Euriborraren igoera eten egin da. Europako Batasunaren ekonomiaren moteltzeak inflazioaren arriskua uxatu ahala, EBZ Europako Banku Zentralak interes tasak igotzen jarraitzeko arrazoiak desagertzen ari dira, eta haiekin batera Euriborrak gorantz egiteko motiboak ere. Edonola ere, horrek ez du eragotziko mailegu hipotekarioaren hileroko kopurua orain finkatu behar dutenek gehiago pagatzea, iaztik hona zazpi hamarren igo baita Euriborra. %8 eta %11 artean garestituko dira hipotekak, hilero 50 euroren bueltan batez besteko mailegua dutenentzat.
Behin-behineko datuen arabera, urte bateko Euriborra batez beste %2,097koa izan da abuztuan. Apirilaz geroztiko tasarik txikiena da hori, eta uztailekoa baino ia hamarren bat apalagoa —%2,183koa izan zen orduan—. Gainera, hilabetea beherago itxi du, %2,089an, hain zuzen ere.
Euriborraren igoeraren amaiera hipoteka pagatu behar dutenentzat berri ona bada ere, ekonomiaren egoera pattalagoaren ondorio izateak ospatzen hasteko arrazoiak ezabatzen ditu. Euriborrak igotzeari utzi dio EBZ interes tasak igotzeko aukerak asko urritu direlako, eta hori hazkundearen espektatibari lotuta dago.
Banku zentralak bitan igo du diruaren prezioa aurten, eta hirugarren aldiz urrian edo azaroan egitea espero zen, 2011. urtea %1,75ean bukatzeko. Baina azken datu ekonomikoek aukera hori txikitu dute. Batetik, petrolioa zertxobait merkatu da azkenaldian, eta horri esker inflazioak beheranzko joerari ekin dio. Eurostatek atzo zabaldutako behin-behineko datuaren arabera, prezioak %2,5 igo dira azken urtean euroaren eremuan; udaberrian %3ren bueltan ari ziren igotzen. Eta Libiako gerra dirudien moduan aurki bukatzen bada, eta herrialde hori petrolioa berriro esportatzen hasten bada, ez litzateke harritzekoa erregaia gehiago merkatzea.
Horiek horrela, Trichetek aldatu egin du inflazioari buruzko mezua. Uda aurretik harekiko kezka azaltzen zuen bitartean, astelehenean, Europako Parlamentuan, esan zuen «inflazioaren arriskuak berriro aztertzen» ari zirela. Hots, gaur zortziko bileran EBZk esango duela ez dagoela prezioen bilakaerarekin hain kezkatuta, %2ko helburu sakratutik gora dagoen arren, ekonomia ahulak igoera hori soldatetara igarotzea oztopatuko duelako.
Iragarpenak, behera
Funtsean, arazoa da euroguneko ekonomiaren hazkundea asko moteldu dela eta berriro ere atzeraldian erortzeko arriskua ez dela desagertu. Urteko bigarren hiruhilekoan %0,2 hazi da euroguneko ekonomia; ezer gutxi lehenengoaren %0,8 indartsuaren ondoren. Gelditzea oso nabarmena izan da Alemanian: %1,3 urtarriletik martxora, eta %0,1 apiriletik ekainera. Frantzian ez da hazkunderik izan, Italian %0,3koa izan da, Erresuma Batuan %0,2koa, Espainian %0,1...
Urte arteko tasetan ere moteltzea handia izan da. Europako Batasuneko eta euroguneko ekonomiak %2,5eko erritmoan ari ziren hazten urtearen hasieran, eta %1,6koan urteko bigarren hiruhilekoan. Kontinente zaharretik kanpo ere, egoera antzekoada beste herrialde aberatsetan: AEBetan hazkundea %2,2tik %1,6ra jaitsi da, eta Japonian atzeraldia sakondu egin da,-%0,7tik -%0,9ra igarota.
Datu horiek eskuetan, hazkunde aurreikuspenak txikitzen ari dira iragarle guztiak. Azkenekotakoa S&P's rating agentzia izan da, esan baitu aurten eurogunea %1,9 hazi beharrean %1,7 haziko dela. Nazioarteko Diru Funtsak irailaren amaieran jakinaraziko ditu bere iragarpenak, baina ohartarazi du behera egingo dutela.
Euriborraren igoera eten du ekonomiaren moteltzeak
Inflazioaren jaitsierak eta hazkunde ahulak interes tasen igoera programatua etetera behartuko dute Europako Banku ZentralaHipoteka berritu behar dutenek, ordea, gehiago pagatu beharko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu