Europa, jokoz kanpo Nexperiaren gatazkan

Herbehereetako eta Txinako gobernuen arteko haserrea berriz areagotu da. Nexperiaren txip hornikuntzaren etenak mundu osoko automobilgileei eragiten die eta ekoizpena eten dezake lantegietan.

Nexperiaren egoitza nagusia Nijmegenen, Herbehereetan. MARCEL KRIJGSMAN / EFE
Nexperiaren egoitza nagusia Nijmegenen, Herbehereetan. MARCEL KRIJGSMAN / EFE
Irune Lasa.
2025eko azaroaren 6a
15:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Desakoplamendu (decoupling) deitzen diote AEBek eta Txinak elkarren arteko mendekotasuna murrizteko luzera begirako planari, zeinak muinean zenbait sektore giltzarri dituen; besteak beste, txipen alorra. Alde batean, AEBak dira nagusi erdieroaleen diseinuan, eta ekoizpena berreskuratu nahi dute, hau da, prozesu osoa. Beste aldean, Txinak ere gauza bera nahi du, txip diseinatzaile estatubatuarren mendekotasuna gainditu eta berak diseinatu eta egin txipak, baita aurreratuenak ere.

Eta borroka, lehia, lasterketa, dibortzio dena delako horretan, bat-batean Europak bere burua jokalekuaren erdian topatu du, eta lanak izaten ari da kokatzeko. Egokitzapenerako arazo horien guztien erakusle egokia izan daiteke Nexperiarekin gertatzen ari dena.

Ematen zuen Nexperiako gatazka apaltzen ari zela, baina bi aldeen adierazpenak ozendu egin dira berriz, bai Herbehereetan eta bai Txinan.

Eta kezka piztu da berriz industriako hainbat alorretan. Esaterako, automobilgintzan, autoetarako transistore eta diodoetako txipen %40 hornitzen ditu Nexperiak, eta haren txipak erabiltzen dira ere beste hainbat tresna elektronikoetan.

Abiapuntua

Garai batean Phillips elektronika taldearen parte izan zen Nexperia, baina gaur egun Txinako Wingtech enpresarena da %100. Haren inguruko gatazka urriaren 12an piztu zen. Izan ere, merkatu guztiaren harrigarri, Herbehereetako Gobernuak Nexperia konpainiaren kontrola hartu zuen, Nijmegen hirian duen egoitza nagusian sartuta.

Amsterdamek egun hartan argudiatu zuenez, kezka zuen Herbehereetako konpainiatik teknologia transferentzia gerta ote zitekeen Wingtech konpainia nagusira. «Gaitasun horiek galtzea arriskua litzateke Herbehereetako eta Europako ekonomiarentzat», esan zuen. Xehetasun asko falta diren arren, askok AEBei begiratu zieten, Etxe Zuriaren eskua ikusi baitzuten interbentzioaren atzean.

%70

Txinako Nexperiaren ekoizpena. Nexperiaren txip gehien-gehienak, olatak, Europan egiten dira. Baina haien %70 Txinako hego-ekialdean, Dongguanen, paketatzen dira, eta han saldu banatzaileei. Txipen gainerako %30 Malaysian eta Filipinetan paketatzen ditu Nexperiak.

Etxe Zuriaren mende

Nexperiaren jabe Wingtech AEBen zerrenda beltzean dago joan den abenduaz geroztik, ustez «laguntza eman diolako Txinako Gobernuari erdieroaleak ekoizteko ahalmena luketen erakundeak erosten». Zerrenda beltz horretan egoteak esan nahi du AEBek mugatuak eta kontrolatuak dituela konpainia horietarako esportazioak.

Eta irail amaieran, Etxe Zuriak erabaki zuen kontrola konpainia horien filialetara zabaltzea, eta, hala, jabetzaren %50etik gorako filialak ere zerrendan sartu zituen. Beraz, Nexperia ere zerrenda horretara zihoan. Beharbada, hori oso kontuan hartu behar zen Herbehereetako Gobernuaren erabakia ulertzeko.

Wingtech, nola ez, haserretu egin zen Herbehereen erabakiarekin, eta oso haserre mintzatu zen horri buruz. «Aurreiritzi geopolitikoek bultzatutako gehiegizko esku sartzea» deitu zion interbentzioari, eta salatu zuen Nexperiako zuzendari ez-txinatarrak jabetzaren egitura indarrez aldatu nahian zebiltzala, eta, besteak beste, lortu zutela Herbehereetako epaitegi batek Wingtechen buruzagia Nexperiako administrazio kontseilutik kanporatzea. Wingtechek iragarri zuen Txinako Gobernuaren babesa bilatuko zuela.

Eta neurriak hartu zituzten Wingtechek eta Pekinek. Txinako Nexperiako lantegiak utzi egin zion Herbehereetatik zetozen eskariak eta aginduak betetzeari, eta Txinako Gobernuak Nexperiaren txipen esportazioak mugatu zituen, Europari begira baino gehiago, AEBei presio egin nahian zerrenda beltzetik ken zitzan jabetzaren %50etik gorako filialak. Eta txip sinple horien hornikuntza hankaz gora jarri zen mundu guztiarentzat.

EEUU TRUMP
Xi Jinpingen eta Donald Trumpen arteko bilkura, urriaren 30ean Hego Korean. ETXE ZURIA

Trump eta Xi

Funtsean, Txinak AEBen menera jokatzea leporatu die Herbehereei, eta neurri handi batean horixe berretsi zuten, nortzuk eta AEBek: Donald Trumpek eta Xi Jinpingek irailaren 30ean Hego Korean hitzartutako su-eten komertzial modukoaren ostean, Etxe Zuriak berak esan zuen Nexperiaren gatazka konponduta zegoela —besteak beste, AEBek ez dutelako zerrenda beltza filialetara zabalduko—.

Handik bi egunetara, azaroaren 1ean, Txinako Gobernuak jakinarazi zuen neurriak hartu zituela Txinako Nexperiak berriz hornikuntza lanari ekin ziezaion.

Baina barealdiak oso gutxi iraun du. Atzo arratsean, Herbehereetako Nexperiak jakinarazi zuen Txinako lantegia olatekin hornitzeari utzi diola; besteak beste, Txinatik ez dituztelako ordaintzen, eta ez omen delako lehen aldia.

Era berean, esan du ezin dituela kontrolatu Txinako lantegiaren produktuak entregatuko diren edo ez, eta noiz entregatuko diren. Nijmegenen ez dute fabrikazio prozesuen gaineko kontrolik; ondorioz, Herbehereetako Nexperiak ezin ditu bermatu urriaren 13az geroztik Txinatik bidalitako bere txipen kalitatea eta egiazkotasuna.

Eta Europa?

AEBen eta Txinaren kontuen erdian geratu da Europako Batasuna, lur arraroen esportazio mugekin gertatu bezala. Nexperiaren arazoaren erdian eta jokoz kanpo geratu da desakoplamendu prozesuen jokaleku berri honetan. Aurrez lur arraroekin egin bezala, Trumpen eta Xiren kontua izan da Txinako Nexperiaren hornikuntzaren arazoari konponbidea ematea, haiek hitzartu baitute nola egin. Bi auzi horietan, Europak ezer gutxi izan du esateko.

Ez da hori, ordea, agerian geratu den ahultasun bakarra. Ikusi besterik ez dago BMW, Volkswagen eta Europako beste automobilgile handiek Txinako hornikuntzarekiko mendekotasunari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.