Europako Batzordeak gaur aurkeztu du etorkizuneko finantza krisiak kudeatzeko eta bankuen batasunaren lehen urratsa egiteko proposamena. Europako Batzordeak nahi du bankuek ordain dezatela beren erreskatea, ez herrialdeek.
Horretarako, herrialde bakoitzak bankuak erreskatatzeko funtsak edukitzea nahi du. Herrialde horretako finantza erakundeek dirua jarri beharko dute funtsean. Atzo ez zuten zehaztu zenbat. Hamar urte izango dituzte dirua biltzeko. Zenbat? Babestutako gordailuen %1. Herrialdeek aukeratu beharko dute gordailuak bermatzeko funtsak eta funts berria bateratzea edo biei aparte eustea.
Herrialdeek, beharrezkoa balitz, funts horien bidez elkarri lagundu beharko liekete bankuak erreskatatzeko. Funtsek ezingo dute diruaren erdia baino gehiago utzi. Ez da eurogunerako funts bakarra, baina bai funtsen sarea.
Proposamenaren beste berrikuntzetako bat da finantza erakundeek beren burua erreskatatu beharko dutela, bail-in deitua. Finantza erakundeek porrot eginez gero, lehentasunik gabeko hartzekodunek galerak onartu beharko dituzte.
Michel Barnier Barne Merkatuko komisarioak gaur prentsaurreko batean adierazi du "serioski" aztertu behar dela zuzenean bankuak birkapitalizatzeko erreskate funts bat sortzea. Espainiari dagokionean, erabaki bat hartu aurretik "diagnosi zehatz bat" izatea funtsezkotzat jo du.
Mario Draghi Europako Banku Zentraleko presidenteak ere bide beretik egin du, eta erreskateari buruz hitz egin aurretik, lehenik bankuetan zenbat diru behar duten jakin behar dela azaldu du. Horrekin batera, urratsak eskatu dizkie agintari politikoei eurogunearen batasun prozesuan.
Europako Banku Zentralak interes tasei %1ean eutsi die gaur, espero bezala.
Atzo, G7aren bilera
G7koen finantza ministroek telekonferentzia bidezko bilera egin zuten atzo, euroguneko arazoei buruz hitz egiteko, Greziaz eta Espainiaz batez ere. Eurogunearen batasun fiskalaz eta finantza batasunaz hitz egin zuten, AEBetako Altxorraren arabera. G20koek hilaren 18an eta 19an egingo dute hurrengo bilera, Mexikon.