Diru politika

Euro digitala, zer da eta zertarako balio du?

Europako Banku Zentralak beste urrats bat egin du euro digitala indarrean jartzeko. Zehaztu du beste ordainketa sistema bat izango dela, eurogune osoan erabili ahal izateko, baina ez duela asmorik gaur egungo sistemak ordezkatzeko.

euro digitala
BERRIA
Iker Aranburu.
2023ko abenduaren 5a
05:00
Entzun

Bi urteko gogoeta prozesu baten ondoren, azaroaren 1ean abiatu zuen Europako Banku Zentralak euro digitala sortzeko prozesua. Bi urtez, euro digitalaren onurak eta arriskuak aztertuko ditu, eta haren amaieran hartuko du EBZk euro digital bat sortzeko edo proiektua geldiarazteko erabakia. Tarte horretan euro digitala sortzeko legedia garatuko dute; Europako Batzordeak aurtengo ekainean aurkeztu zuen lehen zirriborroa.

Eztabaida abiatzeko emandako argudioen artean, EBZk aipatu du digitalizazioak aldaketa handiak ekarri dituela ordainketetan. Diru fisikoaren erabilera gutxitzen aritu da ordainketa elektronikoak zabaldu zirenetik, eta joera hori areagotu du COVID-19aren pandemiak, koronabirusarekin kutsatuta izan zitekeen diru zikinarengatik.

Zer da euro digitala?

Ordainketak egiteko modu bat da, diru fisikorik gabekoa. EBZk azaldu duenez, hiru ordainketa mota egiteko erabili ahal izango litzateke: denda fisikoetan edo ostalaritzan ordainketak egiteko, Internet bidezko erosketetan, eta pertsonen artekoan.

Baina ordainketak dagoeneko digitalki egin daitezke, txartelen bitartez, edo, pertsonen artean bada, Bizum bidez.

Bai. Eta horretan datza euro digitala ezartzeko zalantzetako bat. Gaur egun badaude ordainketak egiteko lau sistema: diru fisikoa, txartela, transferentzia eta bizum eta antzeko sistemak. Zer behar dago sistema berri bat sortzeko? EBZk bi argudio nagusi eman ditu. Lehenengo argudioa da euro digitalak erabili ahal izango direla euroa darabilten herrialde guztietan, estatuen arteko mugarik gabe. Bizuma, esaterako, Espainiako banku sistemako erakundeen asmakizun bat da, eta halako sistemarik ez dago herrialde guztietan. Gainera, horrekin Irunen bizi den herritar batek ezin dio ordainketa pertsonalik egin Hendaiako bati, azken horrek Hegoaldeko edo Espainiako banku batean konturik ez badu. Arazo bera dute Frantziako bankuek sortutako Paylib sistemaren erabiltzaileek: ezin dituzte muga  administratiboez gaindiko operazioak egin. Arazo hori konponduko luke euro digitalak.

Beste argudioa da gaur egungo ordainketa digital gehienak atzerriko enpresen bitartez egiten direla —Visa, Mastercard eta halakoak—, haiengana doala transferentzien diruaren zati bat, eta etekinik ez diotela ateratzen euroguneko enpresek.

Internet bidez erosketak egiteko baliatu ahal izango da?

Baietz dio EBZk. Euro digitalarekin denda elektronikoetan erosi ahal izango da, kreditu eta ordainketa txartelak erabili gabe. Denda digitalaren egoitzak euroguneko herrialde batean egon beharko du, baina, AEBetan, Erresuma Batuan edo Polonian izanez gero, erabili ahal izango dira denda horiek kontu bat baldin badute euroguneko banku batean.

Nola funtzionatuko du euro digitalak?

Indarrean jarriz gero, euro digitala erabili nahi duenak kontu bat izan beharko du ordainketa zerbitzua hornitzen duten erakunde batean; banku batean, alegia. Kontu hori telefono batera lotuta egongo da, aplikazio bakar eta berezi batekin, edo gaur egun indarrean daudenetan txertatuta —Bizum, Paylib eta halakoetan—.

EBZk ziurtatu du telefono adimendua ez dutenek ere izango dutela erabiltzeko aukera, txartelaren bitartez. Gaitasun digitalik ez dutenek ere erabiltzeko modua izan dezaten, erakunde publikoak —posta zerbitzuak eta halakoek— tresnak izango dituzte euro digitala erabiltzeko. Gauza bera bankuetan kontua ez dutenentzat edo talde zaurgarrientzat —etxerik gabekoak, asilo eskatzaileak—.

prototipoak prestatzen ari dira

Europako Banku Zentrala euroguneko finantza erakundeen eta enpresen laguntza jasotzen ari da euro elektronikoaren teknologia lantzeko. Irailean, deialdi bat egin zen prototipoak garatzeko, eta hautatuen artean banku bakar bat izan zen, Caixabank. Nafarroako Kutxa bereganatu zuenetik Nafarroan gehien hedatua den bankuari egokitu zaio pertsonen arteko ordainketak egiteko prototipo bat prestatzea, P2P motakoa.

Baina nola iritsiko da dirua euro digitalen kontura?

Bezeroen kontuetatik igaroko da euro digitalen kontura. Hau da, euro digitalean egindako gastuak ezingo du gainditu pertsona edo enpresa horrek bere bankuaren kontuan daukan diru kopurua. Are gehiago, EBZk jakinarazi du euro digitalen kontuetan kopuru mugatu bat baizik ez duela baimenduko. Azken finean, ordainketa ez oso handiak egiteko sistema bat izango da, eta ez, esaterako, etxe bat edo auto bat erosteko. Baina, demagun, kontu horretan ehun euro izanez gero eta 120 euroko erosketa bat egin nahi bada, azken hogei euro horiek bankuaren kontutik aterako dira.

Herritarren arteko ordainketetan, euro digitalen kontuetatik aterako da dirua, eta kontu horretara iritsiko da. Desberdina da denda eta ostatuentzat: haiei egindako ordainketak zuzenean bilakatuko dira bankuko kontuko dirua.

Zer zeregin izango dute bankuek?

Gaur egun bitartekari lana egiten dute bankuek, ordainketa bat egiten duenaren eta ordain hori jasotzen duenaren artean. Aurrerantzean ere gauza bera egingo dute, herritarrek beren kontuetan duten diruarekin hornituko dutelako beren euro digitalen kontua, eta dendariek eta ostalariek haien kontuetan jasoko dutelako. Alde bat badago gaurko sistemekin: dirua automatikoki aldatuko da kontu batetik bestera; orain, txartelen bitartez egindako transakzioek egun bat edo bi behar izaten dute dirua kontuz aldatzeko.

Gainera, herritarrek bankuek eskainitako aplikazioetan erabiliko dituzte euro digitalak. Gaur egun bezala, bankuei konpentsazio bat emango diete dendariek eta ostalariek haien sistemak erabiltzeagatik. Bilete eta txanponekin bezala, EBZk bere gain hartuko du azpiegitura sortzeko kostua.

Kutxabankek nabarmendu duenez, aldaketarik handiena EBZrentzat eta estatuetako banku zentralentzat izango da: «Diru politikaren kontrol sistema eta kapital ihesen kontrolerako sistemak egokitu beharko dituzte egoera berrira, klik bakar batekin euro digital batek eurogunetik kanpo alde egin ahal izango duelako». Banku komertzialek ere kontrol berri horietara egokitu beharko dute.   

EBZk muga bat jarriko dio herritar bakoitzak bere euro digitalen kontuan izan dezakeen diruari, banku ihesak eragozteko.

Diru fisikoa ordezkatuko al du?

EBZk oso garbi utzi nahi izan du ez duela horretarako inolako asmorik. Europa iparraldeko zenbait lekutan (Suedia, Norvegia...) desagertzekotan dago diru fisikoa, ordainketa ia guztiak elektronikoki egiten direlako, baina billeteek eta txanponak asko erabiltzen dira beste herrialde askotan: Mediterraneo aldekoetan, baina baita Alemanian ere. Egia da, hori bai, COVID-19aren pandemiak eta erosketa elektronikoen hedapenak diru fisikoaren erabilera mugatu duela. Espainiako Bankuak egindako inkesta batek dio 2014an herritarren %86k nahiago zutela ordainketak eskudirutan egitea, baina kopuru hori %65era jaitsi da aurtengo urriko inkestan. 

Zer abantaila ditu?

EBZk dio merkatarientzat sistema merkeagoa izan daitekeela. Gaur egun ordainketa digitalean parte hartzen duen eragile baten beharra kentzen duenez —Visa, Mastercard, American Express, Paypal eta halakoen beharrik ez dago—, bankuek komisio txikiagoak eskaini ahal izango dizkiete saltokiei. Gainera, ordainketa sistemen monopolioaren beharrik gabe, bankuak euren artean lehiatu ahal izango dira zerbitzua nork merkeago eskainiko. 

Herritarrei begira, eurogune osoan erabiltzeko aukeraz gain, Internet bidezko erosketetarako bereziki baliagarria izango dela nabarmendu du banku zentralak, bezeroak beti ezagutuko duelako ordainketa sistema.

Pribatutasuna arazoa izango al da?

EBZk esan du ez duela «inolako interes komertzialik» herritarren ordainketa datuetan eta ez duela inorekin partekatuko. Hortaz, ez luke sarbiderik izango kontuetan eta ez lituzke datuak biltegiratuko. Are gehiago, Internetik gabeko ordainketak ere onartuko lituzke; operazio horiek are pribatuago izango dira, informazioa ordaintzaileak eta jasotzaileak soilik izango dutelako.

EBZren euro digitalak kriptodiruen kontrakoa izan nahi du: ogia erosteko eta kafea pagatzeko modu bat, eta inolaz ere ez inbertitzeko.

Zer arrisku ditu?

EBZk berak onartu du banku ihes bat sortzeko arriskua badagoela. Izan ere, banku batek porrot egin dezake bat-batean edo egun gutxiren buruan bere bezeroek diru asko ateratzen badute, bere operazioak egiteko dirurik gabe geratuko litzatekeelako. Euro digitalarekin ere gerta daiteke herritar askok beren euro digitalen kontuetara eraman nahi izatea diru asko, diru horrek EBZren berme osoa duelako, eta horrek bankuak hustea. Hori eragozteko, EBZk proposatu du muga bat jartzea herritar bakoitzak bere euro digitalaren kontuan izan dezakeen diruari.

EBZk onartu du zibererasoak jasoko dituela, gainontzeko azpiegitura digitalek egiten duten moduan, baina «teknologiarik onena» agindu du ahalik eta seguruena izateko. Segurtasun neurri horrekin estali nahiko dute beste arrisku bat: euro digitala erabiltzea dirua zuritzeko.

Offline ordainketetan bada beste arrisku bat: dirua jaso duenak telefonoa galduko balu edo lapurtuko baliote, jasotako dirua galduko luke.

Noiz jarriko da indarrean?

Azterketa prozesuak gutxienez bi urte iraungo du, eta gero denbora gehiago beharko da indarrean jartzeko. «2026 edo 2027 arte ez da iritsiko», ohartarazi du Kutxabankek. Hortaz, «badago denbora geure bezeroentzat irtenbiderik onenak eskaintzeko».

Zer alde dago euro digitalaren eta kriptodiruaren artean?

Euro digitala EBZren dirua izango da, bileteak eta txanponak diren moduan. Hortaz, banku zentralaren babesa dauka, eta haren zeregina da diru horren balioari eustea. Kriptodiruek, ordea, ez dute berme hori, eta, oro har, ez dira eguneroko ordainketak egiteko erabiltzen, inbertitzeko baizik. EBZren euro digitalak doi-doi kontrakoa izan nahi du: ogia erosteko eta kafea pagatzeko modu bat, eta inolaz ere inbertitzeko.

Beste norbait ari al diru digitala aztertzen?

Bai. Mundu osoan ehunen bat banku zentral ari dira aztertzen edo prestatzen. Horien artean daude Txinako eta Japoniako banku zentralak. Beste banku zentral garrantzitsu batzuek uzkur ikusten dute aukera —AEBetako Erreserba Federala, Ingalaterrako Bankua, Kanadako Bankua...—, eta urratsa egitera animatuko balira, EBZren atzetik egingo lukete.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.