Europak ebatzi du etxeko langileek langabezia saria jasotzeko eskubidea dutela

EBko Auzitegiak ondorioztatu du Espainiako araudian sexuaren araberako diskriminazioa egiten dela, arrazoi objektiborik gabe

Etxeko langile bat arropa luzatzen. DANI CABALLO / EFE.
jokin sagarzazu
2022ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Etxeko langileen araudia «diskriminatzailea» da, langabezia saria jasotzeko eskubidea ukatzen zaielako behargin horiei, gehien-gehienak emakumeak. Hala ebatzi du Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak. Epaimahaiak bere egin ditu auzitegiko abokatu nagusiak irailean aurkeztutako ondorioak. Hark egiaztatu zuen Espainian etxeko langileen %95 emakumeak direla, eta, beraz, neurri horrek «modu are negatiboagoan» eragiten diela haiei gizonezkoei baino.

Auzitegiak gogoratu du EBko herrialdeek sexuagatiko diskriminaziorik ezaren printzipioa errespetatu behar dutela euren gizarte segurantzako sistemetan eta, bereziki, langabezia sariak arautzeko orduan. Era berean, azpimarratu du ez dagoela arrazoi objektiborik etxeko langileak langabezia saritik kanpo uzteko, behargin horiek egiten dituzten lanek etxeetan edota partikularrentzako lan egiten duten gainerakoen «antzeko ezaugarriak» dituztelako. Vigoko (Galizia) epaile batek eskatu zion Europako auzitegiari gaiari buruzko ebazpena, 2019an etxeko langile batek langabeziagatik kotizatzea galdegin ondoren.

Hego Euskal Herrian 35.000 lagun inguru ari dira etxeko langile gisa kotizatzen Gizarte Segurantzan, baina sektore horretako langileak gehiago dira, milaka batzuek beltzean egiten dutelako lan —hirutik bat, sindikatuen arabera—. Bizkaiko Etxeko Langileen Elkartearen azken inkestaren arabera, lau langiletik hiruk orduren bat kotizatzen dute, eta 21 ordutik gora lan egiten dutenen artean %94 daude lege barruan lanean.

Lan baldintza «bereziak»

2011n onartu zuen Espainiak etxeko langileen araudia, kontraturik gabe ari zirenen milaka langileren egoera erregularizatzeko. Baina behargin horientzat estatus propio bat sortu zuen, etxeko langileen sistema berezia deritzona. Kotizazioa gaixotasun edota pentsio ordainsarietarako pilatzen da, baina ez langabeziarako. Horri gaineratu behar zaio etxeko langile asko legez dagokien baino gutxiago kotizatzen ari direla, hainbat elkartek azaleratu dutenez.

Horiek dira gabeziarik deigarrienak, baina baldintzak oro har besteren konturako edozein langilerenak baino okerragoak dira. Besteak beste, kaleratzeak ere merkeagoak jasotzen ditu araudiak: lan eginiko urte bakoitzeko hamabi laneguneko kalte ordaina, edo zazpikoa, kontratua 2011ko erreforma aurrekoa bada —gainerako lanpostuetan urteko 33 egunekoa izan ohi da—. Soldatari dagokionez, lanbide arteko gutxieneko soldata oso hedatua dago lanaldi osoko langileen artean. Eta lanaldiak ere ohi baino luzeagoak izaten dira: 60 ordutik gorakoak, lautik hirutan. Atseden orduak eta egunak ere ez dira kasu askotan errespetatzen, eta laneko segurtasunean ere gabezia asko atzeman dituzte sindikatuek.

Denbora gutxian bigarrenez jo du Europako auzitegiak Espainiako lan araudiaren kontra, sexu diskriminazioagatik. 2017an ebatzi zuen kontratu partzialen —asteko egun jakinetan aritzen direnen— langabezia saria baztertzailea dela emakumeentzat. Horretan ere frogatutzat jo zuen kontratu mota hori duten gehienak (%70-80) andreak direla. Kontratu horrek ahalbidetzen zuen Estatuko Lan Zerbitzu Publikoak (SEPE) lan egindako egunak bakarrik hartzea kontuan saria kalkulatzean, zenbat urtez aritu diren kontuan hartu beharrean.

Espainiak, Frantziak bezala, oraindik berretsi gabe dauka OIT Lanaren Nazioarteko Erakundearen 189 hitzarmena, eta horixe izan da etxeko langileen aldarrikapen nagusietakoa azken urteetan. Horrekin bat egiteak hainbat gai erregulatzera behartuko lituzke bi estatuak,baldintzak hobetuz, tartean langabezia saria jasotzeko eskubidea edota laneko osasunaren erregulazioa. Espainiako Gobernuak hori egiteko konpromisoa hartu du, baina oraindik ez du urratsik egin. Etxeko langileentzako langabezia sari bat sortzeko asmoa agertu du; ez du zehaztu zenbateko laguntza jasoko luketen, baina kotizazio oinarriaren %70ekoa izan litekeela aurreratu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.