Europako Banku Zentralak (EBZ) %0,75era jeitsi ditu interes tasak, krisia aurre egiteko helburuz. Modu horretara, eurogunean diruaren prezioaren tasa historiako maila baxuenean dago; %1ean zegoen aurretik.
Finantza erakundeak bigarren erabaki bat iragarri du: bankuek EBZn gordailu gisa utzitako likidezia soberakinak ematen zuen interes atxikia ezabatu du; diruaren zirkulazioa areagotzeko. Orain arte EBZk %0,25eko interes ordaintzen zien bankuei EBZren kutxan dirua uzteagatik. Aurrerantzean ezer ez. Helburua bankuek EBZren kutxan dauzkaten 800.000 milioiak erabiltzea omen, EBZn edukitzea jada ez delako errentagarria.
Erabaki hauekin, Ingalaterrako Bankuak eta Txinako Herri Bankuak aurretik hartutako ibilbidea jarraitu du EBZk. Bigarrengoak, hain zuzen, %0,25ean utzi du gaur interes tasa.
Mario Draghi EBZko presidenteak prentsaurrekoa eman du neurrien gaineko xehetasunak argizeko. Draghiren esanetan, ekonomiaren hazkundea moteldu egingo da eta zalantzak areagotu. Inflazioa %2tik behera egotea espero du. Maileguen interes tasa jeitsi arren, azken hilabeteetan eskaera apala dela nabarmendu du Draghik, "eta beraz ezin dugu pentsatu maileguen kopurua handituko dela". Operazioen emaitzak ikusteko denbora behar dela nabarmendu du.
Espainia eta Italiako egoeraz galdetuta, Draghik esan du EFSF eta ESM erreskate tresnen dirua nahikoa dela egungo arazoentzat.