Europako funtsak

Europako funtsetatik 538 milioi euro iritsiko dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoara

Pedro Azpiazuk esan du Jaurlaritzak eta erkidegoek eragin ahalmen oso txikia izan dutela banaketa baldintzetan. Uste du erkidegoei banatutako funtsak, oraingoz, gehiago daudela lotuta susperraldi ekonomikoarekin, transformazioarekin baino.

Pedro Azpiazu eta Jordi Campas, gaur goizean Bilbon. IREKIA
Irune Lasa.
2021eko irailaren 22a
15:49
Entzun

Europako funtsen banaketaren uneko argazkia eman dute Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak eta Jordi Campas Europako Funtsetarako sailburuordeak; azaldu dute orain arte zenbat diru banatu den eta nola, eta halaber zer espero duten banatzeko gelditzen diren diruez.

Espainiak eta Europako Batasunak 2021-2023ko aldirako hitzartutako 70.000 milioi euroren laguntzetatik erdiak, 35.000 milioi euro, erkidegoetarako transferentzia bidez banatu behar dira, eta beste 35.000 milioi euroak Espainiako Estatuak zuzenean banatuko ditu. Espainiak aparteko beste 70.000 milioi euro jaso ditzake Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismotik, baina horiek maileguak dira, eta oraingoz ez dago zehaztuta zenbat hartuko diren, ezta nola banatuko diren ere.

Dagoeneko, Espainiako Estatuak erkidegoetara aldi osorako egin beharreko transferentzien %40 inguru banatu dira (14.214 milioi euro), eta horietatik 538 milioi euro kudeatuko ditu EAEk. Ekonomia sailburuaren ustez, kopuru horrek «agerian uzten du banaketa kohesio irizpideen arabera egiten ari dela», hots, politika publikoen garapenean posizio erlatibo hobea duten erkidegoen, «hala nola Euskadiren» kaltetan. 538 milioi euro orain arte banatutako diruen %3,78 dira, eta EAEko ekonomiaren pisua gutxi gorabehera %6,2koa da Espainiako ekonomiarekiko.

Eragin ahalmenik gabe

Sailburuak gaitzetsi du transferentzia horiek kudeaketa agindu bidez egin dituela Espainiako Administrazioak, eta esplikatu du erkidegoek oso ahalmen txikia eta kasu batzuetan batere ez dutela izan laguntza horien diseinuan eta banaketa baldintzetan, «nahiz eta erkidegoen eskumenen esparruan garatu beharreko jarduerak izan». Laguntzen zenbatekoak, haiek jasotzeko irizpideak, guztia lotuta iritsiko da Jaurlaritzaren eskuetara, zeinaren zeregina soilik kudeaketa eta betearazpena izango den.

Erkidegoetarako transferentzien banaketa, edonola ere, ez da homogeneoa izaten ari, Jordi Campas sailburuordeak azaldu duenez. Programa batzuetan aldi osorako laguntzak banatu dira, hots 2021-2023 artekoak, baina beste batzuetan soilik 2021. urterako banaketa egin da (horrek ez du esan nahi aurten gauzatu behar direnik). Urte baterako esleipen horietako batzuen oinarrian, Campas sailburuordearen ustez, betearazpenaren jarraipena dago. «Kasu askotan, hurrengo urteetarako banaketa erkidegoek 2021eko laguntzekin erakusten duten betearazpen mailaren araberakoa izango da».

Pedro Azpiazuk esan du, orobat, Eusko Jaurlaritzari aditzera eman zaiola «betearazpen pizgarriak» izango direla. «Osagaien [programen] mugarriak eta konpromisoak betetzen dituzten erkidegoek funts gehiago jasoko dituzte hurrengo ekitaldietan Bruselan onartutakoa betetzen ez dutenek baino».

Transferentzia horiek orain artean erakutsitako izaera ere kritikatu du Pedro Azpiazuk. Haren ustez, funts horiek jasoko dituzten helburuek ez dute izaera transformatzailea. «Gehiago lotzen dira susperraldi ekonomikoarekin, Espainiako ekonomiaren beharrezko eraldaketarekin baino».

Estatuaren laguntza zuzenak

Ekonomia sailburua itxaropentsuago agertu da Espainiako Administrazioak zuzenean kudeatuko dituen Europako diruekin. 35.000 milioi euro horiek lehia erregimenean egindako deialdien bidez bideratuko dira, batzuk Estatuko Aurrekontuetako ohiko funtsetarako deialdiekin, beste batzuk ESEPE ekonomia suspertzeko eta eraldatzeko proiektu estrategikoen bidez. 35.000 milioi horietatik, Azpiazuk azaldu du 3.300 milioiren inbertsioak egin direla proiektu estrategikoetan, baina Jaurlaritzak oraindik ez daki bide horretatik zenbat diru iritsiko den EAEra.

Zuzeneko laguntza horietara aurkez daitezke tokiko erakundeak, familiak, enpresak, zentro teknologikoak eta unibertsitateak. Eta deialdi horien diseinuan parte hartze handiagoa izateko aukera ikusten du Eusko Jaurlaritzak. «Espero dugu ateratzeko falta diren deialdiek gehiago eta hobeto erantzutea funts horiek ekonomia osoaren gainean izan behar duten izaera eraldatzaileari», esan du Azpiazuk.

Campasek adibidea jarri du, nola ibilgailu elektriko eta konektatuari lotuta jada aurrekontuetatik diru bat banatu den, adibidez Moves3rekin. «Baina oraindik ibilgailu elektrikoaren inguruko deialdi handien diseinua falta da, bateriena eta abar. Transformatzaileagoak izango diren deialdiak diseinatzeko fasean gaude oraindik, hala nola ibilgailu elektrikoarekin eta hidrogenoarekin».

Campasen uste du urte honen amaierara arte edo hurrengoaren hasierara arte itxaron beharko dela deialdi handi horiek iristeko, izaera eraldatzaileagoarekin lanketa handiagoa eskatzen dutelako. Eta Azpiazuk gaineratu du bitartean etengabe daudela ministerioekin harremanetan, haien diseinuan Euskadi Nexten jasotako proiektuek izan dezaketen bidea lantzeko.

Mugarriak

«Betearazpenak ezarri zaizkigun epeetan egitea». Jordi Campas Eusko Jaurlaritzako Europako Funtsetarako sailburuordearen ustez, berebiziko garrantzia izango du laguntzen helburuak betetzen joateak. Aitortu du Jaurlaritzak ez dakiela zein den Espainiako Gobernuak Bruselarekin negoziatutako mugarri eta helburuen egutegia. Laguntzen xehetasunak ezagutzen diren heinean jakingo dira proiektu eta laguntza bakoitzerako bitarteko eta amaierako betebeharreko mugarriak. Haiek betetzen diren ala ez adi egongo da Brusela: «Haiekin ebaluatuko gaituzte administrazio guztiak, izan erabakitzaileak, izan soilik betearazleak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.