Mubileko zuzendaria

Igor Villarreal: «Europan ez dago Mubil Center bezalako lekurik»

Mubilek bihar inauguratuko du Zubietan eraiki duen egoitza berria. Villarrealek dio mugikortasunaren arloko enpresei lehiakorragoak izaten lagunduko diela, eta erreferente bihurtu daitekeela.

Igor Villarreal Mubilen egoitza berrian, Zubietan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Igor Villarreal Mubilen egoitza berrian, Zubietan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Paulo Ostolaza.
Donostia
2025eko maiatzaren 11
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Mugikortasun jasangarriaren eta adimentsuaren industriari lehiakorrago izaten laguntzea. Hori da Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako Mubil fundazioaren helburua, eta aurrerantzean azpiegitura hobeak izango ditu horretarako: bihar inauguratuko dute Zubietan (Donostia) eraiki duten 9.700 metro koadroko espazio berria, Mubil Center. Iazko uztailetik dabil egoitza berrian lanean Igor Villarreal zuzendaria (Donostia, 1972).

Zertarako da eraikin hau?

Eragile guztiak leku berean elkartu eta mugikortasunaren inguruko proiektuak garatuko diren espazio bat sortzeko. Mubil Centerren hiru laborategi ditugu, baita hamar enpresa ere, eta parke teknologiko berean sektoreko beste zenbait ikerketa zentro eta enpresa ere badaude. Horrela, elkarlana sustatu nahi dugu, eta ekosistema honetan daudenak lehiakorragoak bilakatzea.

Zein arlotakoak dira laborategiak?

Batean, bateriak garatuko dituzte; beste batean, trakzio elektrikoa, eta, azkenekoan, hidrogenozko pilak. Enpresei lagunduko diegu euren produktuak diseinatzen, eta emaitza lehiakorrak lortzen. Mubilen helburua da berrikuntzaren inguruko ekosistema bat sortzea, tamaina ezberdineko eragileekin: izan daitezke start-up-ak, enpresa txiki eta ertainak edo enpresa handiak. Guztien lehiakortasunari egin nahi diogu ekarpena.

Proiektua ez da Zubietara mugatuko, ordea.

Ez, ez. Hemen egiten den lanak balioko du fisikoki bertan egon ez arren gure ekosistemakoak diren enpresak indartzeko.

Eraikina erabat prest dago?

Bai, erabat. Aurreko uztailean lekualdatu ginen hona Mubileko langileok, eta lehen laborategia ere, bateriena, martxan dago ordutik. Orain estreinatuko dugu eraikinaren bigarren fasea, trakzio elektrikoaren laborategia eta hidrogenozko pilena. Baita enpresen bulegoak ere.

«Lehiakor izateko bi modu daude: gauzak gainontzekoek baino merkeago egitea edo berritzaileak izatea. Eta prezioan ezin garenez lehiatu, berrikuntzan sinesten dugu guk»

Enpresa horiek guztiak Euskal Herrikoak dira edo nazioartekoak ere badaude?

Batzuk Euskal Herrikoak dira; start-up-ak ere badaude, eta kanpotik datoz bi. Nahasketa bat izatea nahi dugu.

Euskal Herrian oso baldintza egokiak omen ditugu mugikortasunaren arloan erreferente bilakatzeko. Hala da?

Bai, zenbait abantaila ditugu. Esaterako, formakuntzan. Gaur egun, industriak arazo handiak ditu langile kualifikatuak lortzeko eta talentua erakartzeko, eta hor ondo kokatuta gaude. Bestetik, hornitzaileen industria oso indartsua da hemen. Eta, azkenik, unibertsitateetan eta ikerketa zentroetan garapen teknologiko oso aurreratua dugu. Hiru faktore horiek egiten gaituzte erakargarri.

Erreferente bihurtzeak zer esan nahi du?

Aukera profesional handiagoak izango ditugula, baita enpresa arloan ere. Atzerriko jendea erreferente diren lekuetara mugitzen da, eta ateak ere irekitzen dizkizu kanpora zoazenean. Laborategiak garrantzitsuak dira helburu hori lortzeko.

Zergatik?

Europan ez dagoelako horrelako lekurik. Hiru laborategi horiek enpresak dauden espazio berean daude, sekulako ingurunean. Ate asko zabalduko dizkigute.

Orduan, badago aukerarik mugikortasunarekin lotutako teknologietan aitzindari izateko?

Bai, bai. Mugikortasunaren sektorea asko aldatzen ari da sozialki eta teknologikoki mundu osoan, eta Mubilen bitartez hemengo enpresei aukera eman nahi diegu hurrengo urteetan ere punta-puntakoak izateko.

Aipatu izan duzu Mubilek mugikortasunaren arlo guztiak jorratzen dituela. Zer esan nahi duzu horrekin?

Mugikortasunaz hitz egiten dugunean beti jotzen dugu autogintzara, eta ez dira kotxeak bakarrik. Gurekin badaude beste sektore batzuetako enpresak ere, nitxokoagoak direnak: autobusak egiten dituztenak, trenak, mikromugikortasunarekin dabiltzanak… badaude lan esparruak autogintzatik kanpo. 

Arlo horietako zeinetan dira bereziki indartsuak Euskal Herriko enpresak?

Oso hornitzaile onak ditugu. Enpresa handientzako produktuak egiten dira hemen. Autobusen, trenen eta bizikleten sektoreetan ere indartsu gaude.

«Autogintzan arriskuak dauden moduan, aukerak ere badaude»

Baina badago kezka autogintzako hornitzaileen egoerarekiko. Mubilek lagunduko die enpresa horiei etorkizunera egokitzen?

Bai. Horretarako dira laborategiak, enpresa horiek produktu berriak garatzeko, eta, bereziki, probak egin eta produktuak baliozkotzat jotzeko. Elkarlana sustatzeak ere xede bera du: berritzaileak izatea. Lehiakor izateko bi modu daude: gauzak gainontzekoek baino merkeago egitea edo berritzaileak izatea. Eta prezioan ezin garenez lehiatu, berrikuntzan sinesten dugu guk.

Guztia helburu horretara ari zarete bideratzen, beraz.

Bai. Arlo ugari ari gara lantzen. Euskadi ibilbide profesionalak garatzeko leku egokia bilakatzea nahi dugu, eta ekintzaileei erraztasunak ematen dizkiegu. Enpresei etor daitekeena aurreikusten ere laguntzen diegu. Aztertzen dugu zer gertatzen ari den nazioartean, nola ari den aldatzen merkatua… Enpresa asko buru-belarri dabiltza euren egunerokoan, eta ez dute nahi adina denbora izaten epe luzera begiratzeko. Hor sartzen gara gu. Tamaina guztietako enpresei balio erantsia eman nahi diegu.

Autogintzan agerikoa da Txina aurrea hartzen ari dela azken urteetan. Sektoreak badu etorkizunik hemen?

Arriskuak badaude, merkatua asko aldatzen ari da, eta hori argi esan behar da. Bitxia izan zen 2023. urtean gertatu zena: Europan gehien saldu zen autoa Tesla bat izan zen. Horrek bi gauza esan nahi ditu; bat, Europakoa ez den auto bat saldu zela gehien, eta bi, elektrikoa izan zela. Badakigu Teslarekin zer gertatzen ari den orain, baina txinatarrak datoz, eta estrategia ezberdinekin, gainera. Horretara moldatu behar dugu, baina arriskuak dauden moduan, aukerak ere badaude. Euskal Herrian frogatu dugu badakigula gauzak ondo egiten, eta horretan jarraitu behar dugu, baina berritzaileak izan behar dugu, eta elkarlana sustatu.

Jasangarritasunaz behar baino gutxiago hitz egiten dela diozu.

Donald Trump iritsi zenetik ematen du agendatik desagertu dela kontu hori, gerra komertziala dela garrantzitsuena, baina jasangarritasuna gakoa da. Aldaketa teknologikoari buruz ari gara hizketan, baina hori klima aldaketaren eskutik dator. Zabaldu beharreko mezu bat da. Eta arazoari begiratzen ez badiogu ere, hor jarraituko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.