Bere etorkizuna inoiz baino gehiago zalantzan dagoen arren,euroak gorabehera handirik gabe eutsi izan dio orain arte dibisen merkatuan. Baina Bruselako goi bileraren erdipurdiko emaitzak azkenean hautsi du erresistentzia, eta beheranzko bidea hartzera kondenatu du diru bakarra: atzo beste %1 galdu zuen, eta jada 1,30 dolarretik behera dago, lehen aldiz urtarrilaz geroztik. Berri ona esportazioentzat.
Europako Banku Zentralak emandako truke tasa ofizialen arabera, euro batek 1,2993 dolar balio du. Joan den astean, goi bilerak eurogunearen zorraren krisia behingoz konpontzeko oinarriak jarriko zituela espero zenean, 1,34 dolarren bueltan egon zen. Baina uste horiek, aurreko goi bileren aurrekoak bezalaxe, baikorregiak ziren. Erresuma Batuak bere burua baztertzeak, beste herrialde batzuen zalantzek eta krisiari epe motzeko konponbiderik ez proposatzeak berriro ekarri dituzte euroguneari eta euroari berari buruzko zalantzak.
Oraingoz, euroaren balio galerak ez du alarmarik piztu. Batetik, maila historikoari begiratuz gero, euroa ez dagoelako merke. Duela ia hamar urte herritarren patriketara iritsi zenean, Europako diru bakarrak 0,95 dolar balio zuen, eta 1,30 dolarreko muga ez zuen lehen aldiz 2004ko azarora arte lortu. Goia 2008ko uztailaren 15ean jo zuen, 1,5990 dolarretan salerosi zenean, eta horrek bai sortu zuen hotzikara, industrian batez ere.
Bestetik, euroak balio galtzeak esportazioei lagundu beharko lieke, eurogunetik kanpo saldutako produktuak merkatu egiten dituelako.Esportazioen beharra inoiz baino handiagoa da euroaren eremuan, neurritasun politika gastu publikoa eta kontsumo pribatua gutxitzen ari delako. Ondorioak, ordea, ez dira ikusgarriak izango Euskal Herriarentzat, salmenta gehienak eurogunearen barruan egiten direlako.
Diziplina eta hazkundea
Europak lehentasuna diziplina fiskalari ematea da, adituen arabera, euroaren beherakadaren arrazoietako bat. Inbertsoreek uste dute gastuaren doikuntzak hazkunde ekonomikoa gutxitzen duen bitartean AEBek ekonomiari bultzada emateko joera handiagoa dutela. Europako ekonomia gehienak uneotan atzeraldian daudela diote datu gehienek, eta urtea ere zenbaki negatiboetan hasiko dutela diote iragarpenek. Municheko Ifo institutuak atzo iragarri zuenez, Alemania bera %0,4 baizik ez da haziko 2012an, urrian esan zuenaren erdia. AEBek, berriz, hazkundeari eusten diote.
Horrek eta Europako gobernuak krisiari emandako erantzun epelak «gordeleku segurua» bilatzera bultzatzen dituzte inbertsoreak; dolarrera, hain zuzen ere. Giro horrek euroa ez diren beste diru batzuei ere eragiten die. Udaz geroztik Indiako errupiak balioaren %20 galdu du dolarrarekiko eta %10 Hego Koreako wonek. Urreak ere balioaren %10 galdu du azken astean.
Euroa ez ezik, Bruselako goi bileraren biharamonak beherantz bultzatzen ari da burtsak ere. Atzo %1,5 eta %2,5 artean galdu zuten Europako balio merkatuek. Arrisku sariek, ordea, puntu batzuk gora egin zuten, Italiak pattal saldu zuelako bere zorra.
Euroa erortzen hasi da
Europako diru bakarra azken hamaika hilabeteotako mailarik apalenera jaitsi da, azken bileraren osteko zalantzen ondoriozEsportaziorako ona izan behar luke horren beharra oso handia den garaia honetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu