Euriborrak jaitsiera apala izan du, eta hipotekak %10 inguru merkatuko dira

Hipotekak kalkulatzeko gehien erabilitako indizeak %1,215ean bukatu du martxoa; %1,909an zegoen iaz garai berean

2010eko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Martxoan ere beherantz egin du Euriborrak, hipoteka maileguak kalkulatzeko gehien erabiltzen den indizeak. %1,215ean bukatu du hilabetea, inoizko mailarik txikienean. Horrenbestez, datozen asteetan batez besteko hipoteka -160.000 euro, 30 urtean itzultzekoak eta %0,5eko diferentzialarekin- berritu behar dutenek %10,10eko beherapena izango dute kuotan. Bestela esanda, 63 euro gutxiago pagatu beharko dute hilean, edo 756 euro gutxiago urtean. Iazko martxoa %1,909ean amaitu zuen indizeak.

2008ko udan eta udazkenean jo zuen goia Euriborrak, %5,3ko langa gaindituta. Baina urte hartako urrian gainbehera hasi zuen, eta ordutik hilero jaitsi da hipotekak kalkulatzeko erreferentzia. Iazko abendua izan zen salbuespena, baina orduan ere oso igoera txikia izan zuen. Azken hamairu hilabeteotan, berriz, hamabi marka berri ezarri ditu, historiako mailarik txikienean dabilelako.

Adituen ustetan, urtearen erdi aldera gorantz hasi behar luke indizeak, poliki, baina gorantz, eta urtea %1,5 inguruan bukatuko duela diote. Horretarako, baina, Europako Banku Zentralak diru politika aldatu beharko du lehendabizi, eta interes tasak zertxobait igo. Izatekotan ere, igoera txikiak aurreikusten dituzte adituek, euroguneko ekonomiaren hazkundearen sendotasunaren araberakoak. EBZren erabakiak, baina, normalean, AEBetako Erreserba Federalak hartutakoen ildotik etortzen dira. Eta Ben Bernanke Fed-eko presidenteak orain gutxi esan du AEBetako ekonomiak ahul dagoela oraindik. Beraz, datozen hilabeteetan aldaketa gutxi hipotekadunentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.