Glovok beste zigor bat pilatu du bere zorro horian. Europako Batzordeak 329 milioi euroren isunak jarri dizkie hari eta haren jabe den Delivery Herori. Janari prestatuaren banaketaren sektorean kartel bat osatzea leporatu die. Bi konpainiak 70 herrialdetan baino gehiagotan aritzen dira.
Delivery Herok Alemanian du egoitza, eta 2022ko uztailean erosi zuen Kataluniako Glovo. Batzordeak gogoratu duenez, sektore bereko enpresa batek bestearen parte izatea edo osorik kontrolatzea ez da legez kanpokoa, baina bai bien artean estrategia bateratu bat adostea sektoreko gainerako lehiakideei kalte egiteko.
Eta hori da, hain justu, egin zutena. Bruselak zehaztu duenez, Delivery Hero Glovoko zuzendaritza batzordean duen tokiaz baliatu zen konpainiaren erabakietan eragiteko eta informazio garrantzitsua lortzeko, hala nola estrategia komertzialak, prezio politikak, kostuen egitura eta produktuen ezaugarriak. Gainera, bi konpainiek merkatu geografikoak banatu zituzten, biak batera ari zirenetan euren arteko lehia saihesteko, edo bat bakarrik ari zenetan edo batek nagusitasuna zuenetan, hari kalte ez egiteko.
Halaber, hitzartu zuten batek ez zituela bestearen langileak erakarriko edo kontratatuko, banatzaileak edo rider-ak izan ezik. Lehia komisario Teresa Riberak nabarmendu duenez, lehen aldia da Batzordeak langileen trukearekin loturiko halako erabaki bat zigortzen duena. Glovok, bestalde, zigor ugari jaso ditu autonomo faltsuekin lan egiteagatik.
Orain, Europako Batzordeak 105,7 milioi euroko isuna jarri dio Glovori, eta 223,3 milioikoa Delivery Herori. Halako kasuetan, Bruselak ezin du enpresen fakturazioaren %10 baino handiagoa den isunik jarri, horregatik ez da handiagoa Glovori ezarritakoa.
Ohar batean, Delivery Herok onartu du legea urratu duela eta emaitza aurreikusia zuela. Ikerketan legez kanpoko praktikak egin izana aitortu zuten; hori dela eta, %10 murriztu diote isuna.