Autogintza

Euro 7 urardotu bat onartu dute EBko gobernuek

Proposamenak ez ditu behartuko autogileak beren ibilgailuen motorren CO2 eta NOx isuriak gutxitzera, baina pneumatikoek eta galgek isuritako partikulak gutxitu beharko dituzte. Europako Parlamentuarekin negoziatu beharko dute orain.

Trafikoa Donostiako erdigunean. JON URBE / FOKU
Iker Aranburu.
2023ko irailaren 25a
12:43
Entzun

Europako Parlamentuak eragozten ez badu, autogileek ez dute askorik egin beharko 2035 arte beren ibilgailuen CO2 eta beste gas kutsagarrien isuriak gutxitzeko. Izan ere, industriaren eta haren babesle dien estatuen presioaren ondoren, Europako Batasuneko gobernuek Euro 7 arauaren proiektu bigundu bat onartu dute gaurko bileran. Ahobatezkotasunik ez da izan EBko ministroen artean, eta gehiengo kalifikatu batek onartuta egin du aurrera proposamenak.

Haren arabera, 2025etik 2027ra atzeratuko da Euro 7 indarrean jartzeko urtea. Beste bi urte emango dizkiete kamioiei, 2029 arte.

Euro 7 arauaren berritasun nagusia izango da aurrerantzean pneumatikoen eta galgen partikulen isuriak gutxitu egin beharko dituztela. Auto elektrikoen sistemei ere eragingo die.

Errekuntza motorren CO2-aren eta beste gas kutsagarrien mugak ez dira txikituko.

2015az geroztik Euro 6 dago indarrean, eta, haren arabera, gasolinazko motor batek gehienez gramo bat CO2 isur dezake kilometroko, eta diesel motor batek, 0,5 gramo. NOx gas kutsagarriari dagokionez, dieselak gehienez 0,08 gramo isur ditzake, eta gasolinak, berriz, 0,06.

Tarteko helmuga bat

2035 gorriz markatuta dago auto ekoizleen eta saltzaileen egutegian. Urte horretako urtarrilaren 1etik aurrera, debekatuta edukiko dute Europako Batasun osoan errekuntza motorreko auto berririk saltzea. 1886. urtean Benz Patent-Motorwagen lehen auto komertzialarekin hasitako ibilbidea ixten hasiko da orduan Europako auto industria, gas kutsagarrien isuriak gutxitzeko helburuarekin.

Txirrindularitzan bezala, helmuga nagusi horren aurretik tarteko helmuga bat jarri nahi zuen Europako Batzordeak, Euro 7 izenekoa. Aurreko arauek bezala, koskaz koska autogileak estutzea zen asmoa, beren ibilgailuen kutsadura apal zezaten.

Aurreko arauekin bezala, trabak jarri dituzte orain ere auto ekoizleek, eta oraingoan argudioak funtzionatuko duela dirudi: merezi al du milaka milioi euro gastatzea, soilik urte gutxi batzuk indarrean izango den arau bat betetzeko? Ez al da hobe dirua inbertitzea auto elektriko hobeak eta merkeagoak garatzeko?

Argudio horien aurka, ingurumenaren alde dauden taldeek erabilitako beste bat: Euro 7ko autoek ez diote 2035ean zirkulatzeari utziko, egutegia betez gero errekuntza autoek ez baitute zirkulatzeko debekurik izango 2050. urte arte. Hau da, Euro 7 araua bete behar duten autoak luze ibiliko direla Europako errepideetan.

EBko gobernuek gaur onartutakoa Europako Parlamentuarekin negoziatu beharko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.