Javier Coleto. Tecnaliako adimen, mugikortasunaren estrategia arduraduna

«Europan erabiltzailea da automatizazioaren ardatza»

Coleto ziur da ibilgailu gero eta autonomoagoak iritsiko direla, baina bitartean Tecnalian mugikortasuna seguruagoa izaten laguntzen duten trantsizioko teknologiak garatzen ari dira.

GORKA RUBIO / @FOKU.
inaut matauko rada
Donostia
2023ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Gidaririk gabeko ibilgailuek amets hutsa ziruditen duela urte batzuk, zientzia fikziozkoak, baina amets hori etorkizuneko egia bihurtzen ari dira teknologia berriak. Javier Coleto Tecnaliako adimen mugikortasunaren estrategia arduradunak (Madril, 1967) uste du sistema automatizatuagoek mugikortasuna seguruagoa izatea laguntzen dutela.

Harritu al zaitu Forden iragarpenak?

Ez, mugikortasuneko enpresak oso berritzaileak baitira Espainian. Automozioaren sektoreak garrantzi handia du, gainera, eta eraginkorrago eta seguruago gidatzeko modua ematen duten gero eta teknologia gehiago iristen ari dira.

Eta Espainiako Gobernuaren baimenak?

Ezta ere. DGT Espainiako Trafiko Zuzendaritza Nagusia errepideko segurtasuna hobetzen laguntzen duten sistemak dakartzaten egitasmoak bultzatzen ari baita.

Guk harreman ona dugu DGTrekin, Tecnalian proiektu asko baititugu ibilgailuetan teknologia berriak gehitzeko. Ez soilik hiriko mugikortasunean, baita aire bidezkoan eta bestelakoetan ere. Sistema berriren bat probatu behar dugunean DGTra jotzen dugu, entseguak egiteko baimenak eskatzeko.

Halako gero eta teknologia gehiago ikusiko al ditugu?

Bai, dudarik gabe. Esan dezakegu gidatze autonomorako bidearen beste urrats bat izan dela Fordena.

Zer-nolako harremana du autoak azpiegiturekin?

Lan lerro ezberdinak daude. Europan dagoen joera nagusia errepideak ere adimendunak izatea da. AEBetan, adibidez, bestelakoa da egoera, ez baitute bilatzen etorkizuneko ibilgailu autonomoak azpiegiturarekin konektatuta egotea.

Europako estrategia mistoa da: autoetan teknologia aurreratuak txertatzen dira, baina baita azpiegituran ere. Beste leku batzuetan negozioa lehenesten da, baina Europan erabiltzailea da automatizazioaren ardatza.

Zer dela eta?

Uste dugu garrantzitsua dela azpiegitura ibilgailuekin komunikatzea, eta autoen arteko dialogoaz gain autoen eta errepidearen arteko dialogoa ere garatzea. Hala, mugikortasun automatizatuko ekosistema seguruago bat sortuko dugu, errepideak berak lagunduko baitio ibilgailuari posizionatzen eta zer egin behar duen erabakitzen.

Tecnaliaren lerroetako bat ere bada mugikortasun automatizatua. Zertan zabiltzate azkenaldian?

Mugikortasun guztiz automatizatuaren trantsizioa da gure apustu handienetako bat. Erabateko automatizazio horretara iritsi arte, ibilgailuak urrundik maneiatzeko teknologiak txertatzen ari gara. Hau da, ibilgailua pertsona batek gidatuko du, baina gidari horrek ez du zertan ibilgailuan egon.

Gainera, ibilgailu horiei adimen maila bat ematen diegu, konexio arazorik balego bere erabaki propioak hartzeko.

Probarik egin duzue?

Urruneko gidatze hori platooning teknologiarekin batu dugu. Hainbat ibilgailuz ostatutako konboi bat da; lehena urrunetik dago gidatua, eta gainontzekoek lehenak egindakoari jarraitzen diote.

Teknologia hori oso garatua dugu, eta maila komertzialera eramaten ari gara jada, Umiles Next bazkidearekin.

Ba al duzue beste lan lerrorik?

Irizarrekin autobusen eta markesinen arteko harremana garatzen ari gara, autobusa geralekura iristen ari denean geldialdia lasaiagoa eta zehatzagoa izan dadin. Zaragozan probatzen ari gara.

Bestalde, autobusaren eta markesinaren arteko harremanarekin, gidariak jakin dezake ea zenbat jende dagoen zain, edo gurpil aulkian dagoen norbait dagoen, arrapala aurrez prestatzeko.

Malagan ere egin duzue probarik, ezta?

Bai, autobus automatizatu batekin gurutzaontzietako bidaiariak hiriaren erdigunera eraman nahi genituen, baina pandemiagatik herritarrekin egin genuen proba. Hasiera batean bazen beldurra zuen jenderik, baina probatu ostean egindako inkestetan ikusi genuen oso onarpen maila handia izan zuela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.