Eurogunean, behera doa defizita eta gora zorra

Burtsek jaitsiera handiekin hartu dituzte Herbehereetako Gobernuaren erorketa eta Hollanderen lehen itzuliko garaipenaEspainiak iaz %8,5eko defizit publikoa izan zuela baieztatu du Eurostatek

Iker Aranburu.
2012ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Apiril osoan Euskal Herriko zeruak estali dituzten laino beltzek estaltzen dute euroguneko egoera ekonomikoa ere. Iaz defizita pare bat puntu jaistea lortu zuen arren, zorraren gorakadak ez du etenik, eta barne produktu gordinaren %87,2ra iritsi da honezkero. Burtsek berriro behera egin zuten nabarmen atzo, berri txarrak bata bestearen atzetik pilatu zirelako: Herbehereetako Gobernua erori egin da, ez delako gai izan defizita murrizteko plana adosteko; Espainiak atzeraldian dagoela baieztatu du, eta euroguneko industriaren jarduera neurtzen duten indizeek ustekabeko jaitsiera izan dute. Gainera, François Hollandek Frantziako lehendakaritzako hauteskundeetako lehen itzulian garaitu izanak auzitan jarri du orain arteko politika ekonomikoa, eta gatazka sor dezake Frantziaren eta Alemaniaren artean.

Europako Batasuna eta batez ere euroaren eremua estutzen duen antsietatea finantza merkatuetan antzeman zen gehien. Apirilarekin batera hasitako beheranzko bidean beste koska bat jaitsi zuten burtsek. Europako enpresa handienak biltzen dituen Eurostoxx indizea %2,87 jaitsi zen; %3,83 galdu zuen Milangoak, %3,41 Frankfurtekoak, %2,97 Parisek eta %2,76 Madrilgo Ibexek. Azken hori 2009ko martxoko mailara jaitsi da, baina oso hurbil du 2003koa ere. Alemaniaren zorra are gehiago merkatzeak Mariano Raxoiren agintaldiko mailarik gorenera eraman du arrisku saria, 436 puntura. Horren ondorioz, Espainiako Altxorrak murriztu egin du gaurko iragarria zuen zor enkantea: 2.000 milioi bildu nahi ditu.

Espainia, atzeraldian

Espainia dago, hain zuzen ere, euroguneko ekonomiari buruzko kezka guztien lehen lerroan. Espainiak —edo hango banku askok behintzat— eurogunearen erreskatea jaso beharko dutela uste dute analista eta inbertsiogile askok, indarrean jarritako austeritate neurri gogorrek ekonomiaren uzkurtzea areagotu dutelako. Atzo, urteko lehen hiruhilekoan atzeraldian sartu zela aurreratu zuen Espainiako Bankuak: %0,4 txikitu zen 2011ko azken hiruhilekoarekin alderatuz gero. Espainiako Ekonomia ministroak hilaren 30ean emango du datu ofiziala. Langabeziak bultzatuta, kontsumoak jaisten jarraitzen du, eta horrek inbertsioak atzeratu ditu. Esportazioen hazkunde tasa erdira gutxitu da, merkatu nagusien geldialdiaren ondorioz.

Espainiaren defizit publikoaren zuloaren tamainari buruzko zalantzak uxatu ditu Eurostatek, Madrilgo gobernuak bidalitako datua —BPGaren %8,51ko defizita— ontzat hartu baitu. 2010ean %9,3ko defizita izan zuen. Datu hori eskuetan duela, Europako Batzordeak aztertu egin behar ditu orain Espainiak bidali dizkion aurrekontuak, eta neurtu behar du posible izango ote zaion aurtengo helburua betetzea—%5,3koa—, edo, gero eta aditu eta erakunde gehiagok aholkatzen duten moduan, murrizketa apalagoa exijitzen ote dion.

Irlandaren kasua

Espainiak bezalaxe, euroguneko eta EBko kide gehienek lortu zuten defizita murriztea. Euroa darabilten hamazazpi estatuetan %6,2tik %4,1era jaitsi zen, eta %6,5etik %4,5era batasun osoan. Salbuespen bakarrak Zipre eta Eslovenia izan dira, bietan gora egin baitu defizit publikoak.

Jaitsiera handiena Irlandan gertatu da: %31,2tik %13,1era. 2010eko datua puztu egin zuen Irlandak bere banku nagusiak nazionalizatu izanak. Iaz ere beste 16.500 milioi sartu zituen Dublinek Irish Life eta AIB bankuetan; horietatik 5.800 kapital sarrera gisa zenbatu dituzte, eta, hortaz, 3,7 puntu handitu dute defizit publikoa. Horiek gabe %9,4ko defizita izango zuela nabarmendu du Dublinek, Troikak erreskate planean ezarritako %10,6ko mugatik behera. Zorra, berriz, %92,5etik %108,2ra igo da, eta Eurostatek uste du are handiagoa izango zela NAMArena zenbatu balitz; agentzia haren esku geratu dira bankuek eraikuntzan zituzten aktibo toxikoak. Dublinek ez du zenbatu, hurrengo asteotan NAMAren zati bat salduko duela agindu baitu.

Greziak izan zuen iaz zorrik handiena, BPGaren %165ekoa. Aurten, baina, nabarmen jaitsi beharko litzateke, hartzekodun pribatuekin zorraren zati handi bat barkatzeko akordioa lortu baitzuen Atenasek martxoan.

Beste muturrean dago Estonia: iaz, %1eko superabita izan zuen, eta 965 milioi zor ditu,BPGaren %6 baizik ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.