Europak zartailua onartu du

Isunak jarri ahal izango dizkiete gehiegizko defizit, zor edo gastu publikoak dituzten herrialdeei, neurriak betetzen ez badituzteTrichetek eta Junckerrek asmoa kritikatu dute, azken erabakia politikoa delako

jakes goikoetxea
2011ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Eurogunean defizit, zor publiko eta gastu publikoa kontrolpean mantentzen ez dituenari, zartailuarekin mehatxu egingo diote. Jasotzekotan, kolpea poltsikoan jasoko du, isunen bidez. Isunak barne produktu gordinaren (BPG) %0,2koak izan daitezke. Diru asko. Espainiaren kasuan, 2.000 milioi euro inguru.

Herrialdeek daukaten edo espero duten dirua baino gehiago ez gastatzea da helburua. Eta ez daukaten dirua lortzeko mugarik gabe ez zorpetzea. Neurrigabeko desorekatik orekara pasatzea, zorraren krisi gehiago saihestea, azken finean.

Zor publikoaren kasuan erreferentzia BPGaren %60an jarri dute. Muga hori gaindituz gero, urtero gehiegizko zor publikoaren hogeiren bat murriztu beharko dute; bestela, zigorra jaso dezakete. Baita beren defizit publikoa BPGaren %3tik behera badago ere. Kasu horretan aringarria izango da, besteak beste, zor pribatuaren maila apala izatea.

Herrialde bat zigortzeko prozedura abian jarriz gero, BPGaren %0,2 dirutan jartzera behar dezakete, gordailu batean. Diru horrek interesak sortuko ditu. Defizit publikoa %3koa baino handiagoa izanez gero, interesak atxikiko zaizkio. Defizit edo zor publikoa gutxitzeko eskatutako neurriak aplikatzen ez baditu, ordain hori isun bihurtuko da. Neurriak aplikatzeari uko egiten jarraitzen badu, isuna handituko egingo da.

Barne desoreka ekonomiko larriak dituzten herrialdeei ere BPGaren %1 arteko isunak jarri ahal izango dizkiete, neurriak hartzen ez badituzte. Zigorrak ez dira automatikoak izango. Barne desoreka larrien barruan daude eraikuntzaren burbuilak, kontu korronteko balantzaren defizit handia, lehiakortasunaren galerak...

Dirua erreskate funtsera

Eta isunen dirua norentzat izango da? Diruak zor arazoak dituzten herrialdeentzako erreskate funtsa gizenduko du. Isunak jartzen badituzte: Europako Batzordeak zigorrak automatikoak izatea nahi zuen, baina herrialdeek epe bat izango dute defizit arazoak konpontzeko. Hori da asmoa. Orain Europako Legebiltzarrarekin negoziatu behar dute. Ekainerako nahi dute konpromisoa.

Baina zigorrak onartzeaz gain, zigorrak ezartzeko borondatea eduki behar da. Indarrean dagoen Egonkortasun Itunak baditu isunak, baina inoiz ez zaizkio inori jarri gehiegizko defizita edukitzeagatik. 2003an ia isunajarri zieten Alemaniari eta Frantziari, %3ko defizit publikoa gainditzeagatik; baina bi herrialdeek itunaren erreforma bultzatu zuten, ituna malgutu zuten eta isunik gabe geratu ziren.

Funtsean, bai lehen eta bai orain, erabaki politiko bat egongo delako isunen atzean. Europako Batzordeak egingo du zigor eskaera, baina Ecofinen onespena beharko du, hau da, Europako Batasuneko ekonomia eta finantza ministroena. Gehiengo kualifikatu batek baztertuz gero, proposamenak atzera egingo du.

Olli Rehn Gai Ekonomikoetarako komisarioarentzat «erreforma historikoa» da. Baita bere jatorrizko proposamena baino epelagoa bada ere. Datorren urtean bertan aplikatu nahi du, herrialdeen 2012rako aurrekontuak eta erreformak aztertzen dituztenean. Christine Lagarde Frantziako Ekonomia ministroarentzat ere erreforma historikoa da, «gobernu ekonomiko europarra lortzeko urratsa delako eta moneta batasuna osatzen duelako».

Gobernu ekonomikoa

Jean-Claude Trichet Europako Banku Zentraleko (EBZ) presidentea ez dute konbentzitu. Tricheten iritziz, ez da nahikoa krisiak saihesteko. Hain zuzen ere, herrialdeek zigorrak ez direlako automatikoak eta herrialdeek atzera bota ditzaketelako. Europako Legebiltzarrari zigor gogorragoak eskatu dizkio.

Neurri horien eta ostiralean onartutako Euroaren Itunaren atzean Europako Batasuneko gobernu ekonomikoa bateratzeko eta sendotzeko asmoa dago. Moneta politika bateratua bezala, politika bateratua edo, gutxienez, bateratuagoa izatea. Baina horrek esan nahi du herrialdeek boterea galduko dutela, eta ez daude kontrola galtzeko prest.

Horixe kritikatu du Jean-Claude Juncker euroguneko ekonomia ministroen taldeko buruak: «Herrialdeei azken hitza ematen badiegu, Euroaren Ituna hilda jaioko da». Europako Batzordeari eta Kontseiluari eskatu die men ez egiteko herrialdeen eskarien aurrean. Datorren asteko osteguneko eta ostiraleko goi bileran onartu nahi dituzte zorraren krisiaren kontrako neurri guztiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.