Euroguneak %9,2ko inflazioarekin itxi zuen 2022a. Abenduan inoiz izandako daturik handiena da, baina azaroan zuena baino puntu bat apalagoa (%10,3). Europako Batasuneko herrialdeei erreparatuz gero, %10,4koa izan zen, eta hark ere jaitsiera handia izan zuen azaroaz geroztik (%11,3). 29 herrialdeen artean alde handiak egon ziren. Tasa baxuenak Espainiak (%5,5), Luxenburgok (%6,5) eta Frantziak (%6,7) izan zituzten; altuenak, aldiz, Hungariak (%25), Letoniak (%20,7) eta Lituaniak (%20).
Inflazioaren datua kalkulatzeko erabiltzen diren salgaien araberako azterketa eginez gero, energia izan zen prezioen igoeraren eragile nagusia: %25,5. Dena den, zazpi puntuko jaitsiera izan zuen azaroko datuarekin alderatuta (%34,9). Jakiek, edari alkoholdunek eta tabakoak, berriz, gora egin zuten abenduan, azaroko %13,6tik %13,8ra. Zerbitzuen prezioaren bilakaera ere gorakoa izan zen: %4,2tik %4,4ra. Azpiko inflazio deritzonak ere —ez ditu kontuan hartzen energiaren eta elikagai freskoen prezioak— gora egin zuen abenduan: %5etik %5,2ra.