Igandeak izan behar zuen E-eguna eurogunearentzat, Greziaren finantza arazoek piztutako zor publikoaren krisia behin betiko konpontzeko bidea jarri behar zuena. Baina igandeko goi bilerarako hiru egunen faltan desadostasunak hain handiak izanik, Frantziak eta Alemaniak atzo erabaki zuten bigarren bilera bat egitea asteazkenean, igandean mahai gainean jarritako proposamenei buruz azken akordioa egiteko. «Behin betikoa».
Frantziako lehendakaritzak eta Alemaniako kantzilertzako zabaldutako oharraren arabera, hiru dira asteazkenean lotu beharko diren gaiak: Europako Finantza Egonkortasun Funtsaren(EFSF) esku hartze modu berriak zeintzuk izango diren, Europako kapitala sendotzeko plana, eta euroaren eremuko gobernatze ekonomikoa ezartzea eta integrazio ekonomikoaren indartzea.
Agiri bateratuak dei egiten dio Greziako Gobernuari «konpromiso anbiziotsuak» har ditzan programa berri baten bidez. Plan horrek kontuan hartu beharko lituzke Troikak —Europako Batzordeak, Europako Banku Zentralak eta Nazioarteko Diru Funtsak— Greziaren kontuei buruz prestatu duen txostena.
Atzo zabaldu zuten txosten hori, eta oso datu kezkagarriak ematen ditu Greziari buruz. Izan ere, beste 8.000 milioi «ahal bezain pronto» uztea eskatzen duen arren, troikak dio uztailean hitzartutako Greziaren bigarren erreskateak jada ez duela balio, egoera are gehiago okertu delako. «Greziaren zorraren bilakaera izugarri kezkagarria da», dio txostenak. Lau arrazoi ematen ditu horretarako: atzeraldia sakondu egin dela, zerga bilketa ez doala ongi, pribatizazio planak ez duela aurrera egiten eta bankuak birkapitalizatu beharrak kontu publikoen zuloa handitu dezakeela. Egoeraren okertzea atzeraldiari eta gobernuaren jarrerari egotzi dizkio Troikak, baina manifestazioek eta grebek «lagundu» ez dutela dio.
Hildako bat Atenasen
Hain zuzen ere, milioika greziarrek bat egin zuten atzo sindikatuek deitutako 48 orduko grebaren bigarren egunarekin. Bezperan baino denda gehiago izan ziren zabalik eta aireportuak ez ziren erabat itxita izan, baina lanuzteak oso jarraipen zabala izan zuen administrazioan, eskoletan, erietxetan eta lantegietan. Manifestazioak ere oso jendetsuak izan ziren, eta lehen greba egunean bezalaxe, atzo ere borrokak izan ziren Atenasko Syntagma plazan. Ondorio okerragoekin, gainera: 43 urteko sindikalista bat hil egin zen. Haren senideek Skai telebistari esandakoaren arabera, harrikada bat jaso zuen Parlamentuari eraso egin nahi zioten manifestari taldeek eta KKE alderdi komunistak eta PAME sindikatuak prestatutako segurtasunaren artean izandako istiluetan. Ondoren, bihotzekoak jo eta hil egin zen. Gutxienez beste 40 lagun zauritu ziren borroketan.
Grebak greba, Greziako Parlamentuak ontzat hartu zituen Gobernuak defizita murrizteko azken neurriak.
Etziko astirik ez, eta beste bilera bat egingo du euroguneak asteazkenean
Troikaren txostenak dio Greziaren egoera are gehiago okertu dela eta bigarren erreskateak ez duela balio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu