Europar Kontseiluak Txinarekin hitz egiten jarraitzeko eta neurriak prestatzeko ere agindu dio Bruselari

EBko herrialdeak oraindik ez dira guztiz ados jarri Txinarekiko desorekei neurri gogorragoekin erantzuten hasi edo ez. Ekain bukaeran, Wang Wentao Txinako Merkataritza ministroa Bruselan izango da.

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea eta Antonio Costa Europar Kontseiluko burua, atzo, Bruselan. OLIVIER HOSLET / EFE
Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea eta Antonio Costa Europar Kontseiluko burua, atzo, Bruselan. OLIVIER HOSLET / EFE
Irune Lasa.
2026ko ekainaren 19a
08:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Europako orduetarako berandu hasi zen lan afaria Bruselan, eta, gainera, Europar Kontseiluetan halakoetan ohikoa den baino sekretismo handiagoarekin joan zen jatordua. Gaia delikatua zen: Txinarekiko merkataritza harremanak, eta handik datozen produktu oso lehiakorrek EBko hainbat industriatan eragiten ari diren kalteak. 

Ia ziur, hitz egin zuten Txinak egin dezakeenaz ere. Zenbait hedabideren arabera, Ursula Von der Leyenentzat bilerak tenperatura hartzeko balio izan zuen, neurtzeko blokeko herrialde bakoitza zenbateraino dagoen prest, edo moduan, Txinaren erantzun posibleei aurre egiteko.

Oraingoz ez dago oso argi herrialde zenbaitek zer jarrera hartuko duten. Batez ere ez da jakin zer esan zuen Friedrich Merzek, Alemaniako kantzilerrak. Dirudienez, ez dira erabat ados jarri Txinaren lehiari erantzun gogorrago bat ematen hasteko, baina aukera hori baztertu ere ez da egin. 

Afalostean hainbat iturrik azaldu dutenez, blokeko ekonomia eta merkataritza dibertsifikatzen jarraitu behar dela azpimarratzeaz gain, herrialdeek erabaki dute bi agindu ematea Europako Batzordeari. Batetik, Pekinekin hizketan jarraitzeko esan diote Von der Leyeni, EBren segurtasunaren eta ekonomiaren defentsan. Bide horretan, ekainean Bruselara joatekoa da Wang Wentao Txinako Merkataritza ministroa, Maros Sefcovic Europako Batzordeko Merkataritza komisarioarekin biltzera.

Bestetik, Kontseiluak merkataritza babesteko eta industria politikarako tresna kaxa zabalago bat diseinatzeko enkargua eman dio Batzordeari, EBk horiek prest izateko, beharrezko baditu.

Hauek dira azken egunetan kaxa horretarako aipatu izan diren tresna batzuk:

1

Oraingo neurriak

Gaur egun esku artean dituen neurriak aplikatzen jarraitzea. EBk 33 ikerketa zabaldu zituen 2024an lehia desleialagatik, eta beste 30 iaz produktu jakin batzuen inportazioen gainean. Horietan guztietan, ikerketa egin behar izaten da, produktuz produktu, frogatzeko ea bidegabeko estatu laguntzarik edo dumping-ik izan den.

Baina prozedura horiek guztiek denbora asko behar izaten dute; gehiegi, adituen ustez, babestu nahi den industria babestera garaiz iristeko.

Gainera, OCDEren ikerketa batek erakutsi zuen moduan, Txinako Estatuaren laguntza zuzenez gain, Txinako konpainiek beste laguntza asko bankuen bitartez jasotzen dituzte, merkatukoak baino kreditu dezente merkeagoen bidez. Eta horiek askoz ere zailagoak eta korapilatsuagoak izan daitezke ikerketa batean frogatzeko.

2

Zorrotzago aritu

Beste aukera bat da orain arteko neurriak aplikatzea, baina zorrotzago eta zabalago. Hor badago itogin handi bat: adibidez, EBk ibilgailu elektrikoen gaineko muga zergak jarri ostean, %155 handitu zen Txinatik eta askotan enpresa berberetatik zetozen ibilgailu hibridoen kopurua. Hortaz, muga zergak hibridoetara zabaltzea aukera bat litzateke EBrentzat.

3

Babes neurriak

Babes neurriak ezartzea: esan nahi baita, inportazio kuotak. Munduko Merkataritza Erakundearen araudiak ahalbidetzen ditu behin-behineko babes neurriak, inportazioren batek arriskuan jartzen badu tokiko industria. EBn, Txinaren lehiak kalte handiena egindako industrien alorrak babesteko erabiliko lirateke, hala nola kimika gaiak eta makina-erreminta.

Hori bai, orain arte, produktuka ezarri izan dira horrelako kuotak, eta batzuek nahi dute babesak sektore mailakoak izatea. Jite horretan, EBk kuotak ezarri dizkie Txinako altzairu inportazioei: 18,3 milioi tonatik aurrera, Txinatik iristen den altzairuak %50eko muga zerga du.

Berez, babes neurria ezingo litzateke soilik Txinari edo herrialde bati begirakoa izan. Edonola ere, teorian EBk aukera luke indarrean dituen merkataritza libreko akordioetako 76 bazkideak kuotatik libratzeko.

4

301 europarra

Brad Setser ekonomista estatubatuarrak eta Sander Tordoirrek (Center for European Reform) tresna berri baten beharra ikusten dute: babes neurri bigunen eta Hertsatzearen kontrako Tresnaren —bazooka esaten zaion neurririk zorrotzenaren— arteko zerbait izatea eskura. AEBen 1974ko Merkataritza Legeko 301 Atalaren antzeko zerbait litzateke, eta, ikerketa bat tarteko, ahalbidetuko luke sektore osoen inportazioei ezartzea muga zergak.

Setserren eta Tordoirren ustez, tresna hori malgu eta zehatz erabilita, Bruselak salgai eta sektorerik garrantzitsuenetan eragin ahal izango luke. Ez litzateke epe jakin batera mugatuta egongo, eta tresna egokia izango litzateke Txinarekin, adibidez, yuanaren balioaren inguruan negoziatzeko.

Bestalde, Batasunean bertan, dagoeneko abian dira prozedurak sektore jakin batzuk babesteko eta tokiko ekoizpenak sostengatzeko arau batzuetarako.

5

Dibertsifikazio tresna

Sektore delikatuetako Europako konpainiak behartzea gutxienez nazioarteko herrialde desberdinetako hiru hornitzaile izatera. Neurri horren bidez, denborarekin, Txinako lur arraroen eta txipen menpekotasuna apaldu nahi du EBk.

6

Bertakoa lehenestea

Tokikoa lehenesteko legedia ezartzea da prestatzen ari den beste aukera bat; besteak beste, kontratazio publikoetan. Diru laguntzak izateko ere, sektore batzuetan produktuen parte handi baten jatorria EBko herrialdeak izatea da asmoa. Hori da, adibidez, Industrial Accelerator Act legean jaso nahi dena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE