Hego Euskal Herrian, martxoan, 33.521 lagun zeuden Gizarte Segurantzan afiliaturik etxeko langileen erregimenean. Asko ala gutxi dira? Nondik begiratzen den. Herritarren batez besteko adina gora joan da azken urteotan, populazioa gero eta zaharragoa da, eta horrek pentsaraz dezake etxeko langileen kopuruak ere gora egingo zuela, beharra handiagoa izaki. Baina gaur egungo kopuru hori 2012. urtearen amaieran zegoenaren parekoa da —33.348 langile 2012ko azaroan—.
Are gehiago: 2012an etxeko langileen erregimen berezia indarrean sartu eta gero, langintza horretan aritzen ziren beharginen kopurua handitu egin zen etengabe, 2015ean 37.000 langileen langa gainditu arte. Etxeko langileen inoizko kopururik handiena 2017ko apirilean izan zen: 37.845. Geroztik, behera egin du, ez oso modu nabarmenean baina etenik gabe, gaur egungo kopuruetara iritsi arte.
Etxeko langileen zenbatekoak goia jo zuenetik, bederatzi urtean %11,4 murriztu da kopurua: 4.324 langile gutxiago. Ez da jaitsiera handia, baina bai deigarria, joera nagusia kontrakoa baita: gaur egun 2017an baino 160.000 langile gehiago daude izena emanda Gizarte Segurantzan (+%13,6).Â
Zein da jaitsiera horren arrazoia? ELE Etxeko Langileen Elkarteko kide Isabel Otxoaren iritziz, ez dago azalpen bakarra, eta, gainera, zaila da horren atzean dauden arrazoi guztiak identifikatzea, baina hipotesi batzuk iradoki ditu. Horietako batek jarduera horren lan merkatuaren errealitatean du oinarri: etxeko langileen arloan, asko dira kontraturik gabe eta, beraz, Gizarte Segurantzaren zerrendetan agertu gabe aritzen diren beharginak. BAI Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera, beltzean ordaindutako jarduera alor horretan %38 zen 2024an, eta %40 2025ean. «Beharginak lan baimenik ez badu, bi aldeek izaten dute lan harremana ezkutatzeko interesa, langileak eta ugazabak», azaldu du Otxoak.
Beste lanbide batekin uztartu
Beste azalpen batek lanaren ezaugarriekin du zerikusia. Lanbide gogor eta gaizki ordaindutakoa da etxeko langileena, eta horretan aritzen direnetatik asko emakume migratuak dira. Atzerritik iritsi berria den emakume batentzat aterabide bakarra izan liteke etxeko langile jardutea, baina, denbora igaro ahala, eta aukera sortuz gero, langile horiek hobesten dute beste arlo batzuetan aritzea edo zaintza lana beste lanbideren batekin uztartzea.
Azken hori gero eta ohikoagoa da, Otxoak azaldu duenez: «Asko dira etxeko lanetan ordu batzuk egin, eta gero ostalaritzan edo beste alor batean lan egiten dutenak, kontratua eginda». Zaintzan lanaldi osoa eman beharrean ordu batzuk baino ez egiteak zaildu dezake lan horregatik kotizatzea.
Adibide bat jarri du Otxoak: langile bat astean hiru orduz aritzen bada, haren soldata gordina 156 eurokoa izango da, orduko 12 euro kobratuta. Baina lehenengo kotizazio tartean oinarria 296 eurokoa da, langilearen soldata gordina halako bi, gutxi gorabehera.
«Beharginak lan baimenik ez badu, bi aldeek izaten dute lan harremana ezkutatzeko interesa, langileak eta ugazabak»
ISABEL OTXOA Etxeko Langileen Elkarteko kidea
Mariana Urcuyo etxeko langileen LABeko atal sindikalaren arduraduna da, eta hark ere uste du batzen diren arrazoi asko daudela errealitate horren atzean: «Gauza asko gertatu dira hamar urteotan. Pandemia bat izan dugu, erregularizazio prozesuak egon dira, aldaketak sartu dituzte Atzerritarren Legean eta abar. Baina begien bistakoa da zaintzen beharra ez dela aldatu; alderantziz, areagotu egin da denbora tarte horretan».
Urcuyok dioenez, orain zabaldu egin dira zaintzari lotutako zerbitzuak emateko moduak: «Oso arrunta da pertsona batek etxeko langile bat kontratatuta izatea eta, aldi berean, etxean gizarte zerbitzuen arta jasotzea, edo eguneko zentro batena, edo zahar etxe batena. Aukerak asko ugaldu dira».
Etxeko lana beste lanbide batekin uztartzeari dagokionez, Otxoarekin bat dator Urcuyo: errealitate hori gero eta ohikoagoa da: «Langile askok, sektore horretan dagoen ziurgabetasuna ikusita, ahalegina egiten dute beste lanbide batzuetan aritzeko. Normala da: adibidez, zaintzen arloan ez dira ordutegiak errespetatzen, eta langile batek ikusten badu beste lanpostu batean antzeko soldata lortzen duela 40 ordu lan eginda, hara joango da aukera sortzen bazaio».

Eta zaintza lanek duten beste ezaugarri batez ohartarazi du Urcuyok: alor horretan «botere harreman» oso nabarmenak ezartzen dira ugazaben eta langileen artean: «Enplegatzailea eta enplegatua elkarren gertu daude, eta, askotan, enplegatzaileak hori baliatzen du xantaia eta beldurra erabiltzeko; langilea gonbidatu egiten du, modu sotilean bada ere, egiten dituenak baino ordu gutxiago deklaratzera edo zuzenean Gizarte Segurantzaren kotizazioak bere gain hartzera. Hori iruzurra da, baina nahiko jokabide arrunta da».
Batzen diren arrazoi sozial eta ekonomiko horien artean, beste bat aipatu du Urcuyok: «Maiz, enplegatzaileak ere langileak dira, eta ezin dugu ahaztu pandemia gertatu zenetik asko ugaldu dela telelana, eta murriztu etxetik kanpoko lan presentziala. Horrek ere eragina izan du zaintzen arloan, denak baitu zerikusia».
Azken urte hauetan asko ugaldu dira zaintza arloan aritzen diren enpresa eta kontratazio agentziak. Urcuyok ez du uste horrek eragina izan duenik Gizarte Segurantzaren kopuruetan atzemandako jaitsiera horretan, baina bai «esplotazio egoerak» betikotzeko arduran: «Askotan, agentzia horiek aholkua ematen diete enplegatzaileei kontratuak egiteko moduaz, eta gaizki egiten dute: adibidez, asteburuan egoiliar dagoen langileak egunean zortzi orduz lan egiten duela deklaratuz. Hori ez da egia; egoiliarrek egunean zortzi ordu baino gehiago lan egiten dute».
Senideak zaintzaile
Erakundeek aukera ematen diete menpekotasun egoeran dauden pertsonen senitartekoei zaintzaile ez-profesional bilakatzeko. Zaintzaile nagusi izendatuta, administrazioak eskubide batzuk aitortzen dizkie horrelakoei: besteak beste, prestazio ekonomiko bat jasotzeko eskubidea, eta Gizarte Segurantzan izena emanda egotekoa.
Zaintzaile ez-profesionalak 736 baino ez ziren Hego Euskal Herrian 2017ko urtarrilean, eta haien zenbatekoa kopuru horren bueltan ibili zen hurrengo hiru urteetan. 2019an gora egiten hasi zen, 2020an 9.000 zaintzaile baino gehiago izan arte. Geroztik, kopuruak behera egin du, baina oraindik ere 7.280 ziren aurtengo otsailean.
Pentsa liteke zaintzan aritzen diren senitartekoen zenbatekoa emendatu izanak zerikusia izan dezakeela etxeko langileen kopuruak behera egitearekin. Otxoak, baina, zalantza handiak ditu horren inguruan: «Zaintzaile nagusi izendatutako pertsonak zaintzaren ardura hartzen du, baina horrek ez du esan nahi zaintza lan guztiak bere gain hartzen dituenik. Maiz, jasotzen duen prestazio ekonomikoa erabiltzen du zaintza lanak egiten dituen beharginaren soldata osatzeko».
«Zaintzaileak ez ezik, zaintza behar dutenak ere ahazturik daude. Badirudi bizitzak ez direla garrantzitsuak»
MARIANA URCUYO LABeko atal sindikalaren arduraduna
Urcuyo, berriz, oso kritikoa da zaintzaile ez-profesionalen auzia dela eta: «Pertsona batek bere eguneroko lanpostua utziko balu benetan zaintzan aritzeko, ez legoke arazorik; azken finean, guk zaintza lanen banaketa aldarrikatzen dugu. Baina ez gara horretaz ari. Zaintzaile nagusia zaindua den pertsonaren etxean erroldaturik egoten da, baldintza hori bete behar duelako, baina, askotan, ez da han bizi. Normalean, zaintzaile nagusi bat dagoen lekuan, guztiz ikusezina den etxeko langile bat egoten da horren atzean. Eta aldundiko ikuskariak etxera joatekoak direnean, handik irteteko esaten diote langile horri. Are gehiago: instituzioen diru laguntzari eusteko aitzakian, eskubiderik oinarrizkoenak ere ukatzen dizkiote langileari, hala nola etxe horretan erroldatuta egotearena».
Sarri, ikusezintasunak ostendu egiten ditu etxeko langileak, baina, zenbakiak gorabehera, ikusezin izateak ez du esan nahi desagertu direnik. Urcuyok uste du «begien bistakoa» dela zaintza lanen beharra, baina horren aitortza, ez horrenbeste; eta genero arrazoiak daudela tarteko, historikoki lan hori emakumeen bizkar utzi delako: «Etxeko langileak ahaztuta eta babesgabe egon dira beti. Are gehiago; zaintzaileak ez ezik, zaintza behar dutenak ere ahazturik daude. Badirudi bizitzak ez direla garrantzitsuak, eta bada garaia hori aldatzeko. Zaintzen auziari ezin zaio ikuspegi ekonomiko hutsetik erreparatu».