Krisia eurogunean. Europako Banku Zentralaren bilera

Euroaren krisia aldatu zuen eguna

Finantza merkatuen tentsioak baretu ditu Draghiren eskuak, baina hobekuntza ez da iritsi ekonomia errealera

Ivan Santamaria.
2013ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Frantzisko I.a ezohiko gonbidatua izan zen atzo EBZ Europako Banku Zentraleko bileran. Ez zegoen han, noski, baina aita santuaren txio bati buruz galdetu zioten Mario Draghi EBZko presidenteari. Funtsean, langabeziarekin arduratuta dagoela zioen Frantzisko I.ak, eta horren ardura etekina beste edozerren gainetik bilatzen duen «pentsamolde berekoiari» leporatu zion. Galdera malizioso samarra atera zen hortik: «Etsigarria zaizu jendeak uste izatea merkatuak baretzea lortu duzula, baina ez duzula ezer egin ekonomia erreala konpontzeko?». Asko loratuta, baina, azkenean, baietz, etsita dagoela aitortu zuen Draghik

Pasadizoak ondo laburbiltzen du azken bederatzi hilabeteetan zer gertatu den euroaren krisiarekin. Inork ez du zalantzan jartzen finantza merkatuen egoera lasaitu dela, finantzaketa baldintzak gobernuentzat hobetu direla eta euroa apurtzeko arriskua geroz eta urrunago dagoela. Norabide aldaketa hura noiz eta nola hasi zen ere jakina da. Olinpiar Jokoen harira Londresen eginiko hitzaldi batean euroa salbatzeko «edozer» egiteko prest zegoela agindu zuen Draghik. Esaldia ere ondo borobildu zuen: «Sinetsidazue, nahikoa izango da». 2012. urteko uztailaren 26a zen. Akaso, krisiaren patua aldatu zuen eguna.

Pare bat egun lehenago Espainiaren eta Italiaren arrisku sariek goia jo zuten. Beste erreskate erraldoi baten zurrumurrua ahoz aho zebilen, are gehiago Espainiari bankuak salbatzeko 100.000 milioiko mailegua hitzartu ondoren. Espainia eta Italia erorita, euroaren proiektuak etorkizunik ote zuen galdera erabakigarria bihurtu zen. Gobernuen arteko mesfidantzekin gogaituta, begi guztiak Frankfurtera begira jarri ziren. EBZren ordua zen.

Hitzaldi soil bat izateko, efektu oso lasaigarri bat izan zuten Mario Draghiren hitzek. Aspaldiko partez, atsedena eman zuten merkatuek, abuztuaren amaieran zer gertatuko zain. Azkenean, OMT programa aurkeztu zuen EBZk. Arazoak zituzten herrialdeen zor publikoa epemugarik gabe erostea erabaki zuen kontseiluak, trukean laguntza nahi zuten herrialdeei baldintza estuak ezarrita.

Urtebeteren ondoren, hau

OMT programa martxan jartzeko, erreskatea eskatu beharko zuten herrialdeek. Horrek Espainiaren eta Italiaren teilatuan jarri zuen pilota. Haatik, zeharkako efektu bat lortu zuen EBZk. Behar besteko zor publikoa erosteko aginduak euroaren iraunkortasunari buruz mezu argia bidali zuen. Esku hartzeko iragarpen hutsak euroaren aurka apustu egiten ari zirenak uxatu zituen.

Galdetzen zaion bakoitzean, egindako politikak justifikatzea gustuko du Draghik. Finantza merkatuen hobekuntza, batez ere, bi alorretan nabarmentzea gustatzen zaio. Batetik, gobernuen finantzaketa. Bestetik, burtsek izan duten gorakada jarraitua azken hilabeteotan.

Espainiaren arrisku saria, hain zuzen ere, %45 murriztu da joan den uztailean goia jo zuenetik, eta 300 punturen bueltan dago. Italian, berriz, %49 jaitsi da. Burtsen kasuan, indize nagusi gehienen hazkunde aipagarria izan dute: Bilbao 2.000 %37 handitu da, Ibex-35 %41, CAC-40 %25 eta Dax-30, %24.

Arazo nagusia da oraingoz lorpen horiek oso eragin gutxi izan dutela ekonomia errealean, hasiera batean euren arrazoia hori zela argudiatu arren. Esaterako, OMT programari edo LTRO bankuei eskainitako diru enkanteei esker kreditu merkatuaren zatiketa zuzentzea espero zuen banku zentralak. Alegia, herrialde ezberdinetako enpresa eta familiei eskaintzen zaizkien maileguetako interesen arteko aldea arintzea. Ez da lortu, eta oraindik ere Espainian edo Italian dirua eskatzea garestiagoa da. Kreditu eskasia ere agerikoa da, eta enpresen kezka nagusia da krisiak jota dauden herrialdeetan.

EBZko buruak aitortu du arazo hori ez dela amaitu. Edonola ere, azkenaldian egoerak ez duela okerrera egin defendatu du, desoreka guztia zuzentzeko denbora beharko dela onartuta. Horregatik presioa biderkatu da aurreko egunetan, eta enpresa txiki eta ertainei finantzaketa errazteko bide zuzenagoak eskatu zaizkio bankuari. Oraingoz ez du ezer egingo alor horretan, atzoko agiri ofizialean lehen aldiz langabeziari buruzko ardura aipatu zuen arren.

Azaroan bi urte egingo ditu Mario Draghik EBZko gidaritzan. Ez dira nolanahiko egunak. Erreserba Federalaren gisako esku hartze zuzena eskatzen diote herrialde batzuk ekonomia suspertzeko. Beste batzuk, Alemania buru, edozein mugimenduren aurkaaholkatzen diote. Oraingoz, interes tasak historiako maila txikienean kokatu ditu EBZk, baina Europan kezka politikoa austeritatetik hazkundera igarotzen ari den unean eman duen lehen erantzuna krisia aldarazi zuen egunetako zirraratik urrun geratu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.