Bankuak hobeto daude azken ureetan beren sisteman garbiketa lan handia egin ondoren, baina ez da nahikoa. EBZ Europako Banku Zentralak abisu argia eman die Euroguneko finantza entitateei: zalantzazko maileguen garbiketa gehiago egin behar da, oraindik "arazo garrantzitsua" direlako.
Daniele Nouy EBZko Zaitzako Kontseiluko presidenteak dio bankuak "sendoagoak" direla orain egoera zailen aurrean, baina NPL maileguak (zalantzazkoak) 760.000 milioi eurokoak direla oraindik. Azken urteetan 200.000 milioi euroko mailegu susmagarri kendu dituzte euren kontuetatik bankuek, baina garbiketak ezin du etenik izan, Nouyk dionez. "Bankuek garai onak baliatu behar dituzte lan hori egiteko; garai horiek orain dira".
De Guindos, EBZko presidenteiordegai
Espainiak Luis de Guindos bere Ekonomia ministroa aurkeztu du EBZko presidenteorde izateko. Mario Centeno Eurotaldeko presidenteak Madrilen gutuna jaso du hautagaitza horren proposamenarekin. Europako Kontseiluak martxoaren 22an edo 23an erabakiko du nor izango den EBZko presidenteordea, Vitor Constancio portugesaren lekukoa hartuta. Irlandako Banku Zentraleko presidente Philip Lane ere bada posturako hautagai, Dublinek hura proposatu ondoren.