Beste hitzordu historiko horietako bat du Europako Batasunak datorren igandean. Europako zorraren krisiari eta haren azken aldaerari —bankuen kapitalizazio beharrari— behin betiko irtenbidea proposatzeko bilduko dira Bruselan EBko gobernuburuak. Sortutako ikusmina apaltzen saiatu zen atzo Alemaniako Gobernua. «Hartuko diren neurriek astelehenerako dena konponduko dutela pentsatzea ameskeria da», esan du Steffen Seibert bozeramaileak. Haren arabera, «epe luzerako bidean urrats garrantzitsuak egingo dira», baina aurrerago gehiago beharko dira.
Seibertek ez du aurreratu zein konponbide proposatu diren, baina mahai gainean izango dira Greziaren zorraren zein zati barkatu beharko duten bankuek, eta nola egingo zaion aurre lehen neurri horrek bankuetan sortuko duen zuloari. Goi bileraren atarian bilduko dira finantza ministroak, neurriak adosteko.
Bulegoetatik kanpo ere joko asko egongo da. Larunbatean kontinenteko ehunka hirietan ikusitako haserretuen mobilizazioen oihartzuna artean ez da isildu, eta protestetako askok jarraitu egiten dute.
Grezian, urriko bigarren greba egingo dute bihar eta etzi. Beste sektore batzuetako langileak ere protestara deituta daude, hala nola, zabor biltzaileak, garraio publikoetakoak, kazetariak, irakasleak, abokatuak, taxi gidariak, sendagileak. Guztiek buruan izango dute Atenasko gobernuak onartu duen azken neurri sorta beste 7.200 milioi euro biltzeko. Aparteko sariak kenduko dizkiete sektore batzuei, errenta zerga ez pagatzeko muga urtean 12.000 euroko irabazietatik 5.000 eurora jaitsiko dute, 750 euroko gutxieneko soldata ez ordaintzeko aukera emango dute, eta 30.000 langile publiko kalera botako dituzte. Giorgos Papandreu Greziako lehen ministroak «batasuna eta erantzukizuna» erakusteko eskatu zien alderdi politikoei. Oposizioaren aldetik laguntzarik izango ez duenez, Pasok bere alderdiaren barruko disidenteei zuzendutako mezua izan zen.300 kideko parlamentuan 154 diputatu ditu Pasokek, baina batzuren sostengua ez da ziurra.
Atzo zabaldu zenez, Atenasek BPGaren %10,6ko defizitarekin amaitu zuen 2010 eta zorra BPGaren %144,9, aurretik uste zutena baino bi puntu gehiago. Datorren urteko aurrekontuetan zorra BPGaren %172,7ra helduko dela kalkulatu du gobernuak.
Greba Portugalen ere
Portugalen ere greba orokorrera deitu dituzte herritarrak bi sindikatu nagusiek, CGTPk eta UGTk. Zein egunetan izango den bihar dute jakinarazi behar. Bien arteko desadostasunak alde batera utzita —CGTP alderdi komunistari lotua dago eta UGT sozialistari—, bi sindikatuek iazko azaroaren 24ean egin zuten lehen deialdi bateratua, eta jarraipen zabala izan zuen. Orduan bezala oraingoan ere, gobernuak hartutako neurriak salatuko dituzte sindikatuek.
Hain zuzen ere, atzo Pedro Passos Coelho Portugalgo lehen ministroak bere aurrekontu proiektua parlamentura eraman zuen atzo. Ekonomia beste %2,8uzkurtuko dela eta langabezia %13,4ra igoko dela diote.
Hartuko diren neurrien artean, deigarriena da funtzionarioak, enpresa publikoetako langileak eta pentsiodunak udako eta Gabonetako aparteko saririk gabe geratuko direla datorren urtean, betiere mila eurotik gorako soldata badute. BEZa igoko dute, etxebizitza erosteagatik emandako zerga hobaria eta beste batzuk txikituko dituzte, jai egunak gutxituko dituzte eta enpresa pribatuei aukera emango dietela lanaldia ordu erdiz handitzeko haren truke gehiago pagatu gabe.
Europan, kale edo bale
Igandeko goi bileratik krisiaren konponbidea ez dela itxaron behar ohartarazi du Alemaniako Gobernuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu