonola ere, Hego Euskal Herrian apirilera arte saldutako bost etxeetatik bakar bat zen berria.

Are txikiagoa da babes ofizialeko etxebizitzen kopurua: 963 baizik ez dira izan, merkatu osoaren %11,3. Iaz %12,4 izan ziren.

Prezioak ere, gora

Etxebizitzen salmenta handitu ahala ari dira prezioak ere handitzen. Joan den astean, INEk berak jakinarazi zuen aurtengo lehenengo hiruhilekoan 2017an baino %6,1 garestiago saldu zirela etxebizitzak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta %2,1 garestiago Nafarroan.

Kopuruan bezala prezioetan ere, etxebizitzen prezioek 2007an jo zuten goia, eta 2014an behea. Nafarroan %47  merkatu ondoren, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoan %40. Harrezkero, garestitzen ari dira prezioak: Nafarroan, %0,6 igo ziren 2015ean, %1,7 2016an, eta %2,2 iaz; Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, berriz, %1, %2,6 eta %5,2.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.