Zalantzak Europako ekonomian. Egoeraren diagnostikoa

Eurogunea, ospitalean

Euroguneko ekonomia nagusiak gaixotzen ari dira, eta ahultasuna kutsagarria da. Austeritatearen botika ez da eraginkorra, eta gero eta ekonomista gehiagok uste dute sendagai berrien garaia dela.

Jon Fernandez.
2014ko urriaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
1. GAIXOAK

Elkar kutsatzeko arriskuan

Alemania

Eurogunearen motorra da oraindik ere, baina ahulduta dago. Haren ekonomia %0,2 uzkurtu da aurtengo bigarren hiruhilekoan. Esportazioek pisu handia dute haren ekonomian (BPGaren %40), eta oraingoz arazorik ez badu ere, baliteke austeritateak itotako Europan erosleak gutxitzea etorkizunean: Frantzia da haren esportazioen helmuga nagusia, eta hazkundea geldituta dago han. Marcel Fratzscher ekonomista alemaniarrak uste du Berlinen arazo nagusia inbertsio pribatu eta publikoaren falta dela, baina Merkelen gobernuak ez du handitu nahi, zorrik ez sortzeko. OCDEko herrialdeen batez bestekoa baino %20 inbertsio gutxiago ditu, eta esportazioekiko dependentzia handia du. Langileen soldatak 2000. urtekoak baino apalagoak dira, eta desberdintasun sozialak Europako handienak dira.

Frantzia

«Frantzia da Europako gaixoa», George Soros estatubatuar fortunadunaren ustez. Gehiegi esatea da hori Simon Tilford CER Europako Erreformarako Zentroko zuzendariarentzat: «Frantzia ez da Europako gaixoa, baina ahultzen ari da Bruselak eta Berlinek agindutako sendagaiari esker». Hazkunde barik egin ditu lehen sei hilabeteak. Ahulezia sintomak agerikoak dira. %3ko defizit helburua bi urtez atzeratuko du, 2017ra, eta esportazioetan arazoak ditu. Lehiakortasuna galdu du alemaniarrekin, «ez frantziarren kostuak asko igo direlako, 2005etik alemaniarren soldatak hazkundearen azpitik igo direlako baizik», Tilforden arabera. Gainera, Frantziaren erosle garrantzitsu bi erori egin dira (Espainia eta Italia), eta erosle nagusiaren ahultasuna, Alemaniarena, oztopo bihurtu zaio. «Parisek berehala behar duena ez da bere soldatak txikitzea, alemaniarren soldatak igotzea baizik», Tilforden iritziz. Frantziak bere ekonomian egiturazko aldaketak egitearen aldekoa da CEReko burua, baina ez zehazki Bruselak eskatzen dion norabidean.

Italia

Hirugarren aldiz erori da atzeraldian 2008tik: %0,2 uzkurtu zen BPGa apiriletik ekainera —lehen hiruhilekoan %0,1 uzkurtu zen, eta 2013 osoan, %1,9—. Bruselak eta EBZk behin eta berriz eskatu dizkiote egiturazko erreformak Erromari, baina Matteo Renzi lehen ministroak bere erara egin nahi ditu aldaketak. «Barregura ematen dit gure ereduak Espainia izan behar duela esaten digutenean», esan zuen. Italian %12,3koa da langabezia —%24,5ekoa da Espainian—, eta %135,6koa BPGarekiko zor publikoa. Ez ditu soldatak jaitsi nahi krisiari aurre egiteko: Egonkortasun Ituna leuntzea eta hazkundea hauspotzeko Europan inbertsioak sustatzea proposatzen du.

Espainia

Nahiz eta aurtengo bigarren hiruhilekoan euroguneko lau ekonomia handien artean hazkundea izan duen bakarra den (%0,6), kontuan izan behar da orain arte gehien uzkurtu dena dela eta maila apalenetik igotzen ari dena dela. Ahultasun larriena langabezia tasa gehiegizkoan du Espainiak: %24,5. Krisiari aurre egiteko, Madrilen estrategia austeritatean, murrizketetan, lan merkatuaren erreforman eta barne debaluazioan oinarritu da, Bruselak eta Berlinek eskatu bezala. Baina inportazioak esportazioak baino handiagoak dira berriro joan den ekainetik, eta gobernuak aitortu du aurtengo balizko %1,3ko hazkundearen motorra barne kontsumoa eta eraikuntza izango direla, eta ez horrenbeste esportazioak. Gizartearen %27,3 dago pobrezia arriskuan, eta zorpetze publikoa ia %100era iritsi da.

Grezia

Gaixoak eta gaixoak izaten dira ospitaleetan. Zainketa intentsiboetakoak dira batzuk, gela arruntetakoak besteak. Grezia oraindik ere zainketa berezietan dago. 2010etik gaur arte bi erreskate jaso ditu, eta zorraren kita bat ere onartu zioten hartzekodunek. Halere, oraindik ez dira uxatu ez hirugarren erreskatearen mamua ez bigarren kitarena. Sei urte daramatza hazkunde barik, BPGarekiko %175eko zor publikoa du, eta euroguneko langabezia tasarik handiena (%27).

Portugal

Hiru urteko erreskatearen senda-agiria jaso zuen maiatzean, baina horrek ez du esan nahi ekonomia oraindik ere oso makal ez dagoenik. Troikaren neurrien ondorioz, 2010etik 2013ra bitartean %6 uzkurtu da herrialdearen BPGa, langabezia tasa %14an dago egun, eta zorpetze publikoa BPGarekiko %129koa da. Bruselak aurreikuspenak hobetu dizkio —aurten %1,6 haztea espero du—, baina Lisboak berretsi du austeritate politikekin jarraituko duela.

2. SENDAGAIAK

Orain arteko botikak

Angela Merkel

Austeritate politiken defendatzaile sutsua da Alemaniako kantzilerra, eta eredu hori ezarri die gainontzeko estatu kideei. Gastu publikoa eta defizit publikoa murriztea du helburu nagusi, eta lan merkatua erreformatzea «malgutasunaren» mesedetan —normalean, langileen baldintzen kaltetan—. Murrizketa politika horiek guztiak batera aplikatzean, hazkundea oztopatu, zorpetze publikoa handitu eta herritarren bizi-maila okertu da. Merkelentzat beharrezko sendagaia bada ere, ekonomista kritikoentzat austeritatea neurri handiegian pozoi bihur daiteke ekonomiaren onbideratzerako.

Mario Draghi

2012ko udan, Espainia eta Italia amildegiaren ertzean zeuden, eta haiekin, euroa bera. 639 oinarrizko puntutara iritsi zen Espainiaren arrisku saria; 536ra Italiakoa. Esaldi bakar batekin konpondu zuen arazoa EBZko buruak: «Euroari eusteko, edozer egiteko gertu dago Europako Banku Zentrala». Baina ez zen beharrezkoa izan ezer egiterik. Orain arte. Eurogunea hirugarren atzeraldiaren eta deflazioaren atarian ikustean, zerbait egiten hastea erabaki du Draghik. Urtea amaitu baino lehen 400.000 milioi euro mugiarazi nahi ditu bankuek enpresei eta familiei dirua eman diezaieten, eta zor pribatua erosten ere hasiko da. Askorentzat, neurriok berandu datoz, eta ez dira nahikoa. Berez, Draghik badu gordea azken bala, Berlinek ondo itxitako giltzarrapoarekin bada ere: estatuen zorra zuzenean erostea.

3. SINTOMAK

Eurogunearen ahultasun nagusiak

Hazkunde ahula

%0,0, horixe Eurostatek emandako hazkundearen azken datua, 2014ko bigarren hiruhilekoarena. Euroguneko ekonomia nagusien geldialdiak moztu egin du azken urte eta erdiko hazkunde ahula, eta hirugarren atzeraldiaren arriskua zabaldu du.

Inflazio txikia

Azken bost urteetako inflaziorik txikiena izan du euroguneak irailean, %0,3. Deflazioaren mamua ez da aldendu.

Langabezia

18.326 milioi herritar langabezian daude eurogunean, %11,5. Gainera, 25 urtetik beherakoen artean, langabezia tasa handiagoa da: %23,1. Greziak (%27) eta Espainiak (%24,4) dituzte langabezia tasarik handienak.

Lehiakortasun galtzea

Europako Batzordearen arabera, inbertsio faltak, energiaren garestitzeak, finantzaketarako aukera urriak eta enpresa txiki eta ertainek merkatuetara iristeko dituzten zailtasunek zaildu egiten dute Europako industriaren lehiakortasun mailari eustea.

Zorra

Krisia piztu aurretik, 2007an, BPGarekiko %66ko zor publikoa zeukan euroguneak. Iaz, berriz, %92,6ra igota zegoen. Zorpetze neurrigabeak hazkundea eta enplegu sorrera oztopatzen ditu.

4. ALTERNATIBAK

CER-en diagnostiko eta sendagai alternatiboak

(Center for European Reform)

Inbertsio publikoa

«Inbertsio publiko handiagoa, aldi baterako zergen murrizketa, zerga sistemaren erreforma, produktu merkatuetan lehiakortasuna bultzatzeko egiturazko erreformak eta diru politika erasokorrago bat, horiek guztiak batera egin behar dira susperraldia berreskuratzeko».

«Eurogune osoan austeritatea ezartzea hutsegite bat izan da».

«Inbertsio publikoa bosten bat txikitu da 2009tik 2013ra. Baina teoria ekonomikoek eta ebidentziak erakusten dute atzeraldietan inbertsio publikoak hazkundea bultzatzen duela eta defizita handitzen duena baino gehiago igotzen dituela zergen diru sarrerak, epe ertainera BPGarekiko zorra apaltzen laguntzen duela eta epe luzera produktibitatea handitzen duela. Ia ez dago ezer txarragorik krisi ekonomiko gogorretan inbertsio publikoak murriztea baino».

«Barne produktu gordinarekiko %1eko inbertsio publiko batek 2009ko mailara igoko luke euroguneko inbertsio tasa».

«Greziak eta agian Italiak izan ezik, estatuek gastu publiko gehiago egin dezakete. Guztiz legezkoa izango litzateke, Egonkortasunerako eta Hazkunderako Itunaren 'egoera berezien' araua aplikatuko balitz. Izan ere, arau horrek estatuei aukera ematen die defizit helburuak ez betetzeko 'atzeraldi sakoneko garaietan'».

Zerga murrizketak

«Inbertsio publikoaren osagarria izan behar du zergen jaitsierak».

«Diru sarrerei kalte egin barik zergak jaisteko, zerga sistemaren osaketa aldatu behar da: langile europarren lehiakortasuna garestitzen duten lan zergak txikitu behar dira, eta ondasuna, herentzia, jabetza eta karbono dioxidoaren isurketak gehiago zergapetu».

«Europako ekonomiaren ahultasun muturrekoa dela eta, urtebetez murriztu behar lukete errenta zerga. Horrelako zerga murrizketek familien gastuan izaten dute eraginik handiena, AEBetako esperientziak erakutsi duen bezala. Alemaniak, bereziki, modu horretan susta dezake bere barne ekonomia».

Erreformak

«EBk bultzatutako erreformen obsesioa lan merkatua aldatzea izan da. Baina horrek gehiago tenkatu du ekonomia, eskaririk ez dagoenean jende gehiago kaleratzen delako kontratatu baino».

EBZ

«EBZk ere gehiago egin behar du. Zor pribatua zuzenean erostea ez da nahikoa eurogunearen inflazioa EBZren helburura igotzeko [%2]».

«EBZk neurri berri bi iragarri behar lituzke. Batetik, inflazio txikiegia orekatzeko asmoa daukala; horrek etorkizuneko diru sarreren eta prezioen itxaropena hobetuko luke, eta euroa apalduko luke, eta esportazioak hobetu. Bigarrenik, EBZk zor pribatu eta publikoaren erosketa mugagabea iragarri behar luke.

Zorra

«Europako gidariek hazkundea eta inflazioa handitzeko erabakiak hartzen ez badituzte, zor publikoa jasanezina bihurtuko da estatu askotan, Italiatik hasita. Alemania da aldaketarako oztopo nagusia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.