Ekonomia

Europako Batasuneko Barne Produktu Gordina %2,5 jaitsi da lehen hiruhilekoan

1995etik izandako jaitsierarik handiena da. Iazko datuekin alderatuta, BPGk %4,4 egin du behera. Alemanian lehen hiruhilekoan %3,8 jaitsi da eta Frantzian %1,2.

2009ko maiatzaren 15a
14:45
Entzun
Euroguneko eta Europako Batasuneko (EB) Barne Produktu Gordinak (BPG) lehen hiruhilekoan %2,5 egin du behera; horrenbestez, 1995etik izandako jaitsierarik handiena izan du.

Iazko lehen hiruhileko datuekin alderatuz gero, %4,6 jaitsi da BPG eurogunean eta %4,4 EBn, Eurostat Europako estatistika erakundeak jakinarazi duenez.

EBko estatu kideen BPG, oro har, jaitsi egin da, baina bereziki Alemaniako ekonomiaren atzeraldia da nabarmentzekoa. Izan ere, bertako BPGk jaitsiera historikoa izan du urteko lehen hiru hilabeteetan: %3,8koa. Europako ekonomia nagusia Bigarren Mundu Gerratik hona izandako krisi ekonomiko handienean dago hala, Alemaniako Estatistika Bulego Federalak emandako datuen arabera.

Hiruhilekoak kontuan hartuta, laugarrenez egin du behera BPGk Alemanian. 2008ko lehen hiruhilekoarekin alderatuta, %6,7 jaitsi da. Esportazioek izandako beherakadak eragin du kolpea. Han alor horrek garrantzia handia du.

Frantzia atzeraldian sartu da

Frantzian bigarren hiruhilekoz BPG jaitsi egin da, bertako estatistika etxeak jakinarazi duenez eta, ondorioz, atzeraldian sartu da. Aurtengo lehen hiruhilekoan zehazki %1,2 egin du behera Barne Produktu Gordinak.

Christine Lagarde Frantziako Gobernuko ekonomia ministroak adierazi duenez, "datu txarrak finantza eta ekonomia krisiaren ondorioz etorri dira", eta aurten BPG "%3 inguru" eroriko dela aitortu du. Gaurdaino, %1,5 jaitsiko zela esan izan du. 1975ean eta 1993an izandako atzeraldia gaindituko luke aurtengoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.