Alemania salbuespena izateari uzteko bidean dago. Zorraren krisia, bankuei buruzko zalantzak eta arazo guztiei Europako Batasuneko agintariak ematen ari zaizkien erantzun duda-mudatiak lokomotorra moteltzen ari dira, geratzeko arriskuarekin, atzo Alemaniako ikerketa ekonomikoko zortzi institutu nagusiek kaleratutako txosten bateratuak dioenez. Eta harekin batera Asiako ekonomia gehienak ere erritmoa galtzen ari direla ohartarazi du NDF Nazioarteko Diru Funtsak.
Alemaniako ekonomiak galga jarria duela aurretik ere erakutsi dute datuek: barne produktu gordina %1,3 handitu zen urteko lehen hiruhilekoan —aurrekoarekin alderatuta—, eta %0,1 bigarrenean. Baina Berlingo agintariek espero dutenaren aurka, motelaldia uste baino luzeagoa izango dela ziurtatu dute Alemaniako institutu ekonomikoek. Gobernuari urtean bitan ematen dioten txosten horrek dio amaitu berri den hirugarren hiruhilekoan ekonomia agian txikitu egingo dela, eta urte bukaeran ere ez dela suspertzerik izango. Urte hasieran aipatutako %3,6ko hazkundea %2,9an da geratzekoa, eta 2012a okerragoa izango da: %2tik %0,8ra apaldu dute iragarpena.
Arrazoiak aipatzeko orduan, ez da ustekaberik: «Eurogunearen zorraren eta konfiantzaren krisiek gero eta ondorio kaltegarriagoak dituzte Alemaniako ekonomian». Eta noski, motor nagusia geratzen bada, hura elikatzen dutenek ere sufritzen dute, Euskal Herriko enpresak barne. Patronalek ohartarazi dute esportazioak ez dabiltzala urte hasieran bezain sendo. Gipuzkoako Merkataritza Ganberak ziurtatu du «berri txarrak» batez ere makina erremintari eta autoen osagaien industriari egingo diola kalte handiena. Gainera, Alemania moteltzen bada, beste herrialdeek ere nozituko dute, eta haietara ere gutxiago esportatzeko moduan izango dira Gipuzkoako enpresak. Gaur egun, lurraldearen esportazioen bi heren EBra doaz, eta horien erdiak Frantziara eta Alemaniara.
Euroguneko periferian, txostenaren egileek espero dute Espainia atzeraldiaren ertzean geratzea, eta uste dute zuloan jarraituko dutela Portugalek eta Greziak. Azken herrialde hori da, txostenaren egileek diotenez, zorrarekin «arazo larria» duen bakarra, eta ez dute uste bere zor guztiei aurre egin ahal izango dionik. Joaqchim Scheide IfW institutuko ikerlariaren arabera, bankuek Greziari zorraren %21 barkatzeko akordoa «ez da nahikoa». Horregatik, «ezinbestekoa» iruditzen zaio Europako banku nagusiak hobeto kapitalizatzea, bereziki Greziaren zorra erosi dutenek. Edonola ere, bankuetan diru publikoa jartzen badute soilik aldi baterako izatea nahi du.
Alemaniako institutuen txostenari alde baikorragoak aurkitzerik ere badago. Batetik, Europako bankuek arazoak badituzte ez du luke eragin beharko Lehman Brothersen porrotak sortu zuen atzeraldi sakonik. Bestetik, konfiantzari buruzko erakusleek geldialdia erakusten duten bitartean, datu errealak hain txarrak ez direla dio txostenak. Adibide gisa industriaren produk- zioaren azken datua eman dute: abuztuan %1,2 igo zen uztailarekiko. Horrek erakusten du, txostenaren arabera, «politikoak gai badira zorraren krisiari konponbide bat bizkor topatzeko, giroak ere azkar egingo lukeela hobera eta harekin batera egoerak ere».
Asian ere sumatu dute
Baina eurogunetik urrunago ere ondorioak izaten ari da euroguneko krisia. NDFk ohartarazi du Asian eta Ozeanian ere hazkundea, sendoa izanagatik,moteltzen ari dela: %6,8koa espero zuen aurten, eta %6,3koa izango dela dio orain. Europara eta AEBetara gutxiago esportatuko dutela eta inbertsio gutxiago jasoko dutela uste du NDFk. Txinan sumatu dute esportazioen moteltzea. Irailean duela urtebete baino %9,8 baino gehiago saldu zion EBri; abuztuan, hazkundea %22,3 zen. EBtik eginiko inportazioen hazkundea ere bederatzi puntu jaitsi da. Adituen arabera, azken datu horrek erakusten du hurrengo hilabeteotan gehiago jaitsiko direla esportazioak, Txinak kanpoan erosten duenaren zati handi bat —mineralak, metalak edo konputagailuen txipak— eraldatu egiten duelako berriro kanpoan saltzeko.
Eurogunearen arazoak Alemania eta Asia motelarazten ari dira
Ikerketa ekonomikoko zortzi instituturen txosten bateratuak ez du erabat baztertu Alemania bera atzeraldian sartzeaGipuzkoako Merkataritza Ganberak iragarri du esportazioak gutxitu egingo direla
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu