Eurogunea ere atzeralditik atera da, Alemaniaren eta Frantziaren bultzadari esker

Europako Batasuneko herrialde handietatik Erresuma Batua eta Espainia soilik daude zenbaki negatiboekin

Iker Aranburu.
2009ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Bost hiruhilekoren ondoren, euroaren eremuko ekonomiak ere gainditu egin du atzeraldia. Euroa darabilten hamasei herrialdeen barne produktu gordina %0,4 hazi zen uztailaren 1etik irailaren 30era arte. Alemania eta Frantzia ez ezik, Italia ere atzeralditik atera da, eta Espainia da hazkunde negatiboa duen estatukide handi bakarra.

Euroaren eremukoak ez diren herrialdeak ere kontuan hartuta, zenbaki positiboetara itzuli da Europako Batasuna: %0,2 hazi da urteko hirugarren hiruhilekoan, aurrekoarekin alderatuz gero. Datuak euroaren eremukoak baino okerragoak dira, Erresuma Batua eta ekialdeko herrialde ugari (Errumania, Hungaria, Estonia) oraindik atzeraldian daudelako.

Urte arteko hazkunde tasak, ordea, oso negatiboak dira oraindik orain, nahiz eta zertxobait apaldu diren: -%4,1 eurogunean (-%4,8 urteko bigarren hiruhilekoan) eta -%4,3 EB 27n (-%4,9).

Eurogunearen eta EBren hazkundearen zati handi bat kontinenteko ekonomia handienari zor zaio, Alemaniari. Sei hilabete jarraian darama zenbaki positiboetan: %0,4 hazi zen urteko bigarren hiruhilekoan (%0,3ko datua berrikusi du) eta %0,7 azkenekoan. Esportazioen eta enpresen inbertsioen handitzea izan dira hazkundearen arrazoi nagusiak, herritarren kontsumoa uzkurtu egin baita. Azken horretan zerikusia izan du autoak berritzeko Gobernuak emandako laguntzak bukatu izana.

Frantzian, kontsumoa apal

Frantzia, berriz, %0,3 hazi da udako hilabeteetan, udaberrikoetan bezainbeste. Datu hobea espero zuten adituek, Frantziako enpresaburuen konfiantza indizeak Alemaniakoak baino hobeak zirelako.Kasu horretan ere, esportazioek bultzatu egin dute hazkundea -%2,3 hazi dira-. Kontsumoa, berriz, %0,1 txikitu da, nahiz eta Parisko agintariek eutsi egin dieten autoak erosteko laguntzei.

Christine Lagarde Frantziako Ekonomia ministroak garrantzia kendu zion kontsumoa hazten ez jarraitzeari, eta beste datu bat nabarmendu zuen: hirugarren hiruhilekoan 5.500 lanpostu galdu ziren, gutxitxo urteko lehen erdiko 271.000 enpleguekin alderatuz gero. Gauzak horrela, Lagardek espero du urteko azken hiruhilekoan ekonomia are gehiago haziko dela. Gainera, ministroak berretsi egin zuen ekonomia sustatzeko programek indarrean jarraituko dutela 2010ean ere.

Datu ona eman du euroaren eremuko ekonomia handienetanhirugarrenak, Italiak. Urte eta erdiko atzeraldia gainditu du, azken hiruhilekoan BPGa urteko bigarrenean baino %0,7 handiagoa izan baita. Krisia beste herrialdeetara iritsi aurretik ere oso pattal zebilen Italia, eta 2006az geroztik ez zuen halako hazkunde tasarik izan. Horri esker, azken 12 hilabeteotako hazkunde negatiboa -%4,6 behera-, Europako Batasunaren %4,3ko batezbestekora hurbildu da.

Atzeraldian jarraitzen duten bi herrialde handi bakarrak dira Espainia (-%0,3) eta Erresuma Batua (-%0,4). Biek, Irlandarekin batera, beste arazo bat gehitu behar diote nazioarteko krisiari: etxebizitza sektorea oso puztuta izan dutela azken hamarkadan.

Europako ekonomia populatuenen artean Poloniako datuak falta dira. Hain zuzen ere, krisia jasan arren atzeraldian sartu ez den Europako estatu bakarra.



Zenbakia

-%14,3

Lituania, hobera. Lehen bi hiruhilekoetan jaitsiera eskandalagarriak izan ostean (-%11,3 eta -%7,7), egoera zuzendu du Lituaniak, %6 hazita. Hala ere, azken urtean %14,3 txikitu da hango ekonomia.





Alemaniako 'bost jakintsuak' ez daude oso gustura zerga jaitsierarekin

Ekonomisten Kontseilu Aholkuemaileak kritikak egin dizkio Alemaniako Gobernuari, iragarritako zerga jaitsieranola finantzatuko duen azaldu ez duelako. Bost Jakintsuekez dute, berez, zergak jaistea txartzat hartu, baina auzitan jarri dute ekonomiaren hazkundeari asko lagunduko dionik. Oro har, Alemaniako Gobernuaren aholkulariak osomesfidati azaldu dira CDUk eta FDPk osatu berri duten exekutiboarekin. «Koalizio-ituna ikusita, ez dirudi ohartu direnik datozen urteotan etorriko diren erronken neurriaz», dio txostenak. Hazkundea oso ahula dela eta defizitari aurre egin beharko zaiola nabarmendu dute adituek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.