Etxeko langileak

Etxeko langileek gaur kobratuko dute diru laguntza

Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoaren arabera, kudeaketa erreminta informatikoaren sorrerak eta garapenak eragin dute atzerapena.  

Exeko langileen aldeko elkarteek Bilbon egin duten protesta. IMANOL MAGRO EIZMENDI
Imanol Magro Eizmendi.
2020ko uztailaren 2a
13:53
Entzun

Eskaerak egiteko epea ireki eta bi hilabetera jasoko dute etxeko langileek Espainiako Gobernuak koronabirusaren krisiari aurre egiteko hitzeman zien diru laguntza. Etxeko langileek ez dute langabezia ordainsaririk jasotzeko eskubiderik, eta Lan Ministerioak lanik gabe gelditzen zirenei babesa emateko diru laguntza bat sortu zuen. Maiatzaren 5ean ireki zen eskaerak egiteko epea, eta gaur arte dirurik jaso gabeak ziren. Etxeko langileekin lan egiten duten hainbat elkartek protesta ekitaldiak egin dituzte, gaur, egoera hori salatzeko, eta erabakia «garaipen bat» dela nabarmendu dute.

Diru laguntza eskatu duten etxeko langileek, beraz, ordaintzen duten kotizazio oinarriaren %70ren adinako diru laguntza jasoko dute gaur. Bankuekin lorturiko akordioen eraginez, ez da hilabeteko 10. egunera itxaron beharko ordainketarako. Joaquin Perez Rey Espainiako enplegu idazkariak azaldu duenez, atzerapenaren arrazoia eskaerak kudeatzeko erreminta informatikoaren garapena izan da. Etxeko langileak aurretik ez zuten ordainsaririk jasotzen, eta espresuki diseinatu behar izan zuten kasu honetarako.

Etxeko langileekin lan egiten duten elkarteek «pozez» hartu dute erabakia, ekainaren 15ean hasi zuten kanpainak helburua lortu duelako, eta «sektorea jasaten ari zen abandonu egoera lotsagarria». Eginiko eskaeretako bat asetzen da horrela, baina ez guztiak. Kexu dira diru laguntza eskatzeko tramitea oso konplexua delako, eta horrek eskaerak atzeratu zituelako. Era berean, langile guztien «erregularizazioa» eskatu dute, etxeko langile asko ez baitaude izena emanda Gizarte Segurantzan.

«Etxeko langileentzat betikoa da. Hau normaltasun zaharra da», salatu du Maria Juncay Torre de Babel emakume migratuen elkarteko kideak. Bilbon eginiko protestaldian hartu du hitza kolektiboaren izenean, eta salatu du gobernu guztiek «beste alde batera» begiratzen dutela etxeko langileen auzian, «haien lanak gizarte gastua aurrezten duelako».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.