PIGS laburdura adimentsua bezain iraingarria asmatu zutenean, Italiari eman zioten I hura ordezkatzeko ohorea. Haren ondoan zeuden Portugal (P), Grezia (G) eta Espainia (S), Europa hegoaldeko herrialde parrandazaleak, beti olibondoen azpian lo kuluxka egiteko prest. Zorraren krisia lehertu zenean, ordea, Irlandak hartu zuen Italiaren lekua, eraikitzaileen diruzalekeriak, bankuen arduragabekeriak eta gobernuaren konplizitateak nahiko meritu egin zituztelako zerrien zerrendan lekua hartzeko. Orduz geroztik eta azken astera arte, Silvio Berlusconik beste gai askorekin prentsari eman dizkion lerroburuengatik edo, Italia nahiko oharkabean igaro da, finantza merkatuen hurrengo biktima izateko nahiko arrazoi badituen arren.
Arrazoien artean lehena zor publiko erraldoia da. Greziak bere kontu publikoei buruzko egia esaten hasi aurretik Italia zen zorraren liderra Europan. Iaz BPG barne produktu gordinaren %119 zor zuen Italiako Estatuak, 1,8 bilioi euro. Mundu osoan gehien zorpetuta dauden estatuetatik zortzigarrena da. Aurretik dituen bakarrak dira Japonia, Saint Kitts eta Nevis, Libano, Zinbawe, Grezia, Islandia eta Jamaika. Aurten %120,3ra helduko da. Eta hori pagatzeko urtero ehunka milioi euro joaten zaizkio, aurrekontuaren %10 gutxi gorabehera.
Arazoa, gainera, ez da berria. Maastrichteko Ituna bete eta euroa diru gisa onartzeko berez %60ko zorra izan behar zuten gehienek estatuek, baina Bruselak datu horri ezikusiarena egitea erabaki zuen, besteak beste, Italiarentzat ezinezkoa zelako kopuru horretara hurbiltzea ere: 1992-2006 epean, batez beste, barne produktu gordinaren %111,8ko zorra izan du Italiako Estatuak.
Hazkunde motela
Arrazoi soziopolitikoez gain, bada zorra hain handia izatearen beste bat: EBko gainontzeko estatuek ez bezala, Italiak ezin izan du azken hamarkada eta erdiko hazkunde zikloa baliatu... ia-ia hazkunderik ez duelako izan. Azken hamarkadan EBn gutxien hazi den herrialdea izan da Italia. Mundu osoan, Zinbawe eta Haiti soilik hazi dira gutxiago.
Krisiak, gainera, oso gogor jo du: 2008an %1,3 uzkurtu zen ekonomia, eta 2009an %5,2, nazioarteko merkataritzaren etenak bete-betean harrapatu baitzuen munduko esportatzailerik handienetan zazpigarrena. Europan Alemaniak eta Frantziak baizik ez dute esportatzen Italiak baino gehiago.
Dena ez da txarra, noski. Batetik, Italiako Estatua leporaino zorpetuta dagoen arren, bere herritarrak eta enpresek ez daukate hainbesteko zorrik. Etxebizitzaren inguruko burbuilarik ez da izan Italian, eta, horren ondorioz, hango familien zorra BPGaren %42koa zen 2009an, Espainiakoen erdia esaterako.
Langabeziak gorantz egin du azkenaldian, baina, hala ere, EBko batez bestekotik behera dago: maiatzean, %8,4koa zen Italian, %9,3koa Europako Batasunean eta %9,9koa euroaren eremuan. Ekonomiari buruzko giro ezkorra, ordea, oso hedatuta dagoela erakusten du duela gutxi ateratako inkesta batek. Horren arabera, bost italiarretik bakarrak igaroko ditu oporrak etxetik kanpo; iaz bitik bat izan ziren.
Murrizketa atzeratuak
Eta zer egin du Berlusconiren gobernuak egoera hori ikusirik? Erreformak atzeratu. Giulio Tremonti Ekonomia ministroak ekainaren amaieran aurkeztu zuen larrialdiko aurrekontuak defizit publikoa 51.000 milioi euroan murrizteko zenbait neurri proposatzen ditu. Horri esker, oraingo defizita —BPGaren %4,6koa iaz— zerora txikitu nahi du 2014rako. Arazoetako bat da aurrezkiaren zatirik handiena epe horren amaieran egingo dela: 2.000 milioi aurten, 6.000 milioi 2012an, 18.000 milioi 2013an eta 25.000 2014an. Kasualitatea edo, legegintzaldia 2013an da bukatzekoa, eta agian 2012an, Berlusconi aliaturik gabe geratzen ari delako.
Tremontik proposatu dituen zenbait neurri gogorrak dira: emakumeen erretiratzeko adina 60 urtetik 65era atzeratuko dute, sendagilearenera joateagatik ordaindu beharko dute herritarrek, sektore publikoan irakasle gutxiago izango dira, 2014ra arte ez dira langile publikorik kontratatuko eta soldatak izoztuko zaizkie. Pentsio handienak ere izoztuko dira, eta zenbait zerga igoko dira, horien artean BEZa. Zerga iruzurrari ere helduko diola agindu du Tremontik. Urtero 150.000 milioi eurok ihes egiten diote hortik Erromari.
Europako oharkabeko gaixoa
Zor publiko erraldoiak eta hazkunde txikiak erreskatea jasotzeko hautagaien artean jarri dute Italia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu