Etxafuegorik ez dago —edo ez luke izan behar—, baina eurogunea krisiaren bigarren atzeraldia gero eta atzerago uzten ari den seinaleak ugaritzen ari dira.2013ko azken hiruhilekoak hazkundearen abiadura pixka bat azkartzea ekarri du, hirugarren hiruhileko pattal baten ondoren. Eurogunearen barne produktu gordina %0,3 hazi da aurreko hiruhilekoarekin alderatuz gero, eta %0,4, berriz, Europako Batasun osoan. Hirugarren hiruhilekoa da jarraian hazkunde tasa positiboarekin, baina lehenengoa, berriz, urte arteko hazkundearekin (%0,5).
Egia da euroguneko datu positiboaren zati handi bat haren bi motorrei zor zaiela. Alemaniak aurreikuspenak gainditu ditu 2013a itxi duen hiruhilekoan, eta %0,4 hazi da, esportazioei esker batez ere; eta Frantziak, berriz, hazkunderako bidean sartu dela berretsi du, BPGa %0,3 igota. Kontsumoa areagotu da François Hollanderen herrialdean, eta inbertsioak ere bere kopuruak hobetu ditu.
Baina egia da ere hazkundera itzuli direla beste bi estatu handiak: %0,3 hazi da BPGa Espainian, eta %0,1, berriz, Italian. Hego Euskal Herrian ere, %0,3ko hazkundea izan da.
Zuloan daude oraindik ere Grezia (-%2,6 urte arteko tasan) eta Zipre (%5,3 azken urtean), baina datu makroekonomiko hobeak egin ditu beste gaixoak, Portugalek: %0,5 hazi da azken hiruhilekoan eta %1,6 azken urtean. Besterik da haren egoera soziala, ez baitu hobera egiten.
Langabezia da, hain zuzen ere, hazkunde tasa txiki horren ifrentzua. Langabeziak %12ko tasan dago oraindik euroaren eremuan, eta, hazkunde txikiekin, soilik Alemania da gai zifra horiek hobetzeko, kasu askotan enplegu oso kaskarrekin bada ere.
Aurreikuspenak, ordea, duela hilabete batzuk baino hobeak dira, eta hasi dira herrialde batzuk iragarpenak igotzen. Alemaniak, esaterako, %1,8ko hazkundea espero du 2014. urtearen amaieran.
Eurogunearen gaineko laino beltzak pixka bat urrundu ditu hazkundearen datuak
Euroaren eremua %,0,3 hazi da azken hiruhilekoan, eta datu positibora itzuli da urte arteko tasan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu