Ekonomia

Europako Justizia Auzitegiak opor fiskalen kontrako epaia eman du, legez kanpokoak direla ebatzita

Europako araudia urratzen dutela argudiatu du, eta atzera bota du defentsak aurkeztutako helegitea. Sozietate zerga ordaindu ez zuten enpresek dirua itzuli beharko dute, ez baitago helegite gehiago aurkezteko aukerarik. Diputazioek diote enpresek dirua itzulia dutela.

2011ko ekainaren 9a
18:59
Entzun

Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak opor fiskalen kontrako epaia eman du, zehazki, sozietate zergari dagokionaren aurka. 1993an onartutako neurri horiek eta Europako lehiakortasunaren araudia ez direla bateragarri argudiatu du, eta atzera bota du Europako Batzordeak 2001ean hartu zuen erabakiaren kontra Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa aldundiek aurkeztutako helegitea. Ez dago helegite gehiago aurkezterik. Martxoan izan zen epaiketa.

Helegitean defentsak zioen Europako Batzordearen opor fiskalen gaineko prozesua asko luzatu zela, eta horrek pentsarazi ziela opor fiskalekin arazorik ez zela izango. Luxenburgoko epaileek, ordea, erantzun diete eurak izan zirela prozesua luzatu zutenak "neurrien berri eman ez zutelako eta lagundu ez zutelako". Azpimarratu du, gainera, Europako Batzordeak azkar erantzun ez izana ezin zela ulertu onespen moduan. Forma akasak ere atzera bota ditu.

Opor fiskalak hiru neurri izan ziren, eta sozietate zergari dagokiona, zehazki, 1993an eta 1994an sortu ziren enpresa berrien aldeko neurria izan zen. Neurri horren arabera enpresa horiek lehen hamar urteetan ez zuten sozietate zerga ordaindu behar. Laguntza hori legez kanpokoa dela ebatzi du Luxenburgoko Auzitegiak, eta dirua itzuli egin beharko dute orduan laguntza hori jaso zuten enpresek.

Erredakzio desberdinak

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiek esan dute Europaren erabakiak ez duela eraginik izango, enpresek epaia eman aurretik diputazioei itzuli zielako dirua. "Enpresek arduraz jokatu zuten", esan du Jose Luis Cimiano Arabako Ogasun diputatuak gaur.

Patxi Lopez Jaularitzako lehendakariak aldundiei egotzi die bere garaian ez zutela bideratu arazoa. "Horregatik, kontua larritu egin zen eta orain milioi askoko isuna jaso da".

Aralarren ustez, opor fiskalen kontrako epaiak Hego Euskal Herriko autonomia fiskalaren kontra egiten du.

Confebask patronalak iragarri du sozietate zerga ordaindu ez zuten enpresek orain ordukoa ordaindu behar badute, hainbatek itxi egin beharko dutela. Haren arabera, gainera, enpresek zuzen jokatu zuten, "garaiko legedia bete zutelako".

ELA sindikatuak ohartarazi du enpresek langileen kontura ordainduko dutela.

Isun handia eskatu zuen Europako Batzordeak

Opor fiskalen beste bi neurriez aurrerago erabakiko du Justizia Auzitegiak, horien kontrako erabakiaren aurka ere helegitea aurkeztu baitzuten Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako aldundiek. Horiengatik Espainiari jar diezaiokeen isuna handia izan daiteke.

Europako Batzordeak eskatu zuen azken erabakia eman eta bete arte igarotzen den egun bakoitzeko 236.044 euroko isuna izatea, eta beste 25.817 lehen erabakia eman zenetik azken erabakira arte igaro diren egun bakoitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.