Hego Euskal Herriko zati handi batek greba egiten duen egunean Madrilen pentsioen erreformaren inguruan akordiorako oinarria lortu dute Espainiako Gobernuak eta hango sindikatu nagusiek. Ez da kasualitatea. Hemen gehiengo sindikalak protestaren bidea aukeratu duen bitartean, han pentsioen erreforma biguntzeko apustua egin dute CCOOk eta UGTk. Sindikalismoa egiteko bi eredu dira, eta bakoitzak bere mugak agerian utzi ditu.
Atzoko grebak pentsioen erreforma oztopatzeko —edo sikiera baldintzatzeko— modurik ez zuela izango garbi zegoen, antolatzaileen aldetik ere. Batetik, partida nagusia ez zelako Euskal Herrian jokatzen, Espainian baizik. Bestetik, greben eta manifestazioen eraginkortasuna mugatua delako. Protesten eragina euri txikiaren modukoa da: batzuetan, asko bustitzen du, eta beste askotan, ezer gutxi. Erauntsiak, azkenaldian, Magreb aldean.
Baina lor dezaketena epe luzekoa izanda ere, lanuztea aukeratu dute ELAk, LABek eta haien aliatuek, pentsioak murrizteko arrazoirik ikusten ez dutelako eta halako neurri murriztaileei aurre egitea duintasun kontua delako. «Aitzakia ezin da esan ez dakidala zertarako balio duen», azaldu zion joan den astean Adolfo Muñozek BERRIAri. Elkarrizketa horretan ere, gizartean axolagabetasuna ezartzeko arriskua zegoela onartu zuen ELAko idazkari nagusiak. Eta neurri batean dagoeneko nahiko hedatuta dago. Atzo lanera joan zirenetako askori —gehienei?— galdetuz gero pentsioen erreformaren alde ote zeuden, litekeena da baiezko gutxi jasotzea. Zergatik eman diote orduan bizkarra grebari? Erosokeria? Sindikatuekiko mesfidantza? Grebekiko nekea? Enplegua galtzeko beldurra? Etsipena?
Arrazoi horiei beldurra gaineratu behar zaie. Krisiak ikara zabaldu du herritarren artean, eta azken urtean finantza merkatuek eman dituzten abisuek—eta adituen mantra errepikakorrek— «beste erremediorik ez dago» leloa barneratu dute. Egon badaude beste bide batzuk pentsio sistema bermatzen saiatzeko. Agian ez dira errazak izango, edo ez dituzte aitabitxi boteretsuak izango, baina milioika lagun pentsio ziztrinekin uztea bada alternatiba, haien alde zerbait egitea merezi du.
Etsipen horrekin bat egin dute pentsioen erreforma negoziatu duten sindikatuek. Espainiako Gobernuak jokatu nahi zuen partida jokatu dute, eta Zapaterori aurpegia garbitzeko —eta maiatzeko hauteskundeetan boto batzuei eusteko— aukera eman diote. Greba eskatzen aritu diren haien militanteei berdinketa saltzen saiatuko dira. Hau da, haiei esker herritar askok ez dutela 67 urtera arte itxaron beharko erretiroa hartzeko. Hori bada berdinketa, oso gaizki gaude.
Analisia
Euri txikia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu